Euskal agenda

Adi lagun! Agenda google calendar tresnaren bidez egin dugunez, gaztelaniaz ikusiko da Googlek euskaraz jarri arte

Agenda osoa ikusi nahi izanez gero hemen klikatu

Euskarazko ekitaldiren bat antolatuz gero, emaiguzu horren berri agenda@karrikiri.org helbidean #euskalagenda

Nabigatu euskaraz

Hizkuntza aukeratu
eta barre egin

Google Translateren bidez web gune hau beste hizkuntza batzuetara itzuli ahal izanen duzu

2012

 

Karrika 164. 2012ko azaroa-abendua


Euskalerria irratiarekin elkarlana

Aurreko alean Iruñerrian duela 25 urtetik euskara hutsean aritzen den Euskalerria Irratiaren urteurrenaz aritu bagintzaizkizuen, oraingoan eurekin egindako elkarlanaren berri eman nahiko genizueke, izan ere azarotik aitzina Karrikiri eta Euskalerria irratiko bazkideek aukera polita izanen baitute Iruñeko Irrintzi dorreko irratiari euren laguntza emateko. Nola? Bada, Karrikirik Xabier karrikan duen saltokian egiten dituzten erosketen portzentaia bat irratiari emanez. Izan ere, Karrikiriko bazkideek berez dituzten deskontuak eta Euskalerria irratiko bazkideek hemendik aitzina izanen dituztenak irratiari emateko aukera izanen baitute. Horretarako Karrikiri dendan erosketa egiterakoan, irratiko bazkideek abisua eman beharko diote gure saltzaileari eta produktu horietan egiten dituzten erosketen portzentaia horien sosak Euskalerria irratiari emanen dizkio gure elkarteak.
Beraz, badakizue, Karrikiri dendan erosketa eginez gero, gure elkarteari sostengua emateaz gain, jada zilarrezko ezteiak bete dituen Iruñerriko euskara hutsezko irrati bakarrari ere laguntza emanen diozuela. Eta modu horretan euskal komunitatea indartzeko lanean ari diren bi elkarte lagunduko dituzue. Animatu bada eta gora sinergiak eta auzolana!!!

Berri on horretaz gain, ikusten duzuen moduan aurtengo azkeneko Karrika edukiz gainezka dator, izan ere, urtero legez, establezimendu euskaldunen zerrenda berritu eta aldizkariarekin batera doakizun liburuxkan aurkituko baituzu . Baliteke, halere, zure inguruan euskaraz zerbitzua ematen duen saltoki edo zerbitzuren bat faltan sumatzea, beraz horrela bada jarri gurekin harremanetan eta hurrengo zerrendan sartuko dugu. Eta kasu eman establezimendu hauetan guztietan aurkituko duzun logoari: “Euskaraz nonahi, hemen ere bai”. Ikusiz gero, zalantzarik ez izan eta euskaraz eskatu.
Eta establezimenduen zerrenda eguneratuaz gain, Eguberriei begira osatu dugun euskal produktuen katalogoa ere eskuratuko duzue azaroa-abenduko Karrikarekin batera, adin eta poltsiko guztientzako eskaintza aurkituko duzuelarik. Guztia Karrikiriko gure dendan izanen duzue eskuragai eta bertara hurbilduz gero, gure dendariek aholkua emanen dizuete edozein zalantza izanez gero.

Adi egon agendan ikusiko duzuen Olentzeroren karrikaratzearen II. edizioari eta ahaztu baino lehen, gogoratu hilaren 21ean Karrisolasa ekimenaren beste saio bat izanen dugula Uri Ruiz Bikandiren “Eleaniztasuna eta Europa” ekarpenetik abiatuta. Hitzordua Karrikiri elkartean izanen da 19:00etan.

Eguberri eta  urte berri on!!!!


Pablo KormenzanaPablo Kormenzana
Mintzakideko dinamizatzailea

2004. urtean Topagunek eta hainbat eragilek euskararen erabilera sustatzeko asmoz Iruñerrian eta Tafalla aldean sortutako egitasmoa da Mintzakide. Pablo Kormenzana da Nafarroako mintzapraktika ekimen honen dinamizatzailea eta berak azaldu dizkigu 9. edizioaren xehetasun guztiak.

Noiz sortu zen Mintzakide egitasmoa eta zeintzuk dira xede nagusiak?
Iruñerriko eta Tafallako Mintzakide 2004. urtean sortu ziren Topagune euskara elkarteen federazioaren eskutik eta hainbat eragileren elkarlanaren ondorioz, tartean Karrikiri elkartea. Dena dela, mintzapraktika programa hauek ibilbide luzea dute, izan ere 1993an Donostiako Bagera Elkartean jaio baitziren,beraz aurtengo ikasturtean molde honetako egitasmoen 20. urtemuga ospatuko dugu.

Aurten 9. ikasturtea duzue. Zer berritasun?
Ikasturte honetan partaideek proposatutako hainbat berrikuntza dakarzkigu; Mintzakide mendi taldeaz gain, Mintzakide txirringa taldea, Ibilbide osasuntsuak eta Donejakue bidea -asteburuetan burutzeko-, Skype doako programaren bitartez atzerrian edo urrun dauden euskaldunekin mintza saioak, hitano mintzapraktika taldeak e.a. Azken finean Mintzakide denon artean egiten dugu eta proposamen berrietara irekiak gaude.

Urtetik urtera egitasmoaren arrakasta handitu eta neurri berean parte-hartzaileak ugarituz joan dira. Zer moduzko bilakaera izan du?
2004. urtean, egitasmoa martxan jarri zenean ia 100 Mintzakide hasi ziren eta egun 500 lagun baino gehiagok parte hartuko du. Azkeneko ikasturteetan egitasmoak izan duen arrakasta ez genuen espero eta oso pozik gaude izan duen bilakaerarekin, nahiz eta zailtasunak ere ditugun: euskaldun zahar edo osoak, diru iturri berriak lortzea, e.a. Halere, urtero bezala traba guztiei aurre egingo diegu eta jarraituko dugu Mintzakide egitasmoaren sarea zabaltzen.

Elkarlanik al dago beste herrialdetan bideratzen diren  molde bereko mintza praktika ekimenekin?
Bai. Mintzapraktika egitasmoak euskara elkarteetatik dinamizatzen ditugun herrietako eragileak Mintza Batzordea deitzen dugunean elkartzen gara eta elkarrekin ekintzak antolatzen ditugu. Denetan aipagarriena, ekain hasieran ospatzen dugun Mintza Eguna izango da ziurrenik. Eta horretaz gain, eskualde mailako ekintzak, ondoko herrietako mintzakideak elkarrekin harremanetan jarriz.

Gainera, Mintza Batzordean mintzalagun aldaera berriak abiatzen ditugu, esperientziak partekatuz eta formazio saioak antolatuz. Eta era berean, AEKk koordinatzen dituen egitasmoekin edo gainontzeko euskaltegiekin ere elkarlanean dago Topagunea.

Zer aurreikuspenak aurtengo ikasturterako?
Izen ematea itxi ondoren, taldeak osatuko ditugu. Batzuk martxan daude jada eta besteak azaro hasieran bilduko dira lehen aldiz. Hortik aurrera, ekintza osagarriak antolatuko ditugu. Honetaz gain, beste herri edo eskualde batzuetako mintzalagunekin ere elkartu nahi ditugu Iruñerriko eta Tafallako mintzakideak, euskaldun sarea osatuz eta gozamenaren bidez horei esperientzia positiboak eskaintzeko. Horretarako, Mintza Batzordean hasi gara datorren udaberriko Mintza Eguna antolatzen, eta Skype bidezko mintzalaguna ere jarriko dugu martxan.

Azken finean, mintzakideen hizkuntza erabileran eragin nahi dugu. Izan ere, esperientzia positiboek euskararen erabilera handitzen laguntzen baitute, eta hori da programa honen helburua: aisialdian, astean ordubetez (gutxienez) zein ekintza osagarrietan parte hartuz, egoera ez formaletan... euskaraz bizitzea.


Komikia 164


SUPERNOVA vs MASTERCARD
Xabi bandini

Greziak dirua zor du, greziarrak bere posibilitateen gainetik bizi izan omen dira. Espainiak dirua zor du, espainiarrak bere posibilitateen gainetik bizi izan dira.

Zorra ezin da pagatu diruarekin, mastercard-en antzera. Zorra zorrarekin pagatzen da. Logikoa. Primarekin zoratuta dabiltza, benetako lehiaketa dirudi. Italia, Alemania edo Espainiaren jarraitzaileek sutsuki jarraitzen dituzte eguneroko zifra aldaketak, emozionantea. Guzti honek badu etorkizunik. Dagoen edo egongo den diruarekin ez denez nahiko izango, murrizketak ere ez dira nahiko izango. Telebistan daukat nire begia itsatsita, erre ere egiten dit, zein erredura gozoa, ea zeinek proposatuko duen krisiaren aurkako neurririk fantastikoena ikusteko. Eta orain pobrea denak ez du bigarren etxebizitza erosi zuenak baino merkeago saldu nahi. Eta goseak hilko da.

Inteligentzia da geratzen zaigun gauza bakarra.
Beraz, eta oportunista izan gabe, Kerobiak beste modelo bati eutsi dio, orain urte dexentetik aurrera jarraitu duena. Hemendik aurrera zeinek daki! Ez dut apusturik egingo. Baina bere lanak autofinantzatzen saiatu da, bai eta lortu ere. Aurreztuta zuen diruarekin moldatu eta azken urteetan trilogia bat aurkeztu eta defendatu du. Ez du negozio handirik egin, egia esan ‘zero defizita” erabat konplitu du besterik gabe (beste bi puntu Kerobiatarrentzat). Argi izan zuen zuenarekin kontatuta bakarrik argitaratu zitzakeela bere diskoak, mailegu edo zorrik gabe.

Eta 2011. urtean ideia berri bat dute buruan. Supernova du izena. Eta ez da disko soil bat izango, liburu bat, DVD eta mural bat izango dituen lan multidisziplinario bat baizik. Presupuesto bat egin zuten, eta bere kontu korrontean zuten diruarekin konparatu. Ups! Daukagunarekin ezingo dugu lana aurrera eraman, diote. Eta pentsatzen hasi dira. Ez dute zorpetu nahi, ez baita bere estiloa. Eta azkenik soluzio batekin egiten dute topo, mikromezenazgoa, edo crowfunding delakoa. Hau da, interesa duen edozeinek aldez aurretik jar dezala diskoak kostatuko den dirua, eta behin lana guztia burututa, Kerobiatarrek etxera bidaliko diokete aurretik erositako lana.

Primeran. Hiru hilabeteren buruan lortu zuten beharrezkoa zuten dirua proiektua aurrera eramateko. Eta sei hilabetetara lana prest dute, paketatu eta mikrofinantzatu zuten horiei zor zaiena bidaltzeko. Ideia bat, proiektu eta lan bat zor zitzaien, eta ez interes finko baten mailegu bat. Baina berriro ere Kerobiako kideak ez dira aberatsak egin. Ez dute hamarkada honetako negozioa egin. Hori al zen helburua?

Orduan, galdera tonto batek nire burua zeharkatzen du. Gauzak beste era batetan egitea posible ote da?

Makroekonomian ahaldun eta jakindunek esango dute ezetz, gauzak oso konplikatuak direla, eta ez garela gai izango ulertzeko, mastercardar-a bezala.

Eta bitartean Supernovakide bakoitzak bere etxean kantatzen du, ‘behin liderrak esan zuen…

 

Durangoko azokara joateko autoa partekatzeko proposamena

2012/11/18


Durangoko liburu eta disko azokari begira Karrikiritik autoa partekatzeko
proposamena egin nahi dizugu. Ostegunetik igandera bitartean (abenduaren 6,
7, 8, 9), nahi duten pertsonentzako txangoa prestatzeko, bulegotik gutxieneko
koordinazioa egiteko prest gaude.

AUTOA PARTEKATZEKO PROPOSAMENA (formularioa bete)

 

Eleaniztasuna eta Europa

Eleaniztasuna eta Europa. Uri Ruiz de Bikandi
Textos de Didáctica de la Lengua y la Literatura" aldizkariko 60.alea. 2012ko apirila.

 

 

Karrika 163. 2012ko urria

 

Urriak 12 irekita

Urriaren 17an bildu Karrisolasara

Udazkenaren arrastoan sartuta, Karrikiriko zerbitzuek martxa ona hartu dute jada eta Jone eta Belen, elkarteko bulegari eta dendaria gurera hurbiltzen den lagun orori harrera egiten diote; itzulpen bat egin, lanpostu edo pisu bat bilatu, establezimendu euskaldun baten berri eman edota euskaraz non ikas dezakeen informatzeko beharra duenari. Beraz, badakizue non gauden; Xabier karrikaren 4. zenbakian.

Irailean berriro hasitako Karrikadantza ekimen arrakastatsuak uda ondorengo bigarren saioa izanen du heldu den urriaren 20an eta , betiko moduan, euskal dantzak gustuko dituen edozein laguni zuzenduta dago. Hitzordua Mercares karrikan izanen da, arratsaldeko 18:30ean eta, eguraldi kaxkarra egokituz gero, Mañuetako frontoian elkartuko gara. 

