Euskal agenda

Adi lagun! Agenda google calendar tresnaren bidez egin dugunez, gaztelaniaz ikusiko da Googlek euskaraz jarri arte

Agenda osoa ikusi nahi izanez gero hemen klikatu

Euskarazko ekitaldiren bat antolatuz gero, emaiguzu horren berri agenda@karrikiri.org helbidean #euskalagenda

Nabigatu euskaraz

Hizkuntza aukeratu
eta barre egin

Google Translateren bidez web gune hau beste hizkuntza batzuetara itzuli ahal izanen duzu

Karrika 158. 2012ko apirila

 

KarrikadantzaBildu Karrikadantzara!!

Oharkabean heldu da primadera eta harekin batera duela zenbait hilabete eten genuen Karrikadantza ekimena ere bai. Eguraldi ona iristearekin bada, berriro elkartuko gara Mercaderes karrikan, euskal musika eta dantzez elkarrekin gozatzeko. Zaldiko Maldikok, Nafarroako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Karrikiri elkarteak iaz sortutako ekimenaren bueltan jende andana bildu zen iragan urtean eta aurtengoan ere, eguraldiak laguntzen badigu, giro bikaina izanen delakoan gaude, beraz animatu parte hartzera. Eta gogoratu ez dela dantzari profesional edo aditua izan behar, dantzatzeko irrikitan dagoen edozein laguni zuzenduta dago. Beraz, gogoan hartu hitzordua; apirilaren 21ean arratsaldeko 6,30ean Mercaderes Plazan. Eta ikasturte berria hastearekin batera, gainera, Karrikadantza kamisetaren kolore berriak salgai izanen ditugu 15 euroren truke. Bildu Karrikadantzara!!!

Eta dantzan aritu baino lehen mingainak astinduko ditugu berriro Karrisolasaren beste saio batekin. Oraingoan Josep Fernández Montolík Udaltop 2011 jardunaldietan aurkeztutako “Katalanaren aldeko estrategia berriak” gaia jorratzen duen hitzaldia hartuko dugu hizpide. Betiko moduan, solas patxadatsua egin eta iritzi elkartrukaketarako tartetxoa hartuko dugu, beraz gaia interesgarria baderitzozu, hurbildu Karrikiri dendara. Hitzordua heldu den apirilaren 18an izanen da 19:00etan. Eta gogoratu aztertuko dugun testu hori gure webgunean izanen duzula eskuragai: www.karrikiri.org

Eta eguraldi eguzkitsua hastearekin batera, Karrikiri elkarteko kideok “feriagintzari” ekinen diogu, gure denda mugikorra Euskal Herrian barnako hainbat ekitaldi eta festa bisitatuz. Martxoan Bardoak taldekako bertso lehiaketan aritu ginen eta apirilean, berriz, beste bi hitzordu ditugu: 22an Larragan ospatuko den Sortzen festa eta hilaren 29an Baigorrin eginen den Nafarroaren eguna. Animatzen gurekin etortzen? (Deitu Karrikirira edo igorri mezua bulegoa@karrikiri.org helbidera). Gora lana eta jarana!!.


Alberto BarandiaranAlberto Barandiaran. Kazetaria

Hegoaldeko hizkuntza komunitate gutxituekiko eragileekin lankidetza bultzatzen duen Garabide elkartean kolaboratzailea da Iruñean bizi den Alberto Barandiaran kazetaria. Haren bidez izan dugu duela bost urte Mondragon Unibertsitatearen inguruan sortutako elkarte honen lan interesgarriaren berri.

Zer lan egiten du Garabide elkarteak eta zeintzuk dira haren xedeak?
Garabide elkartea duela bost bat urte sortu zen, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatearen inguruan. Kezka batek abiatu zuen elkartea: Euskal Herrian euskararen berreskurapenerako egin den lana ez ote zen esportatzeko modukoa? Hau da, hemen egin diren ahaleginak, bildu diren esperientziak, eta erdietsi diren lorpenak, ez ote dira baliagarriak antzeko ahaleginetan ari diren beste herrientzako? Egia esanda, lankidetza linguistikoa ez da batere ohikoa. Ez hemen, eta ez atzerrian. Horregatik, gure esportagaia hizkuntza bera izatea beharbada harrigarria izan daiteke, baina esan behar da oso harrera ona izan duela. Zer egin dugun? Hona etorri diren Hego Amerikako eskualde askotako ordezkariei formazioa eman, eta guk han —bereziki Ekuadorren, Guatemalan, Kolonbian eta Perun— proiektuak bultzatu, beti ere hango hizkuntz gutxituak sustatu, bultzatu eta aitzinatzeko helburuarekin. Horrekin batera, materiala sortzeari ekin diogu, gure esperientzia nolakoa izan den azaltzeko.

