Denda birtuala

Denda birtuala

Euskal agenda

Adi lagun! Agenda google calendar tresnaren bidez egin dugunez, gaztelaniaz ikusiko da Googlek euskaraz jarri arte

Agenda osoa ikusi nahi izanez gero hemen klikatu

Nabigatu euskaraz

Hizkuntza aukeratu
eta barre egin

Google Translateren bidez web gune hau beste hizkuntza batzuetara itzuli ahal izanen duzu

Karrika 156. 2012ko otsaila

 

Karrikiri euskal denda on lineMartxan da Karrikiriren onlinde denda!!

Otsoen hilean sartzeaz gain, sagardo, txuletoi eta inauteri sasoia ere bada hasi berri dugun hilabete hau. Gure inguruko mendi kaxkoak txuritzen hasi dira jada –ez sobera oraindik- eta Karrikiri elkartean pozez txoratzen gaude berri on bat dakarkizuegulako oraingoan ere. Izan ere, hilabete dexente jo eta fuego lanean aritu ondoren, Karrikiri elkarteak bere online denda martxan jarriko baitu hilabete honetan bertan. Hau gustua!!

Esan bezala, Karrikiriko hainbat kidek eginiko lan eskergak egin du posible –esker mila guztiei!!- eta jada ikusgai eta erabilgai duzue denda.karrikiri.org helbidea. Zer aurkituko duzue bertan? Bada, Karrikiriko euskal dendan eskuragai dituzuen hainbat eta hainbat produktu, esaterako: liburuak, disko eta DVDak, haurrentzako jostailuak, euskal jantziak eta kaleko arropa, besteak beste. Horretaz gain, sarean aurkituko duzuen gure saltoki berrian alor ezberdinak jorratzen dituzten atal bereziak izanen dituzue, hala nola: Bertsolaritza, Irrien lagunak, Karrikadantza, Soziolinguistika eta Euskara ikasten. Eskaintza oparoa eta, jakina, etxetik erosteak duen erosotasunarekin. Hau pagotxa! Eta PayPal ordaintzeko sistema seguruaren bermearekin, gainera. Probatu nahi? Bada, sartu jada denda.karrikiri.org helbidean eta probatu; oso erraza da. Ez ahaztu, gainera, gure Iruñeko dendan gertatzen den moduan, salmentetatik ateratako etekin guztiak elkarteak bideratzen dituen zerbitzuak sustatzeko erabiliko ditugula. Erosketa on!!!

Eta txuletoia eta sagardoa dastatzeaz gain, pentsatzeko parada ere hartuko dugu hilabete honetan Karrisolasaren beste saio batekin. Izan ere, hilaren 15ean 19:00etan eginen dugun sesioan “Norberaren hizkuntza bestearenaren gainetik dagoela aldarrikatzea da nazionalismoa” izenburua duen artikulua hartuko baitugu hizpide; Juan Carlos Moreno Cabrera Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleari “Administrazioa Euskaraz” aldizkarian argitaratutako elkarrizketa alegia. Asmoa, betiko moduan, guztion artean solas aske, sakon eta atsegina lortzen saiatzea. Gure webgunean aurkituko duzu informazio gehiago. Animatzen?


Lorea Arburua
Lorea Arburua
Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragilea

Bardoak 2012 taldekako txapelketa martxan jarri du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Martxoaren 31 bitarte proposamen berritzailea eskaini nahi du ekimen berri honek eta gu Lorea Arburu, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eragilearekin solasean aritu gara horren berri eman diezagun.

“Bardoak 2012 ekimenak bertsolaritzaz gozatzeko bestelako molde bat eskaini nahi du”

Nafarroako Bertsolari Txapelketa gurean euskaraz egiten zen kultur ekitaldirik inportanteenetako bat da.
Zer dela eta erabaki duzue aurten ez egitea?

Hausnarketa prozesu bat abiatu genuen Elkartean orain dela urte batzuk eta azkenean iaz hartu genuen erabakia: banakako txapelketa bi urtetik behin egitea, eta txapelketa hori ez den urteotan bestelako ekimen bat martxan jartzea. Nafarroako Bertsolari Txapelketak asko ematen die bertsolaritzari eta euskal kulturari, baina hartu duen molde eta tamainagatik oso inportanteak diren beste helburu batzuk ezin ditu bete.

Banakako txapelketa ez, baina taldekakoa antolatu duzue. Zer da Bardoak 2012 ekimen berria?
Hasiera batean zerbait xumeagoa antolatu behar genuela uste genuen, baina azkenean egundokoa muntatu dugu! Ehun parte-hartzaile daude 17 taldetan. Horietatik, 51 bertsolariak dira, inoiz baino dezente gehiago. Eta saio kopuruan ere izugarrizko gorakada ekarri du Bardoak 2012k, bi hilabetetan 24 saio antolatu baititugu Nafarroan barna.

Zeintzuk dira Bardoak 2012k dituen nobedade nagusiak?
Asko dira. Lehenik eta behin, taldeen osaketa. Hiru bertsolari daude talde bakoitzean, ahal izan denean eskualde edo inguru berekoak. Baina horiekin batera, talde bakoitzak gai-jartzaile/aurkezle eta taldeko ordezkari bat du. Gutxienez bosteko taldeak, gero nahi adina laguntzaile. Hortik aurrera, nobedade asko aurkituko ditu bertsozaleak: saioak puntuatzeko sistema, bertsolariek egin beharreko lanak, saioen ezaugarriak, bertsokera...