Eta Karrikadantzarekin batera, urriaren 17an Karrisolasaren beste saio bat antolatuko dugu. Euskalgintzako gaiak solas tarte goxoan lantzeko asmoz sortutako ekimenaren baitan, "Inkesta soziolinguistikoa: jakintza, erabilpena eta gehiago" izenburupean,  2012ko Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nagusien azterketa izanen dugu hizpide.  Bertan landuko den gaiaren inguruko informazioa Karrikiriko web gunean eskuragarri dagoen PDF artxiboan aurkituko duzue eta hitzordua irailaren 17an izanen da, 19:30ean, Xabier karrikako gure egoitzan. Ateak zabalik daude. Hurbildu eta egin zuen ekarpena! 

Eta eguraldi euritsua hasi baino lehen, gure denda ibiltariak Euskal Herriko zenbait txoko bisitatuko ditu, beraz lana eta jarana egiteko prest baldin bazaudete, gogoan hartu bi hitzordu hauek: urriaren 7an Andoainen eginen den Kilometroak, Gipuzkoako ikastolen festa, eta hilaren 21ean Iruñeko San Fermin ikastolak antolatuko duen Nafarroa Oinez jaia. Bietan paratuko dugu gure denda mugikorra eta bertatik lortutako sosak Karrikirik bideratzen dituen ekimenak sustatzeko bideratuko dira.

Eta ahaztu baino lehen, bi ohar. Lehenik eta behin jakinarazi nahiko genizueke,  urtero legez, urriaren 12an Karrikiri elkartea eta denda zabalik izanen direla. Lan egun arrunta izanen da guretako. Eta bigarrenik, hasi gara dagoeneko establezimendu euskaldunen zerrenda eguneratzen, beraz bertan ez dagoen saltoki edo zerbitzu euskaldunen bat ezagutuz gero, eman iezaguzue horren berri  bulegoa@karrikiri.org  helbidean, ados? Denon artean zerrenda osatuagoa eginen dugu. Esker mila aunitz aldez aurretik!!

Ongi ibili eta azaro arte!!!


Euskalerria Irratia

Euskalerria Irratia. 25 urte

Heldu den azaroaren 7an 25 urte beteko dira Iruñerrian euskaraz emititzen duen Euskalerria irratiak bere lehenengo saioa egin zuenetik. Gezurra dirudien arren, zilarrezko ezteiak bete dituelarik eta hasieratik euskal komunitatearen sostengua jaso badu ere, Nafarroako Gobernuak ez dio oraindik lizentziarik eman. Halere, irratiak, betiko moduan, lanean jarraitzen du jo eta fuego eta plangintza berriari ekin dio. Horretaz guztiaz eta berriki estreinatutako programazio berriaz solasean aritu gara Juan Kruz Lakasta, irratiko programazio arduradunarekin.

Orain artekoa bidea luze eta oparoa izan da, baina oraindik zaudete lizentzia ofizialaren zain. Zertan da legeztapenaren afera?  Zer itxaropena duzue?
Nafarroako Gobernuak bi irrati lizentzia banatu behar ditu Iruñerrian. Ebazpena plazaratzeko epea urrian amaitzen zen, baina beste sei hilabetez luzatu dute. Dokumentazioa aztertzeko lana pilatu zaiela diote. Hala izanen da. Baina galderak sortzen dira: sei hilabete barru beste Gobernu bat izanen al da? Eta ahal da? Horrek gauzak alda litzake?

Guk irabaztera jo dugu. Beste behin ere sinetsita gaude gure proiektua Iruñeko diala gehien aberastuko lukeena dela. Besterik da hori aitortuko diguten. Esate baterako, argi dago 1998an gure proiektua onena zela. Epaileek birritan esan dute irregulartasunen bitartez eman zizkietela baimenak beste bi irratiri. Auzi hori oraindik azken erabakiaren zain dago. Eta hortik ere hel lekiguke lizentzia.

Lizentziarik ez, baina Iruñerriko euskaldunen sostengua hasieratik izan duzue eta horixe da irrati honen ezaugarri garrantzitsuenetako bat, ezta? Bere izaera eta parte-hartze herrikoia, alegia...
Bai ba. Gure 25. denboraldia jarri berri dugu abian. Eta urteurren biribil horretan horixe nabarmendu nahi izan dugu, horretarako hautatu dugun goiburuarekin: 25 urte, zuen baimenarekin. Gizarteak, herritarrek ematen digute guri baimena: 8.000 bat entzule dauzkagu, dirua eta sostengua ematen diguten 900 bazkide, gurean lan profesionala musu truk egiten duten 200 bat kolaboratzaile, ehunka iragarle. Erraz esaten da hori, baina lortzen oso zaila da. Tokiko irratien inguruan askotan aipatzen da haien inguruan komunitatea sortzearen garrantzia, eta argi dago guk badugula gurea, sendo-sendoa gainera. Hasieratik oso argi izan genuen hori zela bidea. Eta, egiaren aitortzeko, beharbada beharrak bide hori beste zenbaitzuk baino gehiago lantzera bultzatu gaitu.

Arrazoi ezberdinak direla medio hedabideentzako, eta bereziki euskal komunikabideentzako, une zailak dira hauek. Halere, Euskalerria irratiak plangintza berezia martxan jarri du aurten. Zertan datza? Zer moduz joan da bazkidetza kanpaina?
Krisi asko pilatu dira: krisi ekonomiko orokorra, hedabideek lehendik pairatzen zuten paradigma krisia teknologia berrien poderioz, eta euskal hedabideen artean besteak beste diru laguntzen murrizketak eragin duena.

Panorama ilun samarra da, baina gu sinetsita gaude gure proiektuak inoiz baino zentzu handiagoa daukala. Plan estrategikoa ariketa gogorra izan da, finean ispiluaren aurrean biluzik jartzen baitzara zure ahulguneak eta indarguneak zeintzuk diren aztertzeko. Ez da erraza. Baina atera dugun ondorioa da gure komunikabidearen beharra badagoela.

Beti bezala, erreferente izan nahi dugu Iruñerria bezalako eskualde nagusiki erdaldun batean sakabanaturik bizi diren euskaldunen hizkuntz komunitateko kideentzat. Baina horretaz gain erreferente izan nahi dugu Nafarroa ofizialaren berri ez ezik Nafarroa errealaren berri ere jaso nahi dutenentzat.

Bizi gaituzten krisi garaiok ekonomikoki eta sozialki oso gogorrak dira, baina halaber hagitz eferbeszenteak eta interesgarriak. Testuinguru horretan, inoiz baino gehiago topagune izan nahi dugu, elkargune eta, jakina, baita eztabaidagune ere. Gauza asko daude aztertzeko eta eztabaidatzeko, eta Nafarroako panorama mediatikoa ikusita, gurea bezalako komunikabide batek oso rol garrantzitsua joka dezake.

Irailaren erdialdera programazio berria hasi duzue. Zer eskaintza berri?
Astindu handi samarra eman diogu programazioari. Goizeko albistegia eta magazina elkartu egin ditugu. Eta gauza bera egin dugu arratsaldeko albistegiarekin eta saioarekin. Helburua izan da irratiko prime-timetara gehiago gerturatzea. Eta halaber albistegien, saioen eta bateko zein besteko langileen artean mugak apurtzea, elkartruke eta sinergia gehiago lortzea, geure lan egiteko modua bera aldatzea, gaurkotzea, egokitzea.

Berrikuntzei doakienez, nagusia da inoiz baino ahots gehiago eskaintzen ari garela gure iritzi tarteetan. Inoiz baino solasaldi gehiago dauzkagu: diputatuak, parlamentariak, zinegotziak, sindikalistak, gizarte eragileak, euskalgintza... Eta irrati-zutabeak egiten dituzten inoiz baino iritzi emaile gehiago, sorta berria sartu baitugu albistegietan.

Gaueko bandak ere berrikuntzak dakartza. Esaterako, Angel Errok eta Hedoi Etxartek musika klasikoari buruzko saioa eginen dute.

Eta mamia alde batera utzita, azala ere berritu dugu: sintonia guztiak aldatu ditugu, indikatibo berriak sortu eta abar.

Irratiko eguneroko jardueraz gain, teknologia berrietan ere murgilduta zaudete: webgune berria, Facebook, Twitter sare soziala... 

Alor digitalean ere rol garrantzitsua joka dezakegulakoan gaude. Hitz potolo asko dabiltza hor dantzan: erredakzioen integrazioa, sinergiak, bat egiteak... Ingurumari horretan ongi kokatu nahi dugu, prozesu horiek guztiak Iruñetik eta euskaraz baldintzatzeko.

Lehen urrats sendoa webgune berria sortzea izan zen. Duela urte bete jarri genuen martxan, eta orain indartzen ari gara, eduki gehiago sartuz. Hor ere ikus daiteke arestian aipatzen genuen topagunea, plaza izateko asmo hori. Gure programazioa zuzenean (on-line) zein diferituan (pod-casten bitartez) entzuteko aukera eskaintzeaz gain, beste zenbait talderen eduki eta zerbitzuak eskaintzen ditugu: AEK-ren agenda, IKAren euskara ikasteko pilulak, Eusko Ikaskuntzaren saioa, Karrikiriren beraren agenda... Horiek jada hor daude. Gainera, Bertsozaleen Elkarteko zenbait bideo eskaintzen hasteko akordioa lotu dugu, baita Eguzki Bideoak-en dokumentalak eskaintzeko akordioa ere.

Eta hori guztia, jakina, sare sozialetan konpartitu nahi dugu. Ez kolokatu. Eskaini eta besteen edukiei, ekarpenei ere erreparatuz, kasu eginez...

25. urteurrena dela eta ekimen bereziren bat egiteko asmorik bai? 
Bai ba. Hasiera batean lizentzien banaketak baldintzatuko gintuela uste genuen. Atzerapenak libreago utzi gaitu. Azaroaren zazpian ospakizun handia eginen dugu, Atarrabiako Kultur Etxean zuzeneko irratsaio musikatua eginez. Handik pasako dira Ruper, Kerobia, El Drogas, Balerdi-Balerdi eta, agian, beste ezusteren bat. Gainera saio horren inguruan akelarre digital handi samarra egin nahi dugu.

Bestalde, ideia dugu hilean behin irratitik ateratzekoa, itzal handiko pertsona bati elkarrizketa jendaurrean egiteko, baina hori oraindik ezin dugu zehaztasun osoz kontatu.

Legalizazioa iritsi ala ez, nola dakusazue etorkizuna?
Zaila, jakina, baina zuen baimenarekin  emankorra ere izan daiteke.


Komikia 163


Zergatik aritzen naiz kantak egiten?
Toño Muro. irakaslea eta musikaria

Orain arte nire buruari egin ez diodan goiko galdera horri erantzuna bilatzen saiatuko naiz artikulu honetan. Aitortzen dut galdera ez zaidala niri bururatu; irailean zehar Iruñeko gotorlekuan egin den komiki erakusketa ikusten ari nintzela horma batean agertu zitzaidan. Bertan, Mauro Entrialgok, marrazkilari gasteiztar handiak egindako metakomikiaren pasarte batean zegoen ondoko esaldi hau, gaztelaniaz: “Zergatik aritzen naiz komikiak egiten”. Azpiko biñetetan ematen zituen zergatiak hiru ziren, ziurrenik Maurorentzat berarentzat duten garrantziaren arabera ordenatuta: lehena, bizimodua ateratzeko; bigarrena, gustokoa duelako, eta hirugarrena, terapia modukoa zaiolako; eta hiru arrazoiak argudiatzeko biñeta bana gehitzen zuen azalpenekin. Idazki honetan komikien ordez kantak hartuta, Mauroren iritzia nirera egokitu (ala kopiatu?) nahi dut; beraz, lerro hauetan nire burutazioen ildoak aipatu hiru zioak izanen dira. Hori baino lehen, komikigilearen ideiak nire alorrera ekartzeari zilegitasuna eman nahian, komikien eta kanten arteko antzak aztertuko ditut.

Bi genero hauen ezaugarri nagusiei begira jarrita, haien parekotasuna nabaria da. Komikiak eta kantak (pop, rock, folk eta antzeko estiloak jorratzen dituztenak) bigarren mailako sormen lanak omen dira, Pinturaren, Literaturaren edo Musikaren kanon klasikoetatik kanpo daudenak. Era berean, XX. mendeko masa-kulturak bultzatu eta aldaketa teknikoen eraginez sortu edo eraldatu espresio moldeak dira biak. Behe mailako bi genero hauekin konparatuz gero, goi mailakoak (adibidez, olio margolanak, poemak, nobelak, sinfoniak edo sokarako koartetoak) sortzeak ez du justifikaziorik eskatzen; margolari, idazlea edo konpositorea izatearekin edo izan nahiarekin aski da. Horregatik nire antzeko Hizkuntza eta Literatura irakasle batek, poemak edo narrazioak idazten baditu, ez du zertan justifikatu behar, eta orduan irakasleaz gain “idazlea” ere badela esan dezake lotsarik gabe.

Biak, komikiak eta kantak, genero mistoak izatean datza parekotasunaren beste faktorea: beste osagai batekin bada ere, marrazkia eta musika hurrenez hurren, hitza lantzen dute biek. Hizkuntza dela eta, aldiz, ezberdinak dira Mauroren komikiak eta nire kantak, berak gaztelaniaz eta nik euskaraz egiten ditugu hitzak. Kantak euskaraz egitea euskaldun batek soilik aukeratu dezake; nire kasuan, Balerdi Balerdi osatu baino lehenagoko taldeen kantak gaztelaniaz egiten nituen, oraindik euskara ikasten hasi berria eta maila eskasa nuenez; agian, ni euskaldun berria izanik, euskal kantak egitea gehiegizko ausardia izan da. Dena den, jakina da gure kanten hitz dotoreenak Pello Lizarralde lagunarenak direla.