Euskaldunon esperientzia beste hizkuntza gutxituekin partekatzeko asmoz liburu sorta eta bideo batzuk sortu dituzue. Argitaratutako hiru lehenengoetan euskararen berreskurapena eta hedabideak jorratu dituzue, eta laster hezkuntzari buruzko bat karrikaratuko duzue. Zer hedapen ematen diozue material horri? 
Liburuak eta dokumentalak euskaraz, espainolez, frantsesez eta ingelesez argitaratu ditugu. Orain arte, bereziki Hego Amerikan zabaldu dugu lan hau, baina berriki bretoierara itzuli dute gure lehen liburua. Euskaraz ere zabalpen polita izaten ari da. Ohartu gara lana bereziki kanpora begira eginda ere, azkenean sintesi lan handia egin behar dela, eta gure esperientzia zabaldu ahal izateko gauzak zehatz eta garbi kontatu behar direnez, hemen ere harrera ona izaten dutela, ez daudelako gure esperientzia —dela euskararen berreskurapenean, dela hizkuntzaren estandarizazioaren ibilbidean, dela hedabideak sortzeko prozesuan— laburbiltzen duten lanak. 

Euskararen egoera zaila da eta bidea maiz malkartsua. Zertan laguntzen ahal diegu guk bestelako hizkuntza gutxituei? Eta beste hizkuntza gutxituek guri?
Gure laguntza transmisioa izan daiteke. Hau da, guk kontatu diezaiekegu gure esperientzia: nola eta zergatik abiatu ginen, nolakoa izan den bidea, non gauden gaur egun, zertan huts egin dugun, zertan asmatu dugun... Ez esan zer eta nola egin beharko luketen beren herrietan beren hizkuntza berreskuratzeko, baizik eta gurea kontatu. Eta garbi utzi: entzun edo irakurri duzun honetatik zerbaitek balio badizue, gu prest gaude, nahi baduzue, laguntzeko. Beste hizkuntzetako ordezkariekin izan dugun harremanari esker, bestalde, guk asko ikasi dugu, eta asko ikasten ari gara. Haiek egiten dizkiguten galderek ikuspegi berriak oparitzen dizkigute, eta beste esperientziak eta beste kezkak transmititzen dizkigute. Oso aberasgarria da.

Hasi zinetenetik zenbat herritan aritu zarete elkarlanean eta zer egitasmo mota bideratzen dituzue?
Esan bezala, hainbat herrialdetan aritu gara lanean, baina iaz bereziki Ekuadorren ibili ginen, Imbabura eta Chimborazo eskualdeetan, hango gazte talde bat komunikazioan aritzeko formazioa ematen. Gazteek gidoiak eta dokumentalak kitxuaz egiteko formazioa jaso zuten, formazio teknikoa batez ere. Gure aldetik, oso garbi transmititu genien zer garrantzitsua den beraien istorioak kitxuez kontatzea, eta ez espainolez. Proiektu arrakastatsua izan zen: dozena erdi bat dokumental ekoitzi dira, denak kitxuaz. Ekuadorren, lehen aldia da horrelako zerbait lortzen dena.
 
Zeintzuk dira etorkizunera begira Garabide elkartearen erronka nagusiak?
Etorkizunari begira, Garabidek sendotu beharra dauka, talde gisa. Oso proiektu interesgarriak ditugu esku artean, baina elkartea gaztea da, esperientzia hartzen ari da poliki-poliki, eta gure helburu nagusia da identifikatzea toki edo eskualde bat non lan iraunkor eta jarraitua egingo dugun. Iaz udaberrian zehar Eskoriatzan egin genuen hizkuntzen berreskurapenerako adituen titulua finkatu nahiko genuke, eta sortzen ari garen materialarekin amaitu. Eta, batez ere, hizkuntzak herrien garapenerako daukan garrantzia ahalik eta toki gehiagotara transmititu.


komikia 158


bertsolaria niri?Bertsolari niri?…
Patziku Perurena. Idazlea
 
Hunkigarria zela zinetan, eta merezi zuela joatea, bertsolaritza barrendik zer den ikusteko bakar bakarrik. Eta herrira bertara ekarri dutelako joan naiz atzenean. Oso oker ez banaiz 23 lagun gara, gehienak emakumeak, 2012ko ilbeltzaren 13an, gaueko hamar terdiak punttuan, Leitzako zinean BERTSOLARI ikusteko ilunpean eserita
gaudenak.
Bukatu da. Pelikula baino dukumentu panfletarioa iruditu zait. Gutxi goiti beheiti, aldez aurretik espero nuena. Baina, zehatzago esan dezaket: onkeriazko panejiriko nazionala. Bai, izan urriko izenputz harroen bila teman gabiltzan honetan, nik uste BERTSOLARI jarri beharko geniokeela izena Euskal Herri gaixo ezindu honi.

Maialenek: emakume umorea falta duela oraino bertsolaritzak. Baita BERTSOLARI honek ere. Dena sakon, tragiko, trastzendental egin zait. Hil ala biziko: amildegi ertzean, akrobaziaren bertigoan… Nolabait esan, euskal martiriologia ekarri dit gogora. Badirudi gure ezin guzien, herri honen ezin guzien salbadore gurutziltzatu bihurtu dela bertsolaria, orain 50 urteko etar haren ordezko azken heroe salbatzaile hitz hutsezkoa, akziorik gabeko hitzaren mago atzenputz demokrata, eta gainera etorkizunera proiektatzeko produktu moderno gisan saldu nahi zaiguna. Ederregia egia, ez balitz inguruan eraiki montaje izugarriak apainegitzen duela berez soil eta xaloa zen bertso/bertsolari/entzule arteko efimerotasun hura.

