Denda birtuala

Denda birtuala

Euskal agenda

Adi lagun! Agenda google calendar tresnaren bidez egin dugunez, gaztelaniaz ikusiko da Googlek euskaraz jarri arte

Agenda osoa ikusi nahi izanez gero hemen klikatu

Nabigatu euskaraz

Hizkuntza aukeratu
eta barre egin

Google Translateren bidez web gune hau beste hizkuntza batzuetara itzuli ahal izanen duzu

Karrika 86. 2005eko otsaila

 

Tokiko hedabideak, tokiko altxorrak

Euskal hizkuntza komunitateaz mintzo diren adituek diotenez, erabilera da hizkuntzaren kalitatearen oinarri eta, beraz, hizkuntza horren normalizaziorako ezinbesteko baldintza. Erabilera hori norberarengandik hasten baldin bada ere, beste hainbat eragile garrantzitsuk parte hartzen dute bere sustapenean eta horien artean, are gehiago informazioaren mendean bizi garela kontuan hartuta, hedabideak ditugu. Eta euskarari dagokionez, bereziki aipagarria da hizkuntzaren erabileran han eta hemen sortutako tokiko hedabideek egunez egun egiten duten ekarpena.
Azkeneko urteetan hainbat elkarte eta lagunen lan baliagarriari esker sortu eta indartuz joan diren tokian tokiko hedabideek euskararen erabilera esparruak zabaldu dituzte eta erreferentzia bilakatu dira euskal komunitatearentzat. Euren izaera herrikoiari eutsiz, hizkuntza komunitateko kideak komunikazio proiektu horien partaide bilakatu dituzte eta komunitate horren barne kohesioa indartu dute. Euskara ikasten ari direnei euskaltegitik kanpo euskararen mundua egon badagoela eta eurek ere horren partaide aktiboak izan daitezkeela erakusten diete. Euskaldun zaharrei euskarak egunez egun esparru berriak irabazten dituela agerian uzten diete. Finean euskaldunok elkar hobeki ezagutzeko aukera eskainiz, euskal komunitatea trinkotzeko lana eskerga egiten dute.
Tokiko hedabideek (irratiak, aldizkariak, telebistak) egunero, astero, hilero eskaintzen digute hurbileko errealitatea gure hizkuntzan atzemateko parada ezin hobea, hurbileko ikuspegi zuzen eta alternatiboak eskainiz eta hainbat kasutan bertako euskalkiak berreskuratuz.
Berriki jakin izan dugu Nafarroako Gobernuak emaniko aurrekontuen baitan hedabide hauei bideratuko zaizkien diru-laguntzak dezente murriztuko direla beste eragile batzuei gertatuko zaien moduan. Molde horretako oztopoak, ordea, ez dira berriak. Esate baterako, oraindik ere lizentziarik gabe jarraitzen duen Euskalerria Irratiak hainbat alditan, eta azken deialdian ere ez du inongo sosik eskuratu. Halere, erakunde ofizialetatik heldu beharko lukeen gutxieneko laguntza horretaz landa, guk geuk, euskaldunok, egunero ematen ahal diegun sostengua ezinbestekoa da hedabide horiek euren lana egiten jarrai dezaten. Laguntza ekonomikoa premiazkoa da, baina, horretaz gain, gure konplizitatea eta arreta eskaini behar dizkiegu euskal komunitatearen alde horrenbeste egiten duten hedabide hauei guztiei. Tokiko hedabideak gure altxorrak dira eta denon artean babestu eta bultzatzeko gonbitea egin nahi dugu hemendik.