“Bizimodua ateratzekoa”, Maurok lehenesten duen arrazoia, musikari profesionala ez naizenez gero, ezin dut eman. Hogeita hamabost urteotan, gutxi gora behera, irakasle lana egin dut. Hala ere, lanbideari dagokionez idazle, margolari, bideogile edota musikari gehienen egoera berean nago, bestelako zeregin batean (asko eta asko, nire antzera, irakaskuntzan) aritzen gara; beraz, gogokoa dugun jardun “artistikoa” amateur moduan garatzen dugu. Badakigu oso ohikoa dela jarduera amateurra euskal kulturan, profesionalizazio arazoak areagotzen dira balizko publikoa urria delako eta bi kultur nagusiekiko konpetentzia eta menpekotasuna pairatzen ditugulako. Baina arazo bera dute gaztelaniaz edota inglesez aritzen diren hemengo musikari gehienek, Nafarroako edo Euskal Herriko entzulegoak soilik profesional gutxi batzuk elika ditzakeelako, eta gaztelaniaz edo inglesez kantatzeagatik kanpoan aritzeko aukera gehiago sortu arren, oso zaila dute musikariek, konpetentzia ere handiagotu egiten baita.

Maurok emandako bigarren arrazoiarekin erabat ados nago: “gustokoa dudalako” kantak egiten ditut, abestiak entsaiatzeko lagunekin elkartzen naiz eta gero jende aurrean aurkezten ditugu. Musikagintzak duen berezko ezaugarria da beste batzuekin elkarlanean garatu behar dela, hau da, kanten gauzatzeak talde lana eskatzen duela. Batzuetan, musika talde batean parte hartzeak dakartzan komeriak astunak eta gogaikarriak suerta daitezke; hala eta guztiz ere, lagun giroan kantatzeak eta jotzeak, sortutako musikaren barruan murgiltzeak, eta rock edo pop generoetan doinu eta burrunba anplifikatuen erdian sentitzeak, honek guztiak plazer berezia ematen du, kanten sormen hutsak ematen duen atseginari gehitzen zaiona. Beraz, kantagintzak bikoiztu edo hirukoiztu egiten ditu gustura sentitzeko arrazoiak. Horregatik, behin musika egiteko ohitura hartu ezkero, zaila izaten da egiteari uztea, edota behin musika utzita berriro ez hastea, eta adinean oso aurreratuta gauden musikariok gara froga.

Hirugarren arrazoia, sormena terapiatzat hartzea, ez da arrazoi makala; nire ustez, kanten eta orohar arte lanen motibazio psikikoak hausnarketa eskatzen du. Puntu honetan, hurrengo azalpen hauek gehitzen ditu Maurok: “besteei gure kezkak kontatzeak erresuminetatik eta gogo txarretatik askatzen du barnea”, “batzuk psikiatrarengana joaten dira, nik komikiak egiten ditut”. Autoironia ikutua alde batera utzita, aipatu esaldietan komunikazioaren bi subjektuek (musikaria eta entzulegoa kantagintza alorrean) duten elkar mendekotasunaren alde bat adierazten da, sortzaileari dagokiona. Musikariok entzulegoaren beharra dugu: kantak zuzenean interpretatzen ditugunean, barruko kezkak askatu egiten ditugu eta lotsarik gabe agerian uzten dugu geure burua. Aldi berean, jende aurreko biluzte honek artista guztiok dugun egoa elikatzen du, entzuleen mirespenarekin, edo behinik behin haien arretarekin, oreka psikikoa bilatzen dugularik. Publikoaren onarpena erdietsi nahian, haren lekuan jartzen gara kantak sortzen edo prestatzen ditugunean, eta horrela, entzuleak bagina, entzun nahi izanen genituzkeen hitzak, erritmoak eta melodiak asmatzen ahalegintzen gara, guk geuk kantatu eta jo arte inoiz entzun ez diren soinuak sortzen, alegia. Baina oso gutxitan lortzen dugu, inoiz ez seguruen, eta publiko zabalaren onarpen ezak (entzule gehienak lagunak eta ingurukoak izaten dira) kanta berriak eta ustez entzungarriagoak egitera bultzatzen gaitu, buklearen bira berri bat irekiz. Ea, bada, honetan asmatzen dugun...

 

 

 

Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nagusien azterketa

Eusko Jaurlaritzak EAE, Nafarroa eta Iparraldeko V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nagusiakaurkeztu ditu

Eusko Jaurlaritzak EAE, Nafarroa eta Iparraldeko V. Inkesta Soziolinguistikoaren
emaitza nagusien berri eman du gaur Donostiako Andia kaleko Eusko
Jaurlaritzaren egoitzan. Bertan izan dira, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza
Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendi eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Iván Igartua; Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Prestakuntza eta Sustapenerako Zerbitzuko zuzendari Julen Calvo, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Frantxua Maïtia eta Euskaltzaindiako Iker sailburu Andoni Sagarna.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazioko zuzendari Iván Igartuak V. Inkesta Soziolinguistikoaren EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko emaitza nagusiak jakitera eman dituzte gaur goizean. Haiekin batera, ekitaldian esku hartu dute Nafarroako eta Iparraldeko agintariek eta baita Euskaltzaindiako ordezkaritza batek ere.
 
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik azpimarratu duenez, “egun garrantzitsua da gaurkoa, benetan pozgarria iruditzen baitzait Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako, Euskarabideako eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariok elkarrekin gaudela ikustea V. Inkesta Soziolinguistikoaren aurkezpen honetan”.
 
V. Inkesta Soziolinguistiko honek hainbat datu esanguratsu utzi ditu. Lehenik eta behin, gizartea bizkor aldatzen ari da, zahartze prozesua areagotzen ari da, jaiotze-tasa urriak ia-ia bere horretan segitzen du eta denbora laburrean etorkinen kopurua nabarmen hazi da, batez ere Nafarroan (etorkinak % 11,2 Nafarroan eta % 6,6 EAEn).

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aditzera eman duenez, “hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude 2011n (%27 dira gaur egun). Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten”.
Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldunak duela 20 urte baino 140.239 gutxiago dira Euskal Herrian (% 70 1991n eta % 58,4 2011n). Erdaldunen ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin dute bai kopuruak baita ehunekoak ere.

Hizkuntza-gaitasuna, herrialdearen arabera. Euskal Herria, 2011

                                   EAE          Nafarroa           Iparraldea         Guztira

Euskal Herria              2.648.998     1.873.498         537.139         238.360

Elebidunak                   714.136        600.058            62.977           51.100

Elebidun hartzaileak     388.255        325.967            40.546           21.742

Erdaldunak                 1.546.607        947.473          433.616         165.518

16 urte edo gehiagoko biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa are handiagoa da. Izan ere, hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera neurtzen denean, ikus daiteke elebidunen hazkundea gazteen artean gertatzen ari dela bereziki. EAEn eta Nafarroan, esaterako, 16 urtetik beherako gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena.

Azken 20 urteotan elebidun hartzaileak bikoiztu egin dira Euskal Herrian: % 14,7 dira gaur egun eta % 7,7 ziren 1991n. Hazkunderik handiena EAEn eta Nafarroan gertatu da eta neurri txikiagoan Iparraldean.

Gaur egun guraso biak elebidunak direnean, euskararen transmisioa ia erabatekoa da EAEn eta Nafarroan (% 97 EAEn, % 95 Nafarroan), baina ez Iparraldean (% 87). Bikote mistoen kasuan transmisioak gora egin arren, ez da erabatekoa (% 71 EAEn, % 67 Nafarroan eta % 56 Iparraldean).

Hizkuntzaren erabileran hiztunak hizkuntza horretan duen erraztasuna, harreman-sareak eta erabilera-eremu erabakigarriak ezinbestekoak dira. Hiztun asko, batez ere gazteak, euskaldun berriak dira. 2011n, 16-24 urte tarteko elebidunen % 52 euskaldun berriak dira EAEn, % 38,6 Iparraldean eta % 54 Nafarroan. 1991n, aldiz, euskaldun berriak elebidunen % 14 ziren EAEn, % 9 Iparraldean eta % 16 Nafarroan. Elebidunen erdia, gainera, gune erdaldunetan bizi da. Beraz, elebidun gehienek gaztelaniaz edo frantsesez nagusiki diharduten harreman-sare zabaletan bizi dira eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak dituzte.

Lurdes Auzmendik aipatu duenez, “ezagutzak ez ezik erabilerak ere gora egin du, eremu formaletan batez ere. Gazteen artean geroz eta nabarmenagoa da euskararen erabileran gertatzen ari den hazkundea. Izan ere, 35 urtetik beherakoen artean euskara erabiltzen dutenak duela hogei urte baino gehiago dira hiru lurraldeetan, batez ere EAEn”.

Gizarte osoko erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatzen badiogu, elebidunen kopurua gehitu den arren, euskararen erabilera gaur egun 1991n baino txikiagoa da. Gizartean oro har nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara. Hala ere, 2001etik aurrera joera-aldaketa bat egon da eta gazte elebidunek gaur egun duela hamar urte baino gehiago erabiltzen dute euskara EAEn eta Iparraldean, baina ez Nafarroan.

Euskararen aldeko jarrerak eta hura indarberritzearen aldeko borondatea areagotu egin dira EAEn eta Nafarroan, ez ordea Iparraldean. EAEn eta Nafarroan adin-talde guztietan egin du gora. Iparraldeari dagokionez, azken bost urteotan gazteen artean euskararen aldeko jarrerak gora egin du.

Datuak osotasunean aztertuta, “baiezta daiteke elebitasuna gora doala EAEn eta Nafarroan. EAEn indartsu, eta Nafarroan apalago baina etengabe. Iparraldean, aldiz, galerak daude oraindik. Hala ere, esan bezala, Iparraldeko gazteen artean gora egin dute elebidunen ehunekoak eta kopuruak” nabarmendu du Auzmendik.

Inkesta soziolinguistikoak euskararen lurraldeetako hamasei urte edo gehiagoko biztanleak hartzen ditu aintzakotzat (2.650.000 pertsona gutxi gorabehera). Inkestatik kanpo gelditzen den adin-tartea pisu handikoa da euskararentzat, eskolaren eraginez euskaldunenak diren gazteen adin-tartea delako. Sexuaren eta adinaren arabera estratifikatu ohi da azterketa, eta, guztira, V. edizio honetan 7.800 inkesta egin dira: 4.100 EAEn, 2.000 Iparraldean eta 1.700 Nafarroan. Informazioa jasotzeko, galdetegi egituratua eta itxia erabili da.

V. Inkesta Soziolinguistikoak lau ikerketa-eremu jasotzen ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna, hizkuntzaren transmisioa, euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean,lagunartean, lanean eta eremu formaletan) eta euskararekiko jarrera.

Landa-lana Siadecok egin du 2011ko ekain eta abendu bitartean eta telefono bidez.
Euskararen lurraldeetako lagin osoaren akats-tartea %+1,5ekoa da %95,5eko konfiantza-mailarako eta p=q=%50. Konfiantza-maila bererako, elebidunen akats-tartea %+ 1,9koa da eta beste horrenbestekoa erdaldunena.

Inkesta soziolinguistikoa bost urterik behin burutzen den azterlana da; orain arte bost burutu ditugu. Beraz, gaur egun euskararen egoera nolakoa den adierazteaz gain, azken hogei urteotako bilakaera nolakoa izan den azaltzeko aukera ematen digu.

 

Karrika 162. 2012ko iraila

Karrikiriko zerbitzuak berriro martxan

Uda sasoia pasa ostean eta merezitako oporraldia amaitu ondoren, hementxe gaude Karrikiriko kideak berriro ere ikasturte berriari poliki-poliki neurria hartzen hasiak. Zer moduz zuek? Gustura aritu al zarete eta atseden nahikoa hartu al duzue? Esan bezala, guk berriro heldu diegu gure ohiko zereginei eta Karrikiriko zerbitzuak berriro martxan dira bete betean eta zuen eskura: lan poltsa, pisukideak, establezimendu euskaldunen errolda, itzulpengintza zerbitzua, hala nola gure Xabier karrikako denda eta bulegoa.
Eta horiekin batera, irailean zehar Sanfermin Txikiko jaiak heltzearekin batera, Karrikiriko gure denda ibiltaria ere Euskal Herriko zenbait txokotan barna ibiliko da; euskal sortzaileen lanak ezagutzera emateaz gain, gure elkartearendako egunotan horren premiazkoak diren sosak biltzeko asmoz. Iraila partean bada, Aezkoako egunera hurbilduko gara hilaren 16ean eta hurrengo asteburuan, hilaren 22an, Gasteizen eginen den Euskal Herriko Dantzarien Biltzarrean izanen gara. Gurekin etortzera animatzen bazarete, hurbildu Xabier karrikako gure egoitzara edo igorri mezua bulegoa@karrikiri.org helbidera. Lana egiteaz gain, jarana pixka bat ere eginen dugu. Animatu bada!!
Gogoratu, bestalde, aurreko zenbait aletan aurreratu genizuen moduan, elkartearen baitan martxan jarritako murrizketak direla eta, hemendik aitzina paperezko Karrika gure bazkideei soilik bidaliko diegula eta gainontzekoei PDF formatuan igorriko dizuegula zuen helbideetara. Paperean oraindik ere jaso nahi izanez gero, 10 euroko urteko kuota eskatuko dizuegu inprenta eta banaketa gastuetan laguntzeko. Beraz, nahi duena gurekin jartzen ahal da harremanetan arestian emandako email helbidean.
Eta, ahaztu baino lehen, gogoratu hilabete honetan berriro helduko diegula gure Karrikadantza saioei. Hitzordua heldu den irailaren 15ean izanen da 6:30ean Iruñeko Mercaderes plazan, beraz gonbitea jada luzatu dizuegu.