Sarasuak ongi dio: bertsolaria, hitza ahoan beste tresnarik gabe, artista soil bapatekoa baino ez dela. BERTSOLARI ordea, horren antitesia da. Hizketa xalo kantatu babesgabe horren inguruan egindako muntaia sekulakoa. Edo beste modu batera esan: hizketa eder pasakor jostari hori bera baino, hori puzteko eta magnifikatzeko erabiltzen den tresneria trajiko eta artifizio subliminala bera dela, ikusentzulea liluratzen edo xoratxen duena. Baita gaurko bertsolaritza salbatzen duena ere: bertsoa bera barik, bertsoaren inguruko muntaia erraldoia.

Orain bertsolaria antiheroi omen, lagunarekiko errukitsu den sortzaile. Berak baino, beste batek jantzirik zapela, pozikago Egaña. Konplejoren bat azpian, agian?... Baina, Iturriagak holako zerbait dio, Sarasuak berak ederresten duena: “oholtza gaineko larrialdian onik atera dena, etxerakoan jainko ttiki sentitu”. Lete zenari leitu diodan hauxe neure kontrapuntu: “oholtza gainean jainko, baina gero etxerakoan idiota sentitzen ginen”.  BERTSOLARI egileei txoil ahaztu zaiena, guri ere.

Orixeren Euskaldunak zaharkitu hura, gaiztakeriarik gabea omen zela eta, kejo omen ziren gerrondoko gure iraultzaile modernoak. Nik esanen nuke Orixeren hartan baino askoz ere onkeria eta kristaukeria apaindu gehiago duela egungo euskaldungo jatorraren sinbolo unibertsal izan nahi duen BERTSOLARI honek. Dena sakrifizio, dena trantze, dena arrisku, dena elkarlan, dena altruismo, dena jator, dena harrigarri, dena liluragarri, dena haundi, den dena on on on puskakeria.

Egañak ikerle zientifikoari llolloan (Etxenike gogoan?) : zer aterako den ez dakigula ikerketan arriskatu… Baliteke. Baina ez al genekien bada, azken puntua isilean gordeta kantari hasten denak, atzenean zertsu aterako den badakiela? Eta orain entzefalogramekin hasi duten zirkoarekin, hobeki jakinen dugu, jakina.

Eta uka! Mirarien miraria: atzekoz aurrera ari omen bertsolaria! Etxea teilatutik hasiko bagenu bezala! Eta mundua harri euskaldun bertsotuokin!... Baina nork hasi munduan zimentuak, aldez aurretik teilatua nolatsu joango den jakin gabe?... Edo nor hasi edozein gauza egiten, aldez aurretik helburua garbi samar eduki gabe?... Eta uka! Bertsolariak harrigarriena horixe omen dizula: bertsoa helburu jakin batetik (azken puntutik) hastea. Horra gure sofisma sekulakoa, munduko jakintza guzia ahozabal omen daukaguna!...
Eta jakinen bazenu nolako algarak, sofisma hori edertzeko hainbeste atzera eta aurrera ikusten hasi nintzenean BERTSOLARI zoragarrian!... Gero ni nagoela esanen ditek erotua! Bo bo!.. Eta benga berriz ere,  Maialen eta Egaña atzeraka, eta jende guzia aurreraka kaleak betean… Eta benga berriz ere, Zarauzko hondarretan olatuak, harat honat, zurezko eserleku hutsak bustitzen. Eta gizajoa ni, algarari ezin eutsiz ilunbetan, Quosque tandem-eko argudio sekulakoak muinetan igeri nituela, Zulaika amerikartuaren garantia unibertsalduan… Kar kar kar kar!
 
Ilunpeko barre zoroari esker, alderdi on bat aurkitu diot atzenean BERTSOLARI gureari. Denbora/espazioen aspaldiko joko posmodernoa: makro/mikroen edo magno/nanoen arteko joko bipolarra:  nork denborarik ttipienean egiarik haundiena esan. Olinpiadetako marken traza hartzen diot gaur bertsoa sortzen duen tresneria mediatikoari. Alderdi horretatik, bete betean kunplitu da Amurizaren lema: hitzaren kirol nazionala bihurtu baita bertsolaritza, euskararen kirol olinpiko bakarra, bere kontzentrazio, isilaldi, tentsio, denbora rekor eta teknika subliminal puztu bidezko emozio aurrefabrikatuak barren. Meryl Streep saritu berriak esana: “ez dit batere onik egiten artea kirolaren kategoriaraino igotze honek“. Eta niri? Guri?

 

EranskinaTamaina
karrika 158.pdf493.17 KB

Iruñeko UdalaEusko JaularitzaUdalbide-Udalbiltza

 

 


Karrikiri. Iruñeko Euskaldunon Topagunea
Xabier karrika, 4. 31001. Iruñea. Tel. 948 225 845