ZENBAT BURU... Joxemiel Bidador

   
Nafarroako Unibertsitate Pribatuak ateratako lan bati aurre egiteko asmoz karrikaratu berri du “Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra” liburua Joxemiel Bidadorrek. Euskal filologia ikasi zuen iruindar honek irakasle izan da Tuteran eta Iruñean eta hainbat antologia karrikaratu ditu (Joxe Agerre eta Alexander Tapiaren olerkiak, Sakanako idazleak, Iruñeko euskal kazetaritza gerra aurretik). Horretaz gain aldizkari espezialitu batzuetan (FLV, Egan, CEEN, Txistulari, Sukil, Merindad de Tudela, Eleria, RIEV...) eta zenbait hedabidetan eskaini ditu bere kolaborazioak (Nafarkaria eta Diario de Noticias). Bere azkeneko lanaren inguruan solastu gara berarekin.

Nafarroako Unibertsitate Pribatuak egin eta Nafarroako Gobernuak babestutako Foru lurraldeko literaturaren historiari buruzko entziklopedia batean ez da bertoko euskal idazleren aipamenik egiten. Pamiela argitaletxearen eskutik berriki argitaratu duzun “Materiales para una Historia de la Literatura Vasca en Navarra” liburuan, ordea, garbi ikusten da euskal idazleek euren ekarpena egin dutela. Zer xede izan dituzu lan hau egiterakoan?
Liburu honen egiteko hasiera batean izan nuen asmoa Nafarroak euskal literaturari egindako ekarpena erakustea zen, euskaldunoi zein gai horretan interesa duten orori, ohiko esku-liburuetan Nafarroako agerpena guztiz undatsa baita, ez da ja ere agertzen, eta hutsune hori bete beharrekoa zela iruditzen zitzaidan. Geroago Opuseko unibertsitatearen lana gauzatu zenean, liburu honek beste funtzio bat ere bete zezakeela ikusi zen, aldarrikapenarena, eta erantzun bat izan da ezereztatu nahi gaituztenen aitzinean.

Erdaraz karrikaratu duzu erdaldunengana iristeko asmoz, baina damutu omen zara eta baliteke euskaraz ere plazaratzea hezkuntza alorrera bideratua. Zer asmo duzu? Noizko egon liteke?
Damutzearena egia da. Asmo onekin erabaki nuen erdaraz izkiriatzea, interesaturik zeuden erdaldunengana iristeko, askotan leporatzen zaigun hersturatik ateratzeko, eta gu ezagutzea ezinezkoa zuenarendako, baina tamalez, konturatu naiz euskaldunen zokokeria hortzetik hortzera darabilten horiek ez dutela benetan gu ezagutzeko interesik ez asmorik. Guztiarekin, erderaz bada ere, liburua baliagarria da euskaldunondako, eta kemen gehiegi gastatzea litzateke liburu honen euskarazko aldaera ateratzea, bere berean. Badira egin gabe dauden beste lan zenbait, eta hauetariko bat hezkuntzari begira eginiko egokitzapena da. Ez daukat ezer aurreraturik oraino, asmotan gabiltza bakarrik, Xamar eta biok, eta ezagun denez, asmoak asmo... erdia ustel!

Lan honetan Nafarroako idazleetara soilik mugatzea “ikuspegi irreala” kontsideratu duzu. Euskal Herri mailako azterketarik egitea pentsatu al duzu?
Euskararen unibertsoa nahikoa txikerra dugu banaketa gehiagorekin etortzeko. Unitatea ez da Nafarroa, Euskal Herria baizik, eta hortik dator irrealarena. Nire asmoa izan da, esan bezala, literatur esku-liburuetan dagoen hutsune erreal bat osatzea, baina Euskal Herriko literaturaren historia erakusten duten lanak hamaika dira, eta neure asmoen artean ez dago beste bat egitea.