Plazera da berriro ere zuekin egotea. Ongi pasa Sanfermin Txikiko jaietan eta irailaren 15era arte!!!


Julen Arexolaleiba.
HUHEZI, Mondragon Unibertsitatea

Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa gradu ondoko programak bere laugarren urtea beteko du aurten, euskal jakintza bildu, sortu eta transmititzeko asmoz. Julen Arexolaleiba programaren koordinatzailea da eta hark azalduko dizkigu tituluaren inguruko xehetasun guztiak.

Noiz sortu zen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu titulua eta zer xederekin?
2007-08 ikasturtean eman genion hasiera MUren Eskoriatzako campusean, HUHEZIn, hain zuzen ere. Orduan, nobedadeetako bat izan zen euskal kulturgintzaren transmisioaren gaia unibertsitatera ekartzea, aditu-titulu bat abian jartzea, lehendabizikoz, gai horren harira. Eta beste nobedade bat izan zen euskal kulturgintzako eragileei, adituei eta arituei, beren gogoetak plazaratzeko aukera zabaltzea. Gainera, eragile horiek ikasleekin zuzeneko hartu-emana izateko, elkarrizketa dialogikoa bideratzeko, bidea egiten hasi ginen. Jakintza biltzea, sortzea eta transmititzea izan ditugu ipar ordudanik.

Zeini zuzenduta dago?
Oro har, esan genezake euskal komunitatearen partaide sentitzen den edonorentzat dagoela zabalik. Aintzat hartzekoa da, jakina, unibertsitateko aditu-titulu bat dela eta horrek badakartzala, berez, aldez aurretiko eskakizun batzuk. Bereziki, euskal kulturarekin hartu-emanetan diharduten irakasleak, kazetariak, kultur teknikariak, euskararen gizarte ekimeneko teknikariak, sortzaileak... izan ohi dira gure ikasleak. Aniztasun horrek aberastu egiten du asteroko dinamika bera.

Irakasle lanetan euskal munduan erreferentziazko izen aunitz. Zer moduz eurekin lan egitea? Zein izan da haien harrera?
Urteotako esperientzia oso-oso aberasgarria izaten ari da. Irakasle lanetan aritzeko gonbitea egin izan diegun gehien-gehienek baietza eman izan digute eta EKT bera goraipatu izan dute, taldetasunean jakintza eraikitzeko eta euskal jendarteari transmititzeko egiten ari garen ahaleginagatik. Eragile horien guztien irakaspenak jasota izatea ikaragarrizko altxorra da guretzat eta interesa daukaten guztientzat.

Dagoeneko 4. edizioa beteko duzue aurtengo ikasturtean. Zer moduzkoa izan da orain arteko esperientzia? Bete al dira zuen itxaropenak?
Laugarren ediziora iristea bera aipagarria da, ez baita gaur egun erraza izaten graduondokoak eta aditu-tituluak horrenbeste ediziotan martxan iraunaraztea. Alde horretatik benetan eskertzekoa da zenbait enpresak eta elkartek urteotan eman izan diguten hauspoa beren formazio-planen baitan kokatu baitute HUHEZIko aditu-titulu hau.
Azpimarratzekoa iruditzen zaigu, halaber, euskarazko hedabideetan EKTk daukan oihartzuna. Horren lekuko, besteak beste, Euskadi Irratiak eta Berria egunkariak edizioz edizio saioei egiten dieten jarraipena. Lankidetza horiek ere ikaragarri laguntzen digute gure helburuak betetzen.

Eta parte-hartzaileen harrera zer nolakoa izan da?
Izena ematen dutenetatik inork ez du atzera egiten aditu tituluak iraun bitartean. Astero-astero etorri ohi dira saioetara eta gehien-gehientsuenek egin ohi dute ikastaldi amaierako proiektua, titulua eskuratzeko ezinbestekoa dena. Proiektu horien bitartez ere ari gara jakintza biltzen eta sortzen.

Zein da aurtengo ikasturterako eskaintza? Aldaketarik al da aurreko edizioekin alderatuta?
Laugarren edizioan garrantzi berezia eman nahi diegu tokian-tokian, gertuko komunitatean, euskal kultura garatzeko bideratzen diren ekimenei. Badugu hortik zer ikasia! Eta, orobat, euskal kulturgintzaren baitako sektoreak (dantza, kantagintza, etab.) ekosistema moduan aritzeko (hedapena, jakintza eta transmisioa) egiten ari diren ahaleginei ere bozgorailua jarri nahi diegu.

Izen eman nahi izatekotan zer egin behar da?
 www.mondragon.edu/ekt da EKTren weba. Bertan ageri dira xehetasun guztiak. 2012ko urrian hasi eta 2013ko ekainera bitartean, asteazken arratsaldeetan daukagu hitzordua interesatu guztiok. Ea Karrikirriren irakurleak baditugun 4. edizioan ere!



Lehentasunak
Josu Penades. Irakaslea eta idazlea

1 Medikuarenean izan naiz. Esan dit hezurrak eta muskuluak ongi samar ditudala. Ez gibelak ez giltzurrunek iragazten ez didaten zerbait toxikoa iristen omen zait odolera, eta muskuluak elikatzen dizkidan odolean doan pozoi horrek sorrarazten omen dit oinazea. Zer egin behar dudan azaltzerakoan, hitz hauekin amaitu dit bere azalpena: «A, eta ez ahaztu barrua eta gogoa ere lantzea. Arnasa luzeko kontua izango da hau eta nahigabealdietan gora egiteko indarra eduki beharko duzu». Hamabost bat urte izango dira azkenengo bisita egin nionetik. Anek, ordea, eutsi egiten dio bereari. Egungo krisialdi ekonomikoaren antzeko zerbait gertatzen omen zaiola nire gorputzari esan dit atea irekita. Gizartearen hezur eta muskulu diren lantegiek badute zer hobetu, baina badaukate ibiltzeko aukerarik, zeinek bere neurrian. Arazorik larriena haiei hornitzen lagundu beharko liekeen finantza-esparruan (gizartearen odolean) daukagu. Eta egoera petraldu ahala etsipena doa hedatzen gure artean.

2 Aneren hitzek munduko ekonomi erakundeak ekarri dizkidate gogora. Esaterako, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) banketxeen edo herrialdeen diru-premiei buruz argitaratu dituen datuak direla-eta, ez du egundo ‘asmatu’ (nik begiratu ditudanetan, behintzat). Zergatik eta bere helburua ez delako gobernuei gobernatzen laguntzea, baizik eta era jakin batera goberna dezaten eragitea. Hau da, NDF ideologia jakin baten alde ari da;  ideologia horren asmo nagusienetako bat ongizateko gizartea suntsitzea da. J. Habermasek, horren haritik, gogorarazi digu ongizateko gizartea suntsitzeak demokraziaren endekapena ekarriko duela. Hamarkadak dira esan dela indar ekonomikoek gero eta eragin handiagoa daukatela erabaki politikoetan. Pixkanaka, erakunde ekonomikoek azpiak jan dizkiete erakunde politikoei.
    Eztabaida, beraz, ez da ekonomikoa soilik. Jarrera ekonomiko guztiek —ohartuta edo oharkabean— jarrera politiko eta etiko jakinak dakartzate berekin. (Nabarmena da intelektualen ekarpenaren hutsunea, salbuespenak salbuespen, aldaketa-garai ez ezik garai- aldaketa honetan.) Azken batean galdera honako hau da: zer gizarte-eredu ahalbidetu eta eraiki nahi dugu?
    Askok gizadiaren ondaretzat aldarrikatzen dute Europa, mendeetan onduriko kulturari esker ongizateko gizartea sortu duelako, besteak beste. Indar ekonomikoek, aldiz, Txina miresten dute. Komunismo totalitarioa eta bidegabekeriazko muturreko kapitalismoa uztartu dituen 1.500 milioi biztanleko herrialde horretan, gutxi batzuen luxua eta herritarrik gehienen miseria dira deigarri, giza eskubideak oztopo gertatzen zaizkiela agintariei.
    Baina Europak autokritika ere egin behar du. Mendebaldeko kide den heinean, erraz asko onartu du, batetik, F. Fukuyamak baieztaturiko Historiaren amaiera eta kapitalismoaren betiereko garaipena, eta, bestetik, postmodernismoaren zenbait jarrera, batik bat estetika hutsalean oinarrituz inozokeria etiko, politiko eta ekonomikoa ekarri duena. Hainbeste urte eta gero oraindik irauten duelarik, bada, nori egiten dio mesede krisialdi honek? (Honezkero ezagunak dira finantza-mundua kasino bilakatu duten aseguru-etxe, kalifikazio-agentzia, banketxe eta inbertsio-taldeen jokabidea.) Zein estatu mota nahi dugu? Zer-nolako zerbitzu publikoak? Zeri eman nahi diogu lehentasuna?
    Azken galdera hori da guztiaren abiapuntuan jarri beharrekoa. Aldaketa batekin: zeri beharrean nori eman nahi diogun lehentasuna galdetu beharko genukeela. Helburua pertsonak direlako, are zehatzago esanda: pertsonarik ahulduenak. Inori etorkizuna eta itxaropena ukatzea da egin daitekeen doilorkeriarik latzenetakoa, horrela duintasuna deuseztatzen zaiolako, arazoei aurre egiteko kemena agorrarazten, pentsatzeko ausardia eta gogoa itzalarazten. Prest al gaude agintariei hori eskatzeko eta bide horretan nork bere erantzukizunari heltzeko? Galdera horrek oroitarazi dizkit Anek giharrak indartzeko agindu dizkidan ariketak, «egunero egin behar dituzu», zehaztu dit, «bestela ia alferrikakoak izango zaizkizu».

3 Atarian bizilagun bat gerturatu zait alaba datorren ikasturtean institutura joango zaiola aitortzeko, eta pentsatzen ari da ereduz aldatuko duen ala ez, probetxugarriago suerta dakiokeela uste baitu euskara hobetu beharrean ingelesa eta txinera ikas ditzan. Zilegi dela egin nahi duena esan diot, hala ere tartea utzi didanean aipatu diot guk geuk ez badugu transmititzen eta balioesten amaitu egingo duela bere ibilbidea euskarak ere. Ez dut hainbesteko harremanik bizilagunarekin eta ez diot erantsi globalizazioaren eta krisialdiaren erdian nork bere lekua aurkitzen ez badu, aise izango dela irentsia. Hurrengo batean, beharbada. Halako aukerarik sortuko balitz, Jon Landaburu hizkuntzalariak kultura eta hizkuntza gutxituez dioena azaltzen saiatuko nintzaioke, hots, gizadiaren erreserba espirituala direla.
Anek esan dit barrua eta gogoa ere landu behar ditudala, pattalaldietan gora egiteko indarra eduki dezadan. Krisialdietan, mundua ulertzeko daukagun era gordinago azaleratu ohi zaigu erabakiren bat hartu behar dugularik, eta kolokan jartzen ditugu zenbait uste, asmo eta irizpide. Horrek nolabaiteko bertigoa sorrarazten digu, baina aldi berean badakigu kezkak eraginda egin ohi dugula aurrera bizitzan.

 

 

Karrika 161. 2012ko uztaila

Mikel Gartzia

Agur t’erdi, Mikel

Sanfermin giroa sumatzen hasi da jada gure hirian, baina festetan murgildu aitzin, Karrikiri elkartean, urtero legez, gure bazkideekin batzarra egin genuen ekainaren erdialdera eta elkartearen nondik norakoaz aritu ginen bertaratutako lagunekin: ekonomiaren egoeraz, dendaren ibileraz, Karrikaz, Twitterrez, gure webguneaz, bideratzen ditugun zerbitzu eta jarduerez, e.a. Hurbiltzeko aukerarik izan ez zenuten bazkideak lasai egon, izan ere etxera bidaliko baitizuegu bertan hitz egindakoaren laburpentxo bat.

Eta izenburuan erreparatu ahal izan duzuenez, batzarra egin eta egun batzuetara, berri txar bat jaso genuen gure Xabier karrikako egoitzan. Izan ere, ia hasieratik gure elkarteko kide izandako Mikel Gartzia mendizale iruindarraren heriotzaren berri jaso genuen. Oroitzapen politak gordetzen ditugu harekin bizi izandakoaz eta hark elkartean egindako ekarpenaz, eta oso gertuko ditugun bera ama, anaia eta familiartekoei gure besarkadarik beroena bidali nahi diegu hemendik.

Eta Mikelen oroitzapena oraindik oso gertu izanen dugularik, oharkabean helduko dira Sanferminak eta aurtengoan ere jaietan euskaraz konplexurik gabe arituz, atun janaren 17. edizioa ospatuko dugu heldu den uztailaren 12an. Horretarako, Ondarruko gure lagunak zintzo etorriko dira berriro ere euren herrian hartutako atunarekin Zaldiko Maldikon hainbat eratara egiteko prest. Adi egon bada eta bazkarirako txartelak garaiz erreserbatu bukatu baino lehen. Ez ibili azken unera arte jaso gabe. Jarri gurekin harremanetan bulego@karrikiri.org edo gure telefonora deitu 948 22 58 45.

Ahaztu baino lehen, uztail partean elkartean oporrak hartuko ditugunez, gogoan hartu hilero antolatzen ditugun Karrisolasa eta Karrikadantza egitasmoek ere etenalditxo udatiarra izanen dutela eta oporren ostean helduko diegula berriro. Eta gogoan hartu Karrika ere irailean itzuliko dela. Oporren ostean hemen izanen gaituzue berriro indarberrituta eta lanerako prestu.