Taldekako txapelketa da, baina zuek taldeari txapelketari baino garrantzi handiago eman nahi diozue.
Bai, dudarik ez da Txapelketa bat dela, hiru fasetan egingo da, eta parte-hartzaile guztiek nahi izango dutela irabazi edo sikiera martxoaren 31ko finalean kantatu. Baina ekimen honek beste filosofia bat du atzean, eta lehia hutsez harago dauden beste helburu batzuk bete nahi ditu.
Besteak beste, bertsolaritzaz gozatzeko beste modu bat eskaini nahi diogu bertsozaleari, elkarte giroko saioetan, diferenteak, kalitatezkoak, hurbilak eta ahal dela ogi eta ardoz lagunduta.
Txapelketa baten gisara dago antolatuta, eta hala izanen da, baina ekimen honek beste kontu inportantea lortu nahi du, Nafarroako bertsolaritza bizi-bizirik dagoela erakustea.

Azken urteotan Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala ezinbesteko hitzordua bihurtu da euskaldun askorentzat, eta iaz Iruñean egin zen. Aurten ez da halakorik egongo?
Bai, argi dugu hori ez dugula galdu behar, Nafarroako bertsolaritzarentzat zein euskal kulturarentzat hitzordu oso inportantea baita. Bardoak 2012 Leitzan amaituko da martxoaren 31n, bertan hiru talde arituko diren finalarekin. Baina ohi bezala, gure kulturaren festa egun handia izan dadila nahi dugu.

** Bardoak 2012 taldekako txapelketari buruzko informazio osoa:

www.bardoak.com


komikia 156


Irudia 156Alaitasuna kutsatzen
Jabier Zabaleta. Orioko Udaleko euskara teknikaria

Bizitzan iristen da garai bat, edozein konturi buruz hizketan hasi eta konturatzen zarena den-dena orain dela hogeita bost urte gertatu zela: ikasketak, parrandak, ez dakit nora egindako bidaiak, maitasunezko harremanak, aurreneko lanak… Horixe ari zait gertatzen niri azken aldian, gero eta sarriago. El abuelo Cebolletas sentitzen naizela esango nizueke; baina, seguruena, horren aipamena egiten badut, zertaz demontre ari naizen arrastorik ere ez duzue izango gehienek eta bego, beraz, horretan.

Orain dela hogeita bost urte, esate baterako, urtero joaten nintzen sanferminetara; ikasleen opor luzeak nituen eta, Iruñean familia dudanez, ez nituen barkatzen uztaileko festak.
Garai hartan, jairik jai genbiltzala, aukera izan nuen Iruñerriko euskaltzale batzuekin harremanetan jartzeko eta gogoan dut nola miresten nituen haien kemena eta umorea. Bai festatan eta bai festaz kanpo, lanez lepo ibiltzen ziren beti, euskararen alorrean asko baitzegoen egiteko orduan ere; baina bazeukaten ezaugarri bat, harrezkero nire gogamenean nafartasunarekin betiko lotuta geratu dena: erraz eta erruz egiten zuten barre, eta kutsakorra zen haien alaitasuna.
Igual manifestazioan egingo zenuen topo haiekin (Vascuencearen legearen kontra egiten, konparazio batera, hori ere orain dela 25 urte onartu zen-eta); baina kantari ikusiko zenituen, umorea etengabe zabaltzen. Euskal Herri euskaldunaren bihotzetik nentorren ni, baina inbidia nien Iruñeko euskaltzaleei, haien bizipoz kriskitinari.

Harrezkero, euri dezente egin du eta, azken urteotan, pixka bat apartetik bizi izan ditut Iruñeko euskaltzaleen bozkario zein kalamidadeak. Barcinaren urteetan-eta erremediorik ez duen anaia koitaduari bezala erreparatu izan diet zuen ibilerei. Interesez, beti; baina urrutiramendu halako batez ere bai, sarri.

Aurten, ordea, aspaldiko partez, aukera izan nuen sanferminetara ostera etortzeko, eta, lehengusinak gonbidatuta, parte hartu nuen Karrikirik antolatutako atun janeko festan, Iruñeko eta inguruetako euskaltzalez inguratuta. Egun ederra pasa genuen. Hogeita bost urte atzera egitea bezala izan zen niretzat eta pozik itzuli nintzen etxera, Iruñeko euskaltzaleen garrak piztuta segitzen duela ikusita. Zaildutako euskaldun koadrila ikusi nuen han, larre motzean hazitako haziendaren kastakoa, gogoz ekinean eta irribarrea beti ahoan. Garai bateko tankeran, pozez uztartzen dituzte gaur egungo euskaltzale nafarrek ere euskararen aldeko lan militantea eta jaia, eta alaitasuna kutsatzen segitzen dute orduan bezalaxe.

Probintziakoak, badakizue, barregarri samarrak gara askotan eta serio arraio aritzen gara lanean, gipuzkoar jaiotzearen zama zeremonia handiz daramagula; barren-barrenean, joera dugu pentsatzeko gurean jokatzen dela, batez ere, euskararen partida eta, seriotasun plantak eginez, patuak gure bizkar jarri duen karga hori onartu eta nafarrak leziatzeko asmoz etortzen gara maiz, misiolariak indigena artera bezala. Nik, ordea, zeremoniak utzita, misiolariaren abitu beltza erantzi eta zuen arteko indigena izan nahi dut berriro, orain dela 25 urte bezala, eta zuekin batera ozen abestu, Iruñeko alde zaharrean, euskaldun izatearen poza.

EranskinaTamaina
karrika 156.pdf484.78 KB

Iruñeko UdalaEusko JaularitzaUdalbide-Udalbiltza