Zuk eginiko liburu honetan erakusten duzunez, Nafarroan azken bost mendeetan izan diren euskal idazleen zerrenda ez da makala (600 inguru). Zein da zure irudikoz Nafarroako euskal literaturaren egoera? Eta oro har Euskal Herrikoa?
Ezkor izateko hamaika arrazoi dugun honetan, literaturaz denez bezanbatean bederik, baikor izateko arrazoi asko ere badugu. Momenturik goxoenean dago Nafarroako euskal literatura, eta azken Euskadi Sariak hala erakusten digu. Ezin dugu, baina, horretan geratu, izan ere lan handia baitago oraino literaturaren inguruko bestelako esparrutan (irakurleria emendatzen, irakurzaletasuna gazteen artean sustatzen, gure lanak beste hizkuntzetara itzultzen...). Ber gauza esan liteke Euskal Herri osoko egoeraz.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Etorkizuna zaila da, lehenaldia eta oraina bezain zaila behintzat. Nafarroan euskarak dituen zailtasunak ezagunak dira, eta ez dirudi etorkizunean hobera asko aldatuko denik egoera. Euskararen etsaiak burutzen ari diren gurutzada itxurako eraso iraunkorrarekin batera, hiritar erdaldun gehienen axolagabekeria dugu gure kontra. Alabaina, historiak erakusten digun bezala, zailtasunen aurrean aitzina egin dugu Nafarroako euskaldunok, aunitzetan ozta-ozta bada ere, eta aitzina eginen dugu aurrerantzean ere, hala espero dut behinik behin.

Liburu honen aurkezpenarekin batera, “Baziren bagara” manifestua sinatu duzue Foru lurraldeko hainbat idazlek, baita interneten paratu ere. Zer hedapen eman nahi diozue ekimen honi?
Une honetan manifestuaren berri ematen eta ahalik eta sinadura gehien biltzen ari gara, aurrerago eginen den salaketa eta protesta publikorako. Alabaina, honen zehaztasunik ezin dugu oraindik eman. Argi dagoena da soka luzeko kontua dela, eta Nafarroako euskal idazleon erantzuna irmo bezain tematia izanen da, baziren, bagara, eta izanen dira, zer uste dute ba?


HERRIEN ELEAK.
Txina

Arrago erraldoia
Berriki jakin dugu Txinan 1.300 milioitik gora biztanle direla. Adituen arabera, 56 talde etniko daude. Handiena han taldea da (biztanleen %93): txineraz egiten du, baina “txinera” esaten dugunean zazpi hizkuntza taldez ari gara: mandarinera (putonghua hizkuntza ofizial batuaren oinarria), wuera (gure arteko txinatar asko ekialdeko Zhejiang eskualdetik datoz eta wueraz egiten dute), ganera, xiangera, yuera, kejiera eta minera. 55 gutxiengoei dagokienez, zhuang herriak 13 milioi lagun ditu; hui herriak 7,2; uigur herriak 6 eta tibetarrak 6-7 milioi dira. Azken bi herriok kenduta, gehienek txinatartzat dute beren burua. Nazio sentimendua oso sendoa da eta haientzat muga itzela dago Errepublikatik kanpokoekin, laowai edo atzerritarrak direnekin.

Txinatarrak gurean
Txinako kulturan gorputza oso garrantzitsua da eta elikadurak pisu handia hartu du beti. Xuemei Jin Zhang-ek Iruñeko lehen jatetxe txinatarra –Estafeta kalekoa- 80ko hamarkadan ireki zuenez geroztik, asko ugaritu dira mota honetako jatetxeak. Geroago, zenbait txinatar merkataritza arloko zerbitzuak eskaintzen hasi ziren, baina gurean jarduera mota hori ez da asko garatu oraindik.
Iruñean bizi diren txinatarren kopurua bikoiztu egin da hiru urteotan: ia 400 dira gaur egun. Hala ere, Nafarroan ez dute elkarterik. Bizkaian, ordea, “Euskadi-Txina” izenekoa sortu dute; elkargune horrek euskal jatorriko lagunak ere biltzen ditu. Elkarteen bidez edo elkarterik gabe, txinatarrek beti laguntzen diete elkarri eta horregatik etorkinei ez zaie zaila egiten aurrera egitea.

 

Iruñeko UdalaEusko JaularitzaUdalbide-Udalbiltza