Sanferminetan ongi pasa eta opor onak izan ditzazuela!!!


Karmele Artetxe. UEU

UEU bere 40. urteurrena ospatzen ari da aurten. 2011ko urriaz geroztik Karmele Artetxe da zuzendaria eta, egungo egoera zailaren gainetik, erakundearen oinarri soziala eta bazkideen inplikazioa nabarmendu ditu. Orain arteko ibilbidea eta etorkizuneko erronkak ere hizpide izan ditugu elkarrizketa honetan.

K.: Noiztik zara UEUko zuzendaria eta zer moduz zeregin horretan?
K.A.: UEUko Batzar Nagusiak izendatu ninduen 2011ko urrian eta aurretik, zuzendaritza lanetan jarduten nuen proiektu arduradun. Nahiz eta bizi dugun abagune politiko eta ekonomikoa aldekoa ez izan, esperientzia ederra izaten ari da.

K.: Aurten UEUk 40 urte bete ditu. Zer moduzko sasoian iritsi da urtemuga borobil horretara?
K.A.: Batzuetan botila erdi beteta ikusten dut eta bestetan erdi hutsik. Oinarri sozial eta bazkideen inplikazioari dagokienez oso bizirik gaude, baina baliabide ekonomikoen aldetik, zoritxarrez oso mugatuta gaude. Diru-laguntzen deialdiak asko murriztu dira edota desagertu. Deialdietatik kanpo, Eusko Jaurlaritzatik urteetan partida izenduna jaso dugu, eta aurten kendu egin digute.

K.: Eta orain arteko ibilbideaz zer nolako balantzea egiten duzue?
K.A.: Euskara eta goi mailako kultur esparrua hurbildu ditugu. Garai batean euskarak eta unibertsitateak ez zuten harremanik, erabat bereizirik zeuden, baina UEUk apustua egin zuen euskara goi mailako kultur esparruan erabiltzeko, eta unibertsitatean sartzeko. Bistan da Euskal Unibertsitaterik ez dela, baina euskararen aitzinatzea nabarmena izan da alor unibertsitarioan. UEU, eta noski euskal kulturgintzako beste erakunde batzuk gabe, hori guztia ezinezkoa izango zen.

K.: Euskal Unibertsitatea sortzeko helburuarekin sortu zen UEU eta horretan dirau oraindik ere. Zer falta da hainbat jendek amesten duen xede nagusi hori betetzeko?
K.A.: Aldeko abagune politikorik gabe, ezinezkoa da Euskal Unibertsitatea sortzea. Baina ez gaitezen engaina, erabaki politiko bat baino gehiago behar dugu, proiektu sendoa, proiektuarekiko herri atxikimendua, baliabideak, eta abar.

K.: Akaso udako ikastaroengatik ezagutuko zaituzte gehienbat, baina ekimen mordoa bideratzen duzue, ezta?
K.A.: Hala da, udan sortu baginen ere, urtean zehar jarduera gehiago ditugu udan baino. Ikastaroak eskaintzen ditugu gure egoitzetan, bereziki Eibarko Markeskoa jauregian, gure egoitza akademikoa dena, eta horretaz gain jardunaldi espezializatuak antolatzen ditugu aditu euskaldunentzat, baita gradu-ondoko ikasketak eman ere. Liburugintzan 1977. urtean abiatu ginen eta lerro hori mantendu dugu orain arte. Gaur egun liburuak ez ezik, aldizkariak ere plazaratzen ditugu: Uztaro, Giza eta Gizarte Zientziei buruzko aldizkari zientifikoa, eta beste bietan, Aldiri eta Kondaira, Arkitektura eta Historia jorratzen dira. Gainera azken urteetan hainbat proiektu teknologiko abian jarri ditugu eta dozena bat web gune sortu, garatu eta kudeatzen ditugu.

K.: Zer prestatu duzue urtemuga ospatzeko?
K.A.: Udako Ikastaroen 40. edizioa ospatzeko izaera desberdineko zenbait jarduera abian jarri ditugu. Esate baterako, Udako Ikastaroak ezagutu dituztenen bizipenen bloga, UEUko ikastaroak, liburuak nahiz bestelako zerbitzuak oparitzeko bonoak, Bilbon ekainean antolatutako hitzaldi-sorta… Nola ez, Ipar Euskal Herrian hasi ziren Udako Ikastaro haiek gogoan ekitaldi bat antolatu dugu Baionako Euskal Museoan.

K.: Eta etorkizunera begira, zer erronka?
K.A.: Euskal Unibertsitatea sortzea eta horretan lanean jarraitzea ilusiorik galdu gabe.


komikia 161
Mintzakide egitasmoa
Pablo Kormenzana. Mintzakideko dinamizatzailea

Oraintxe itxi berri dugu Iruñerriko eta Tafallako Mintzakide zortzigarren ikasturtea eta aurtengo partaidetza eta arrakasta mantentzea izango da, besteak beste, Mintzakideren ikasturte berrirako ezarritako helburuetako bat. Mintzakide egitasmoa hitz egiteko ohitura duten hiztunak ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Elkartze horren bitartez, euskarazko harreman sare berriak sortu eta euskara ikasle helduen ikas prozesua arintzea bilatzen da besteak beste. Euskara erabiltzeko zailtasuna dutenei beren egunerokotasunean eta maiztasun jakin batekin (normalean astean behin) benetako egoeretan euskaraz ordu batzuetan aritzeko eta bizitzeko aukera eskaintzen die Mintzakidek. Bestalde, euskaldun zaharrak edo osoak daude eta horien zeregin eta inplikazioa funtsezkoa da bi aldeko proiektu hau aurrera eramateko. Argi dago bi partaide multzo horiek motibazio ezberdinak dituztela eta bakoitzak, gainera, Mintzakiden parte hartzeko askotariko arrazoiak izan ditzakeela.

Aitortu behar dut bukatzen ari den ikasturte honetan matrikulazio kanpaina ireki genuenean izandako arrakasta ez genuela espero. Aurreko ikasturteko matrikula kopurua gainditzea genuen helburu, baina ia bikoiztu ez. Ustekabean harrapatu gintuen. Luze eta sakon hitz egin dugu proiektu honen babesle, sustatzaile eta eragileekin, baita mintzapraktikako batzarretan ere, izandako igoeraren arrazoiak aztertzeko. Aurtengo partaideen erantzuna ikusita, atera ditugun ondorioen artean, proiektu hau behar-beharrezkoa dela, partaideak ilusioz eta gogotsu aritzen direla, euren euskara maila nabarmen hobetzen dela eta Iruñerrian eta Tafallan euskaraz mintzatu eta euskaraz bizi nahi dugula nabarmen geratu da eta, horretarako, bai Nafarroako Topaguneak bai Mintzakide egitasmoaren sustatzaile eta babesle guztiok gure esku dagoen guztia jarriko dugu euskaraz bizi nahi duenari egin beharrekoa errazteko eta ahalbidetzeko.

400 lagun baino gehiago ibili dira Iruñerriko eta Tafallako karriketan zehar astelehenetik igandera, goiz-goizetik gauera. Batzuk hamaiketakoa hartzera, beste batzuk afaltzera, paseoan ibiltzera, umeekin parkean jolasean aritzera, poteoan, antzerkian eta bertso saioetan… elkartzen dira eta denek euskaraz egiten dute.  Asteko saioaz gain, hilero saio osagarriak burutu ditugu, hala nola Nafarroako museora eginiko bisita gidatua -euskaraz- (67 lagun bildu ginen 3 saiotan), Iruñeko Andra Mari katedralerako bisita gidatua (45 lagun 2 saiotan), Altsasuko inauteriak ezagutzeko txangoa (20 bat lagun) eta hain kulturalak ez diren beste batzuk, mendi irteera eta sagardotegi irteera (25 bat lagun) eta beste zenbait txango, mintza-poteo, e.a., taldeen arteko ezagutza sustatzeko, sareak ehuntzeko eta indartzeko. Hamabostean behin igandearekin, Mintzakide Mendi Taldearekin euskal herriko gailur eta mendiak ezagutzeko aukera izan dute, eurek antolatu dituzten 18 txangoetan. 
Aipatu dudan bezala, 400 lagunen muga luze gainditu dugu Iruñerriko eta Tafallako Mintzakiden. Euskal Herriko mintzapraktika egitasmoetarik kopuruetan gehien hazi den programa Mintzakide izan da; beraz, milesker guztioi. Zalantzarik gabe Mintzakidek bere funtzioa betetzen du euskalduntze prozesuan nahiz euskara berreskuratzeko prozesuan: sartzen diren lagunei harreman sareak zabaldu eta euskara erabiltzeko aukera paregabea eskaintzen die. Mintzapraktika programa hauek, egun 4.800 bat lagun 67 egitasmotan, euskal hiztunon komunitatea hazten laguntzeaz gain, erabilera gune berriak eta sare berriak sortzen ere laguntzen dute. Zeresanik ez dago herri eta auzo horietako karrika, taberna, enparantza eta abarretako paisaia linguistikoak aldaketa nabaria izan duela, bertako kale erabilera handituz.

 

 

Karrika 160. 2012ko ekaina

Gunea 2012-Aitor EtxarteGunea egunetik Larrabetzuko Literaturiara

Aurreko Karrikan aurreratu genizuen moduan, bazkide kuota ordaintzen duten lagunak alde batera utzita, paperezko Karrika bidaltzen jarraitzeko laguntza txiki bat eskatzen genizuen (10 euro urteko) inprenta eta bidalketa gastuek ekartzen duten diru kopuruari behar bezala aurre egiteko. Hasi gara jada zenbait jenderen datuak hartzen eta gogoratu nahiko genizueke udara bitarte (uztailaren amaiera arte) izanen duzuela gurekin harremanetan jartzeko aukera, izan ere oporren ostean ekinen baitiogu paperezko aldizkarien kopurua murrizteari. Horrela bada, Karrika etxean eta paperean jaso nahi baduzue, jarri gurekin harremanetan (bulegoa@karrikiri.org) lehenbailehen zuen datuak emateko eta PDFn jaso nahi duzuenok eman zuen emaila.

Esker mila!!
Eta Karrikan laster eginen ditugun aldaketa horietaz gain, beste hainbat ekimenetan gabiltza azken boladan. Besteak beste, pasa den hilaren 19an Topaguneak Euskal Herriko euskara elkarteei begira antolatutako Gunean. Bertan, egiten ditugun ekimen batzuen berri eman eta beste elkarte batzuek bideratzen dituztenak ezagutzeko parada izan genuen. Gustura ibili ginen bertan eta espero dezagun etorkizunean ere elkarri lagundu eta partekatzeko aukera gehiago izanen ditugula.

Eta Azkoitiko hitzordu hartan hain zuzen ere Karrisolasaz solastu ginen, eta hilabete honetan hausnarketarako bide berriari helduko diogu Bat Soziolinguistika aldizkarian argitaratutako Albert Bastardas Bartzelonako Unibertsitateko irakaslearen “Ekologiatik hizkuntza-iraunkortasunera: marko teorikotik proposamen praktikoetara” hizpide hartuta. Izenburuak dioen moduan, azken urteotan bolo-bolo dabilen ekologismoaren gaia jorratuko dugu hizkuntzari lotuta. Hitzordua, betiko moduan, Xabier karrikako 4an dagoen gure Karrikiri dendan izanen da ekainaren 20ean. Pastak eta tea/kafea gure kontu. Solasa, denon esku. Ongi etorri!!

Eta azkeneko hilabeteotako martxari eusteko, Karridenda ibiltariak bere bidea egiten jarraitzen du eta ekain partean Euskal Herriko bi txoko interesgarri bisitatuko ditugu; ekainaren 1, 2 eta 3an Larrabetzun eginen den Literaturia euskal liburuaren feria eta ekainaren 17an Labastidan eginen den Araba Euskaraz festa. Gogorik baduzue gurekin etortzeko, jarri gurekin harremanetan eta lana egiteaz gain, lasai egon jarana ere egiten saiatuko baikara. Animatzen?

Izan ongi!!


Bi puntu zero aldizkariaIosu Ganuza. BiPuntuZero aldizkaria

Xuka aldizkariak 100. alea argitaratu ondoren, agur esan eta BiPuntuZero bilakatu da maiatzaz geroztik Atarrabiako Karrikaluze elkartearen hedabidea. Iosu Ganuza argitalpen berri honen koordinazioaz, maketazioaz eta diseinuaz arduratzen da eta harengana jo dugu sortu berri den aldizkariaz gehiago jakiteko asmoz.

K. Krisi garai hauetan apustu ederra zuena, ezta? Nolatan ausartu zarete?
I.G. Apustuak ederrak izan ohi dira, batez ere beharrezkoak direnean. Garai berriak dira eta aldaketa ugari egon da; bai Karrikaluzetik kanpo, bai barnean ere. Hau dela eta, ezinbestekoa zitzaigun gure komunikabidea aldatzea. Izan ere, aurreko urtean zehar hainbat ekintza burutu genituen gure elkartearen irudia zaharberritzeko (EuskaldunON astea…). Honetaz gain gure komunikabidea Karrikaluzetik at zabaldu nahi genuen.
 
K. Zer berri dakar BiPuntuZerok Xukarekin alderatuta?
I.G. BiPuntuZerok parte hartzaileagoa izatea nahi dugu. Ez dugu nahi guk egin eta irakurleek irakurtzen duten lana izatea. Irakurle, bazkide edo beste euskaltzaleen esku-hartzea sustatu nahi dugu beraiek ere artikuluak idatziz, lehiaketarekin edota hurrengo aleetan agertuko diren berritasunen bitartez.
Honetaz aparte, hiruhilabetekaria izango da, Xuka hilabetekaria zen bitartean. Bi Puntu Zero-k informazio zabalagoa eskaintzen du, ez da Karrikaluzeko barne-buletina. Azpitituluak esaten duen moduan “Euskaldunon aldizkaria” izatea nahi dugu.
Hala ere, Karrikaluzeko aldizkaria ere bada, horregatik barneko berri batzuk argitaratzen dira. Gure asmoa da bazkide eta kideek ere parte hartzea; hori dela eta, badaude sekzio batzuk, non horiek idazten duten: atal urdina (Jauzi, Larunblai eta Baterako haur eta begiraleek), atal berdea (Isekako gazteek)…

K. Aldizkari berria zer xederekin sortu da eta nori zuzenduta dago?
I.G. Hiru xede aipatuko nituzke komunikazio arduradun gisa: zaharberritzea, mugak zabaltzea eta parte-hartzea. Hauek kontuan harturik uste dut erakargarritasuna izan daitekeela xede nagusia.
Oraindik ezagutzen ez duenarentzat, zer eduki lantzeko asmoa duzue?
Orokorrean edukiak markaturik daude. Hala ere hasierako aleen artean aldaketak sumatuko ditugula uste dut, bai maketazioa eta bai edukiari dagokienez. Dena den, lan honetan hasi ginenean eduki orokor batzuek ardatz izan behar dutela garbi izan dugu: Karrikaluzeko atala, barne informazioa eskainiz; gure txiki eta gazteek landutako atalak haiek sortu, egin edo kontatutako ekintzekin; gai orokorrak; argazkiak… Honetaz gain HoroskopON eta errezeta ditugu, informazioaz eta iritziaz aparte zer edo zer dibertigarria egiteko.

K. Eta horietaz gain kolaboratzaileen ekarpenak, Joxerra Gartziarena kasu, ezta?
I.G. Bai. Aurretik esan dudan moduan, elkarteaz haratago joan nahi dugu. Horregatik deitzen da BiPuntuZero. Izen horrekin ezagutzen dira gaur egungo web-guneak. Horietan komunikazioa aldebikoa da. Hau da, irakurleek ere aukera dute horietan parte hartzeko. Gainera, aldizkariak zabaltasuna izatea nahi genuen, euskaldunon erreferentziazko lana izatea. Hau zela eta, Joxerra Gartziari kolaboratzeko eskatu genion. Nik unibertsitatetik ezagutzen nuen eta pentsatu nuen pertsona ezin hobea zela gure aldizkarian idazteko; gure irakurleei zuzentzeko pertsona egokia, esaten duenagatik eta bere komunikatzeko eragatik.

K. Etxean jaso nahi izanez gero, zer egin behar da?
I.G. Aldizkaria jaso nahi izanez gero, zuzendu e-postaz komunikazioa@karrikaluze.org helbidera. Atarrabiakoak ez diren irakurleei postaz bidaltzen dizkiegu aleak. Hala ere, zerbitzu berri bat eskainiko dugu aldizkaria elektronikoki jasotzeko, izan ere, hasieran galdetu duzuen moduan krisi garaiak dira eta aurreztu egin behar da. Horrela izatekotan ere helbide horretara jo behar duzue.


komikia 160Aukera on
Lontxo Aburuza. Irakaslea

Arnasteko airearen beharra bezalaxe, goizean jaikitzean, hurbileko albisteen jakinmina sentitzen dut eta urrutiko albisteena ere pittin bat bai. Gustuko dut bezperan edo gauean  zer gertatu den jakitea eta egunak zer ekarriko didan aurreikustea. Informazio hori Berria egunkariak ematen dit paperean eta Euskalerria irratiak ahoz. Biak ditut kuttunak, baina bigarrena erosoagoa egiten zait; albiste kaskarra ongi kontatua bada, belarrira  xamurkiago  barneratzen da.
Iruñerrian bizi garen euskaldunok jakin badakigu gure “euskal unibertsoa” 40.000 pertsonak osatzen dugula eta auzo desberdinetan barreiaturik gaudela. Honek euskaraz bizitzeko eragozpenak berarekin ditu eta irakaskuntzan ari garenak, salbuespen gisa, ia egun osoz bizi dugu euskaraz mintzatzeko aukera.
Egunean zehar, harremanak kontu, euskaraz solasteko aukera bakanak izaten ditugu. Bestalde nire euskaltasuna muga nezake gelara, eskolara eta auzora; baina ez. Zeren itogarria gertatuko bailitzaidake gelara mugatuko banu edota soilik eskolara. Etorkizuna euskaraz ere nahi  badugu, derrigortuak gaude auzoa, kalea eta Iruñerriko euskal giroa sendotzera. Beharrezkoak eta derrigorrezkoak  ikusten ditut: euskal teknikari dinamizatzaileak, auzoetako euskal topaguneak-elkarteak, eskoletako euskara sustatze kanpainak, Sortzen Jaialdia, Nafarroa Oinez… e.a luzea. Baina, zer ginateke Euskalerria irratirik gabe ?
Hogeita bost urtez, bertako albisteak aireratu  dizkigu, urrutikoak bertaratu eta ia 100 kolaboratzaile fideli esker gai askori buruz informazioa eguneratu. Niri ez zait aski ikasleei dakidana  transmititzea, neuk ere elikatu beharra sentitzen dut eta nik ere nonbaitetik edan beharra dut. Euskarazko irrati on batek hizkuntza jasoa erabiltzen du, eta horrek oharkabean, neurri batean, elikatzen nau/gaitu. Gai desberdinak eta egunean egunekoak jartzen dizkigu aurrez aurre, kolaboratzaileen ekarpen  eta gogoeta sakonak, adituen iritzi kontrajarriak,… Azken finean, Iruñerriko euskaldun orori ateak ireki dizkio, elikatu/tzen gaitu eta euskaldun ororen topagune izaten  ahalegintzen da.
Horrenbeste urtez lanean aritzeak  ia betikotasun gradua eman liezaioke irratiari eta norbaitek pentsa dezake zerutiarra dela, baina ez. Duela 25 urte ideia izan eta elkartea abian jarri zutenek ongi dakite 800 bazkidek urtero txintxo ordaintzeko izan duten fideltasuna. Harro gaude euskalzale-irratizale guztien ekarpenekin; antzekorik ez dugu ezagutzen.
Eta zergatik orain bazkide berriak aurkitzeko kanpaina ?
Krisiak bete betean harrapatzen gaituenean hauek eskera datoz? esango du norbaitek. Eta nora eta irakaskuntzara? Gainera hauek eta besteak eta…
Bakoitzak dakigu ongien gure sos apurrak nola baliatu. Argi dakusat gure euskaltasunak prezio-kostua duela eta gure inguruan ditugun proiektuak ikusirik hautatu beharrean aurkitzen gara. Iaz kapital hedapena eginez jarraitu ahal izan genuen lanean eta aurten bazkide berriak eginez indarberritze prozesuari bultzada eman nahi diogu, Web orri berria, irrati hurbila, dinamikoa, euskaldun ororen topagune eta profesionala. Duela hilabete bat lizentzia eskuratzeko eskaria aurkeztu genuen eta uda partean espero dugu horren erantzuna jasotzea.  Aurreko lizentzia eskariak arrazoirik gabe ukatu zituzten, ondoren epaiak irratiaren aldekoak izanagatik, epaiketen bide luze horretan jarraitzen dugu.  Beraz zailtasunei aurre eginez, badakigu ataka estuetatik ateratzen eta dozena bat urte daramatzagunez bazkide kanpainarik egiteke, ohartzen gara euskalgintzan ari den langile multzo batek bere eskua luza dakigukeela.
Zure eskuzabaltasuna nahi dugu,  horri zintzo eta apaltasunez irratiko esatariek eta kolaboratzaileek ahotsa eta musika jarriko  diote. Ziur izan hortaz eta elkarlanak fruituak ematen jarrai dezan, esker mila.

 

 

Ekologiatik hizkuntza-iraunkortasunera

Ekologiatik hizkuntz iraunkortasunera
Albert Bastarda. Unibertsitateko irakaslea
Bat Soziolinguistika aldizkariaren 81. alea

Sarrera
Oso pozik nago euskal herrira etortzeaz eta euskararen berreskuratzeprozesua nola ari den gauzatzen ikusteaz; izan ere, zinez da prozesu garrantzitsua eta miresgarria. ez zarete jabetzen zeinen garrantzitsua den herrialde honetan euskara, antzinako hizkuntza dena, berreskuratzeko eta gure garaira ekartzeko egiten ari zareten lana. ezohiko prozesua da, eta, batzuetan, prozesu horretan buru-belarri sartuta daudenak ez dira konturatzen zeinen garrantzitsua den gertatzen ari dena. Aspaldian ez naiz etorri euskal herrira, baina sinets iezadazue: ezohiko prozesua da. egindako aurrerabideari begiratuta —argi dago, hainbat arrazoi tarteko, nahi genukeen baino gutxiago egin dela aurrera—, zorionak eman behar dizkiot talde honi eta, batez ere, hizkuntzaren alde lan egiteko bildutako udalerriei (ueMA). etortzen naizen bakoitzean txunditu egiten nau zer-nolako gaitasuna duen herrialde honek, edo, herritarrek, hobeto esanda, antolatzeko eta, irudimenaren bidez, ekiteko modu berriak asmatzeko eta behin betiko konponbideak aurkitzeko. Nik ideia batzuk baino ez ditut; dena den, konturatu naiz zuen teorizazio-maila handia dela eta ekintza ugari dituzuela abian.

HIzkuntza-ekologiatik hizkuntza irainkortasunera
Pentsatzen aritu naiz gai honi lotutako zer ideia erabil ditzakezuen eguneroko lanean. Hizkuntza-ekologiatik hizkuntza-iraunkortasunera azalduko dut; izan ere, marko teorikotik marko propositibora eta praktikora igarotzeko bidea da, nolabait. Teoriatik praktikarako urratsa da ekologiatik iraunkortasunerako jauzia. dirudienez, haugen hizkuntzalari norvegiar eta iparramerikarrak erabili zuen lehenbiziko aldiz hizkuntza-ekologiaren kontzeptua 1972an. dena den, hizkuntza-iraunkortasun ofizialaren kontzeptua 1992an sortu zen rioko goi-bileran. han sortu zen, hain zuzen, garapen iraunkorraren kontzeptua, iraunkortasunaren filosofiaren oinarri dena. hasieran, ekologiari buruzko teorizazioak biodibertsitatea eta espezieen habitata hartu zituen ikergaitzat, eta gero, giza espeziea.
zer baldintza behar ditu giza espezieak bizitzeko? orain arteko hazkunde neurrigabeak aurrera jarraitzen badu eta natura-ekosistemak suntsitzen jarraitzen badugu, landare-eta animalia-espezieak ez ezik, giza espeziea ere desagertu egingo da. hitzaldi honetan, jakintzat ematen da hori gertatuko dela. horrek iraunkortasunaren filosofiara garamatza. Filosofia horren helburua da natura-ekosistemen babesa eta gizakion  ongizatea eta zoriontasun soziala nahiz ekonomikoa uztartzea. Nola jarraitu, baina, ekonomiaren eta gizartearen aldetik aurrera egiten, gizakiok ezinbestekotzat ditugun natura-ekosistemak suntsitu gabe? horra hor erronka. Nire ustez, hori da iraunkortasunaren filosofiaren funtsa. Soziolinguisten ikuspuntutik begiratuta, kontua da jakitea nola aplikatu ekologiaren eta iraunkortasunaren arloko ideiak hizkuntzen arlora.
heinar haugenek teoria 1972an sortu zuen arren, geroago garatu zen, noiz eta dibertsitatearen aldeko mugimendu ekologistek indarra hartu zutenean. Soziolinguistek aukera berriak ikusi zituzten. ekologoak eta bioekologoak biodibertsitatearen teoria garatzen, hobeto ulertzen eta defendatzen ari zirela ikusita, soziolinguistak konturatu ziren teoria hori erabil zezaketela hizkuntzen dibertsitatea ulertzeko eta mantentzeko. Mundu osoko hainbat hizkuntzalarik analogia hori landu zuten, eta, horrela, hizkuntza-ekologiaren teoria garatu zuten.
horrez gainera, analogia hori balioei aplikatu zieten. gure helburua garrantzitsua da, eta euskal komunitatearentzat ere lehentasuna du. gizarteak ingurumenarekiko ekologikoa terminoa onartu du, eta horrek aukera ematen digu hizkuntza-ekologia terminoa mahaigaineratzeko; izan ere, gaur egun, positiboa da ekologiaren etiketa; are gehiago, gizartean praktikotzat jotzen da.
hortaz, hizkuntza-ekologia kontzeptua mahaigaineratzeko aukera dugu. kontraesana da: biodibertsitatearen alde bagaude, nola liteke gizadia hizkuntza-dibertsitatea defendatzeko prest ez egotea?

Zerk huts egiten du?
Okerra da gizakiok geure buruaz dugun errepresentazioa: landare-eta animalia-espezieak babesteko politikak onesten ditugu, baina guk geuk sortutako espezie soziokulturalen eta hizkuntza-sistemen galerak ez digu kezka handirik eragiten.
Balioetsi egin behar da giza diasporak planeta osoan mendeetan zehar sortu duen aberastasuna. demagun giza espeziea Afrikan sortu zela, eta munduan zehar hedatu eta dibertsifikatu zela. Nola liteke horren balioa ez balioestea? Nola onar dezakegu akritikoki eta ezer egin gabe giza hizkuntzen habitatak suntsitzea? Nire ustez, zeregin ideologiko garrantzitsu bat egin behar dugu: talde nagusiei elkartasuna eskatu behar diegu; izan ere, haien laguntzarik gabe, talde ertainek eta txikiek ezingo dute bizi.
zer irakasten digu biodibertsitatearen salbazioak? gure jardunaren xedea habitatak izan behar direla irakasten digu. Izan ere, gauzak ez dira beren kasa existitzen (hori ez da ekologia, baizik eta sena, gauza konplexuen sena); aitzitik, testuinguruan betetzen dituzten helburuen arabera existitzen dira. Testuinguruan eginkizun jakin batzuk betetzen dituztelako existitzen dira hizkuntzak; bestela, zergatik existituko dira? hizkuntza bat ez da bere kabuz existitzen; aitzitik, hizkuntza hori darabilten hiztunentzat eta gizartearentzat erabilgarria delako existitzen da. Beraz, hizkuntza bat salbatzeko, ez da hizkuntza bera salbatu behar, baizik eta haren habitata; hau da, haren garapen-eremua, existentziaren testuingurua. hori dela eta, gutxieneko ekosistema egokiak eraiki behar ditugu, hizkuntza gordetzeko eta garatzeko. hauxe da erronka: ekosistema soziopolitikoak eta kulturalak eraikitzea gizakiok hizkuntza-kodea erabiltzen jarrai dezagun. hortaz, hizkuntzak berak baino garrantzi handiago du testuinguruak, hots, hizkuntzaren habitatak.

Zer egiten dugu biodibertsitatearen arloan?
Ikertu egiten dugu Lurrean zer espezie dauden mehatxatuta edo galzorian. Noren errua da espezieak desagertzea? espezieena? ez! espezieek ez dute desagertu nahi! haien habitat naturala suntsitzen denean desagertzen dira espezieak. hizkuntzekin hori bera gertatzen da.
gainera, guretzat hizkuntzen arazoa beste hizkuntzak dira: zein da beste hizkuntzekiko loturaren oinarrizko kontzeptua? hizkuntza bat ez da galtzen hiztunek bat-batean hitz egiteari uzten diotelako edo mututu egiten direlako, baizik eta hiztunek beste hizkuntza bat hitz egitea erabakitzen dutelako, hau da, hizkuntza ordezten dutelako. hizkuntza bat hiltzen denean, giza komunikazioa ez da bertan behera gelditzen; hizkuntza-kodea ordezten da.
Beraz, hizkuntza-ekologiari buruz teorizatzen dugunean, kontuan hartu behar dugu lehiaren kontzeptua; izan ere, hizkuntzen arteko lotura —erromantikoak izan nahi badugu ere— tirabiratsua eta gatazkatsua izan daiteke. hizkuntza batek beste hizkuntza baten eginkizuna bereganatzen duelako gertatzen da hori. hori dela eta, arazo bat sortuko da; pertsonok arrazoizkotasunez, senidetasunez eta elkartasunez konpondu beharko dugun arazo bat, hain zuzen. eta hori teorizatu egin dezakegu; izan ere, hizkuntzen galeraren eragileetako bat hizkuntza handien jarduna da; hau da, gizadia menderatu duten hizkuntza-talde handien jarduna. Beste hizkuntza batzuk jan dituztelako dira hizkuntzak handiak; hau da, jatorrizko eremutik atera eta beste hizkuntzei zegozkien eremuak eta eginkizunak bereganatu dituzte. horregatik, espezieen arteko lehia, eta, beraz, hizkuntzen arteko lehia, hartu behar dugu abiapuntutzat. esate baterako, hizkuntza-taldeek, landare-espezieek bezala, bizitzeko espazioa behar dute; bestela, espezie batzuek beste espezie batzuk jaten dituzte.
Bi espezie lehian daudenean, zenbat elementuk hartzen dute parte? gaingiroki aztertuz gero, bi elementuk parte hartzen dutela esango dugu. Baina oker gaude; izan ere, hizkuntzez gainera, beste elementu garrantzitsu bat dago: testuingurua. hizkuntzak beti daude testuinguru jakin batean; testuinguruak espezie jakin baten alde egingo du. hortaz, espezieen arteko lehia aztertzen dugunean, espezieak beren testuinguruan aztertu behar ditugu.
esate baterako, azter dezagun hizkuntza-berdintasunaren gaia katalunian eta euskal herrian, legelarien ikuspuntutik. hasteko, hizkuntza-komunitate horien hizkuntza-berdintasunak aztertzean, kontuan izan behar dugu hizkuntza-komunitate horietako batek besteak baino hiztun gutxiago dituela. Bi hizkuntzak ez daude egoera berdinean. hori dela eta, egoera hori konpentsatuko duen testuingurua sortu behar dugu. Ezberdinak diren gauzak berdintzat hartzea diskriminazioa da, diskriminatzailea da. hortaz, testuinguruaren ikuspegia izateko, ezinbestekoa da berdintasun-politikek ekitate-politikak sortzea, berez ezberdina dena berdintzeko, betiere, kontzeptu orokorra kontuan hartuta.
garrantzitsua da galzorian dauden hizkuntzen mapa kontuan izatea; izan ere, hizkuntzak desagertzearen arriskua mundu-mailako arazoa da: hizkuntza-ekologiaren gaia mundu osoan kontuan hartu beharreko gaia da, eta hori, nolabait, ona da guretzat; izan ere, baieztatu egiten digu ez garela arazo hori dugun bakarrak: espezie guztiek jakin behar dute nola kudeatu beren espeziearen hizkuntza- eta kultura-dibertsitatea. horregatik, mundu osoko arazoa denez, gure ekarpena mundu osoarentzat izango da onuragarria.

Zein da ekologiaren arrazoibidea?
Ekologiak espezieak eta haien habitata lotzen ditu. hainbat tresna kontzeptual eta eredu sortu ditu ekosistemak aztertzeko. ekosistema bat hainbat elementuren bat-egitea da; bat-egite horren helburua da funtzionalki integratutako sistema bat mantentzea. hau da, ekosistemak bereizi egiten ditu elementu nagusiak eta gainerako elementuak. Ideia hori hizkuntzen eremura ekartzen badugu, helburua da hizkuntza-ekosistemaren elementu nagusiak zein diren identifikatzea; hau da, hizkuntza batek ezin baditu hizkuntza handi baten elementu guztiak izan, zer elementu dira funtsezkoak hizkuntza hori gordetzeko eta garatzeko?
Hau da aztertu behar duguna: zer lotura egon behar du banakako elementuen eta elementu guztien artean, hizkuntzek bizirik jarraitzeko? zein dira funtsezko, oinarrizko eta bigarren mailako elementuak? Azken finean, hori egiten dute hizkuntza-politikek. Baina, tamalez, gerta daiteke politikak oker egotea; hau da, garrantzizkotzat hartu ez diren elementuek garrantzi handiagoa izatea garrantzizkotzat hartu diren elementuek baino. horregatik, egokiak izan daitezen, etengabe aztertu behar dira hizkuntza-politikak.
egoera soziolinguistiko guztiak ezberdinak dira. euskararen egoera ez da katalanaren edo gaelikoaren egoera. erantzuna egoerara egokitu behar da. hortaz, nahiz eta hizkuntza-ekologia orokorra izan, egoera jakin batean aplikatzen denean, egoera jakin horren ekologia bilakatu behar da, hots, berariazkoa eta zehatza, eta hori hizkuntza horretako hiztunek soilik egin dezakete.
Iraunkortasunaren kontzeptua eta praktika 1992an sortu zen; Brundtland txostena izan zen abiapuntua, hain zuzen ere. Funtsean, txosten horrek esaten du ezin diogula hazkunde mugagabean oinarritutako egungo ekonomia-ereduari eutsi; izan ere, eredu horrek izaki bizidunak desagerraraziko ditu. gizarte hedakorrak eta menderatzaileak ikuspegi unibertsaletik aztertu behar dira. hori garrantzitsua da; izan ere, mendeko taldeek, maiz, beren baitan ixteko joera dute; uste dute biktima bilakarazten dituen egoera ez dela beste inon gertatzen, eta ez dute kontuan hartzen espeziearen dimentsio hori. giza espeziearen talde txiki bat gara gu. Ikuspegi unibertsala garrantzitsua da teorizazioa egiteko; izan ere, helburua ez da hizkuntza-komunitate jakin batentzako teoria sortzea, baizik eta teoria unibertsal bat sortzea. Iraunkortasunaren filosofiak ere ezaugarri hori du: munduaren zati txiki bat gara, baina duintasun osoa dugu.
horrenbestez, iraunkortasunaren filosofiak ingurumenaren etika eta morala aldarrikatzen ditu. Filosofia horren arabera, gizakiok etikoki eta arduraz jokatu behar dugu ingurumenarekin. helburua da ekonomiaren nahiz gizartearen aurrerabidea eta ingurumenarekiko errespetua uztartzea. ekonomia-eredu eta gizarte hedakorrei aurka egin behar diegu. Ideia hori hizkuntzen iraunkortasunari aplikatzeak hizkuntza hedakorrei, hizkuntza menderatzaileei eta hizkuntzaren eginkizunak neurriz kanpo erabili nahi dituzten hizkuntzei aurka egitea dakar. Ikuspuntu hori hartzen badugu, iraunkortasuna unibertsal bilakatzen da; ikuspegi unibertsal hori gure egin nahi dugu, hain zuzen ere. gureak bezalako hizkuntzakomunitateek ez diote komunikazio unibertsalari uko egiten; aitzitik, gainerako taldeekin ulertzeko gai den giza espeziaren parte izan nahi dugu. guk ez dugu isolatzerik nahi, ez dugu elebakar izan nahi. Alderantziz, eleaniztunak izan nahi dugu; kultura-aniztasunaren erronka onartzen dugu. erronka hori onartzen dugu, bai, baina, lehenik eta behin, norberaren hizkuntza babesteko erantzukizuna dugu. Funtsezkoa da hori. Norberaren hizkuntzari buruz pentsatzeak ez du esan nahi komunikazio unibertsalari uko egiten diogunik, ez eta alderantziz ere.
paradigma horrek XXI. mendeko gizakiaren modernotasunera garamatza. pentsa dezakegu horrek zalantzan jartzen duela gizakiok dikotomien bidez pentsatzeko dugun joera; hau da, gauza baten alde bagaude beste gauza baten aurka egon behar dugula pentsatzeko dugun joera. gauza bat “edo” beste bat izan behar dugula pentsatu beharrean, gauza bat eta beste hainbat gauza izan gaitezkeela pentsatzen badugu, tarte bat irekitzen diogu epistemologiari, bai eta sormenari ere, eta horrek aukera ematen digu “eta” hori nola antolatu aztertzeko; izan ere, gizakiok gauza asko gara aldi berean; hau da, hainbat identitate, hizkuntza eta eginkizun izan ditzakegu.
Ingurumenaren auziak hizkuntzen hierarkia desagerrarazi behar du. hizkuntza bertan behera uzteko arrazoietako bat beste hizkuntza hobea dela pentsatzea da, eta norberarena kaskarragoa. Nolabait esatearren, hiztun horiek hizkuntza-duintasuna galdu dute. dena den, argi izan behar dugu agian beste hizkuntza batzuk behar ditugula beste hizkuntza-talde batzuetako gizakiekin hitz egiteko. Baliteke gizakiok gure espezieari dagokion lingua franca bat izatea. Badirudi ingelesa ari dela eginkizun hori betetzen, gero eta gehiago gainera. hala eta guztiz ere, ez ditugu gauzak nahasi eta oker balioetsi behar. hizkuntza batzuk orokorrak dira, eta interkomunikazio-eginkizunak dituzte; horrek, ordea, ez du esan nahi gorenak direnik. Interkomunikazio-eginkizunak betetzen dituzte eta kito. hizkuntza orokorrak gorenak direla pentsatzea da arazoa. globala izateak ez du esan nahi gorena izatea; oso garrantzitsua da hizkuntza-taldeek hori kontuan hartzea.
hizkuntza-iraunkortasunak hizkuntza guztien duintasuna balioesten eta defendatzen du; horrez gainera, arrazoibide eta printzipio bideragarriak sortzen saiatzen da. esate baterako, ingurumen-iraunkortasunaren arloko alderdiak hizkuntzari aplikatzen badizkiogu, besteak beste, printzipio hau ezarriko dugu: erdara behar-beharrezko kasuetan soilik erabili behar da, hizkuntza-komunitatearen hizkuntzen eginkizunei ahalik eta kalte gutxien eragin diezaien. Bestela esanda, nahiz eta eleaniztasuna onartu eta beste hizkuntza batzuk jakin, hizkuntzen artean loturak eratzen ditugunean, lehentasuna eman behar diogu gure hizkuntza erabiltzeari: oinarri-oinarrizkoa da.

Demagun giza talde guztiak harremanetan egongo direla; nolakoa izan beharko du harreman horrek iraunkorra izateko? hizkuntza-harreman iraunkorrak baldintza hau bete behar du: erdararen eraginak eta erabilerak mugatua izan behar du; hau da, ez dio norberaren hizkuntzen jarraitutasun egonkorrari kalterik egin behar. Nahiz eta beste hizkuntza batzuk jakitea eta hizkuntzen arteko harremana aberasgarria izan, horrek ez du arriskuan jarri behar norberaren hizkuntzaren iraunkortasuna eta garapena.
zer egin dezake pertsona batek hizkuntza-iraunkortasunaren aldetik ekologikoagoa izateko? esate baterako, babes handiena behar duen hizkuntza erabil dezake beti. ekologikoa izateko, harremanetan eta argitalpenetan, norberaren hizkuntzari eman behar zaio lehentasuna. zer egin dezakete erakundeek eta udalek? ekologiaren ikuspuntua oinarri hartuta, lagundu beharreko komunitatearen hizkuntza erabili beharko dute lehentasunez.
hizkuntza-iraunkortasunaren helburua da tirabirak sortzen dituzten paradigmak bateratzea eta behar bezala antolatzea. horrek esan nahi du ekitateak izan behar duela garapen sozialaren eta ekonomikoaren oinarria (gogora dezagun ekitateak ez duela esan nahi berdintasuna, baizik eta desorekatuta dagoena orekatzea). horretarako, hizkuntzapolitikaren gaietan, espazio batzuk legezkotu egin behar dira, espazio horietan euskara eta katalana lehentasunez erabil daitezen. hemen, zuen mankomunitatean, udalerri euskaldunen Mankomunitateak euskara gordetzeko beharrezkoa den habitata sor dezake.
horrenbestez, kontua da ekonomia bizigaia eta bideragarria sortzea, eta hizkuntzari dagokionez, pertsonak erraztasunez jardutea. Bestela esanda, ezin dugu hizkuntza-komunitate zoriontsu bat eraiki, baldin eta etengabe ahalegina egin behar bada komunitatearen hizkuntza hitz egiteko. hezkuntza-politikek, gizarte-politikek eta bestelako politikek bermatu egin behar dute hizkuntza egunerokoan naturaltasunez eta zoriontasunez erabili ahal izatea; hori da, hain zuzen, lortu behar duguna.
Alderdi askoko pentsamoldea izan behar dugu, sarri tentsioan egoten diren gauzak antolatzeko. demagun hizkuntzak espezietzat hartzen ditugula eta alderdi horiek esate baterako, alderdi ekonomikoa kontuan hartzen ditugula; nola antolatuko dugu hizkuntzen arteko harremana? hemen, gizarte-erantzukizun korporatiboaren aldetik ari zarete alderdi hori lantzen, gizarte-erantzukizun korporatiboa euskararen, katalanaren eta beste hizkuntza batzuen aldeko apustua egiten duen enpresa-etika eratzailea den aldetik. hori garrantzitsua da. Arrazoibide horrek eragina izan dezake erakundeetan: gure arloan ingurumen-inpaktuaren ikerketak egitea mahaigaineratu daiteke; hau da, inpaktu soziolinguistikoaren ikerketak egitea. ezinbestekoa da hori lortzea; izan ere, erakundeek eta instituzioek eragin handia dute arlo horretan.

Nola egin publizitatea?
Nola erlazionatzen dira erosle eta bezero izan daitezkeenekin? Nola antolatzen dute lan-jarduna? hori guztia garrantzitsua da hizkuntza modu naturalean mantentzeko. hortaz, enpresak konturatu egin behar dira haien eginkizuna ez dela onura ekonomikoa bermatzea soilik; aitzitik, konturatu egin behar dira gizartearen parte direla, eta, horrenbestez, gizartearen alde egin behar dutela lan, eta etika ekolinguistikoaren arabera jardun behar dutela.
Amaitzeko, kontura gaitezen hizkuntza-ekosistemak batez ere pertsonak direla: ez dira hizkuntzak soilik, baizik eta hiztunak. ez dezagun ahaztu giza konplexutasuna: hizkuntzek ez dute ezaugarri gizatiarrik; pertsonok ditugu ezaugarri gizatiarrak.
Nolakoa izan behar du ekologia soziokognitiboak? ekologia soziokognitiboaren bidez, pertsonen ikuspuntutik azter ditzakegu hizkuntzen ekosistemak. ekologia soziokognitiboak bi ikuspegi hartzen ditu kontuan: alde batetik, ikuspegi soziolinguistiko tradizionala, soziologiaren oinarrizko teoriak oinarritzat hartzen dituena; eta, bestetik, ikuspegi kognitiboa. hori garrantzitsua da; izan ere, urte askotan zehar, soziologiak XIX. mendeko arrazoibidea hartu du oinarritzat. Beste zientzia batzuek bezala, esate baterako, psikologiak bezala, soziologiaren helburua zen zientziatzat aintzatetsia izatea. horregatik, fisikaren parametroak imitatzen saiatu ziren soziologoak. Lehenengo soziologoek fisika soziala egin nahi zutela esaten zuten. hori dela eta, garrantzi handia eman zioten enpirismoari eta gizakion alderdi mentala baztertu zuten. hori, ordea, akats larria da. gizarteak ulertzeko, eta, beraz, ikuspegi soziolinguistikoa ulertzeko, ezinbestekoa da ikuspegi mentala, kognitiboa eta kognitibo-emotiboa kontuan hartzea. kognizioa eta emozioak funtsezkoak dira. Nire ikasleei beti hitz egiten diet Norbert elias soziologoari buruz. hark gizaki baten garuna erakusten zien bere ikasleei, kontuan har zezaten soziologia eta ustezko aldaketak ulertzeko ezinbestekoa dela gizakion jokabidean garunak duen garrantziaz jabetzea. oso jarrera aurrerakoia da gizakion garunari horrenbesteko garrantzia ematea.

Zer ondoriozta dezakegu, baina, hortik?
Bada, hizkuntza-plangintza egitean, hainbat alderdi kontuan izan behar ditugula; besteak beste: errealitatea adierazteko gaitasuna eta hizkuntzak ikasteko gaitasuna.
hizkuntzak hiztunen ikuspuntutik aintzatestea, beraz, elkarri loturiko hiru zirkuluak aintzatestea da; hots, hizkuntzak ikuspuntu aktibotik existitzea ahalbidetzen duten zirkuluak aintzatestea. horregatik jartzen dut “languages” “in”-“ing”. Ideia hori Maturana eta Varela biologo kulturalena da –zinez dira apartak–. haien arabera, hizkuntzak ez dira hizkuntzak, baizik eta “languaging”: ez dira objektuak, baizik eta ekintza; funtsean, multzo dinamikoak dira. hori ulertzeko, aldi bereko hiru alderdi hauen ikuspegiak izan behar ditugu kontuan: psikosfera, soziosfera eta noosfera; hau da, eskema ideologikoen eta kontzeptualen eremua; esate baterako: mundua adierazteko kodea. esan beharra dago hizkuntzalariak urte askoan aritu direla horri buruz eztabaidan. zein da hizkuntzaren lekua, locusa? Nagusiki Saussurek garatutako dimentsio soziala? Chomskyren psikologia orokorra? hizkuntzalari klasikoen noosfera? Nork du arrazoi? denek dute arrazoia. edo pentsatu beharrean
“eta” pentsatzen badugu, denek dute arrazoia. egun, hizkuntza fenomeno psikologiko, soziologiko, sozial eta kontzeptual bat da. Jada ez dago kontraesanik. hizkuntzek aldi bereko hiru dimentsio horiek dituzte. horrek, noski, aldaketa epistemologiko handia dakar.
horiek horrela, hizkuntza-ekologiaren teorizazioak bat etorri behar du ikuspegi horrekin. helburuak ezartzean, kontuan hartu behar ditugu pertsonen ikuspegiak eta arrazoibide nagusiak. Baina, nola konbentzituko ditugu gizabanakoak? zer mekanismoren bidez aldatuko ditugu jarrerak, errealitatearen adierazpenak eta ikuspegiak? hori guztia gizabanakoen garunean dago. ez gara gizaki itxiak.
horrez gainera, kontuan hartu behar dugu elkarrekintza soziala ere; izan ere, gizakiok ez gara guztiz independenteak, aitzitik, batasun bat osatzen dugu: gure barnean dagoen munduaren parte gara. zuek nire barnean zaudete, eta ni zuen parte naiz. Ikuspuntu mentalaren arabera, ni zuen pantailan nago, eta zuek nire pantailan. kanpokoa nire barnean dago. elkarri lotuta gaude. Aldi berean eta elkarren artean existitzen gara. hori ulertzea garrantzitsua da; izan ere, elkarrekiko erlazioak dira soziolinguistikaren abiapuntua.
Funtsezkoa da elkarrekiko erlazioak ulertzea hizkuntza-normalizazioak arrakasta izan dezan, batez ere, mikropolitiken arloan. Legedi bat egon behar da, bai eta ekintza politikoa ere. dena den, garrantzitsua da gizabanakoen eta taldeen artean, sare sozialetan eta elkartasunaren arloan elkarrekiko erlazioa nola gertatzen den aztertzea, eta erlazio horretan esku hartzea; izan ere, gizabanakoak ez dira banan-banan erlazionatzen besteekin, baizik eta sare moduan. hein batean, testuinguruak mugatzen du gizabanakoa: hark sortzen duen testuinguruak mugatzen du; hau da, elkarrekiko erlazioa dute.<0}
Nortasunaren dimentsioa. gai horri dagokionez, nola sailkatzen dute gizabanakoek beren burua? Nola lotzen dituzte hizkuntza eta nortasuna? Nola dago itxuratuta nortasunaren dimentsioa? Nolakoa da nortasuna? harriak bezalakoa al da? elementu fisikotzat hartzen al dugu? ez. Nortasuna ez da gauza fisiko bat. horregatik, hainbat nortasun izan ditzakegu, agian hainbat antolaketa-mailatan, baina, edonola ere, argi dago hainbat nortasun izan ditzakegula.
esate baterako, gure gizartean, askok esaten dute “ni X naiz”, “ni z naiz”, “ni X naiz, baina baita z pixka bat ere”… eta alderantziz… Nortasuna ez da objektu bat, baizik eta elementu kognitibo eta emozionalen multzoa. pertsonek taldeak osatzen dituzte, munduarekin duten erlazioaren arabera. kontua da nortasuna ez dela harri bat.
gizarte-ekosistemaren ikuspegi horren arabera, pertsonok hainbat talderen partaide gara eta gizarte-sistema zabal batean sartuta gaude. Sistema horrek gizabanakoari mugak jartzen dizkion plan ekonomiko bat du (ekonomiaren ikuspegia oso garrantzitsua da hizkuntzek irauteko; ezinbestekoa da hizkuntza eta ekonomia lotzea; hots, hizkuntza eta lana lotzea), bai eta teknologiaren eta komunikabideen alderdiak ere; bertan daude enklabe garaikide guztiak. horrek guztiak eragina du pentsatzeko moduan. konponbideak aurkitu behar ditugu. esate baterako, nola jardungo dugu ezin badugu eraginik izan teknologia arloko multinazionaletan? zer elementu sor ditzakegu tokian bertan multinazionalen jarduna orekatzeko?
eta, noski, ezin ahaztu politikaren arloa. hizkuntza-ekologia izateko, politika ezinbestekoa da. politikaren bidez, biziera kolektiboa antolatzen dugu. horren ondorioz, hizkuntza-taldeak ez badu behar adina kontrolatzen bere taldearen bilakaera, arazo bat jazoko da: mendekotasuna; batez ere, menderatutako taldea kontrolatzen duena ez bada talde horren aldekoa. horren ondorioz, kontrolean dagoenaren mende biziko da taldea. politikaren arloan jardutea funtsezkoa da; izan ere, piramidearen erpinean dago ekologia politikoa (botere politikoa); adimena, elkarrekintza, taldeak eta ekonomia baino gorago, hain zuzen. Izan ere, botere nagusia da. Nahiz eta dena ez antolatu, gainerako dimentsioak dezente antolatzen ditu.

Mundu global batean bizi gara; mundu global eta lokal batean. globalizazioa ez da gugandik urruti gertatzen; aitzitik, globalizazioa tokian tokiko bizimoduarekin lotuta dago, ongi lotuta egon ere. eta, bide batez, tokian tokiko bizimoduak eragina du bizimodu globalean.
Amaitzeko, hizkuntza-ekologia teorizatzen eta praktikara eramaten dugunean, sormenerako eta irudimenerako espazio bat bilatu behar dugu. ezer ez da behin betikoa, ez eta betiko itxia ere. Bide ireki bat da; komunitateek eta komunitateetan jarduten duten taldeek sortu eta asmatu beharreko bide bat. haiei dagokie beren ekosistemarentzat irtenbide egokiak aurkitzea; izan ere, nire ustez, itxaropena izan behar dugu; batez ere, ikuspuntu global eta lokal horren arabera pentsatzen badugu. ez gara munduaren parte txiki bat soilik; aitzitik, txikiak izan arren, unibertsaltasunaren duintasuna dugu.

Oharra
1. Artikulu hau Albert Bastardas irakasleak Hizkuntza-ekologia eta lurralde euskaldunak ue-MAk Soziolinguistika klusterrarekin antolatutako Topaketan emaniko hitzaldian oinarritutakoa da. Topaketa 2011ko apirilaren 14an egin zen Azpeitian (gipuzkoa)

 

Diglosiaren purgatorioaz. Teoriatik tiraka

Diglosiaren purgatorioaz. Teoriatik tiraka.
Mikel Zalbide
Bat Soziolinguistika aldizkaria.79. 80. 2011

Iruñeko UdalaEusko JaularitzaUdalbide-Udalbiltza

 

 


Karrikiri. Iruñeko Euskaldunon Topagunea
Xabier karrika, 4. 31001. Iruñea. Tel. 948 225 845