
|
Euskararen
egoera nafarroan
Hemen
esanen dudanak balioko du bereziki Nafarroa Garairako, baina, jakina,
oro har, Euskal Herri osorako ere balio lezake.
Jarraitu baino lehen zera azaldu nahi dut, bi esparru nagusitan zatituko
dudala orrialde honetan adieraziko dudana, alegia, bat, eremu publikoarena
nolabait esateko: administrazioak, gobernuak, legeak, e.a., eta bestea,
alor pribatuarena: harreman pertsonalak, kultur kontsumoa, euskara transmisioa,
eta bat eta beste.
Lehenengoaren inguruan ez dut asko hitz eginen, denok dakigu-eta zer
egoera zaila dugun Euskal Herri osoan euskarari dagokionez, bereziki
Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako Foru Erkidegoan. Espainia, Frantzia
eta Nafarroako Gobernuek ez diote asko laguntzen euskarari, are gehiago,
kasu askotan esan liteke aurkakoa egiten dutela, eta, jakina, beren
legeek, arautegiek, ordenantzek, administrazio publikoek, eta abar,
modu bertsuan jokatzen dute, horregatik, nire iritziz, arlo horretan
euskaltzale, ezkertiar, abertzale guzti-guztiok, eta abarrek jarraitu
beharko dugu lan serioan, hor pixkanaka-pixkanaka, egoera aldatzeko
lorpenak eskuratzen, hau da, legeak, ordenantzak, araudiak, e.a. hobetuz,
horrek dakartzan ondorio guztiekin.
Bigarrena, ordea, nire ustez, eskuragarriago dugu, hots, askotan aukeratu
ahal ditugu hedabideak, prentsa, abestiak, zinema –hau gutxiagotan-,
literatura, aldizkariak, elkarrizketak –etxean, kalean, lantokian,
aisialdian…-, e.a. euskaraz ala erdaraz izatea. Beste horrenbeste
gertatzen da gurasoen transmisioarekin, etorkinekin… Denetan erakusbide
onak eta txarrak ikusten ditut. Konparaziora, adituek askotan esaten
digute euskal produktuen kontsumoa oso txikia dela, eta hori bakarrik
euskaldunon ardura da, hau da, gurea. Halaber, nire aburuz, gehiegitan
ikusten dira euskaldunak beraien artean lasai-lasai erdaraz egiten,
inork behartu gabe, edo, guraso batzuk transmisiorik egin ez dutenak
–Julian Retegi, Fernando Arretxe, kasu ospetsu batzuk jartzeagatik-,
edo euskal dantzari, txistulari eta dultzainari artean berdin, erdaraz
mintzatzeaz gain, izenak ere gaztelaniaz edo frantsesez aipatzen –La
Era, Valcarlos, El zortziko de Lantz, El ingurutxo de Iribas, El Aurresku,
El Agur Jaunak, El Gernikako… Zorionez, alderantzizko kasu
ondratsuak ere ezagutzen ditut, gutxiago baldin badira ere: euskara
ederki ikasi duten etorkinak, edo beren seme-alabak, behintzat, D ereduan
matrikulatzen dituztenak, e.a.
Bukatzeko, jendea animatu nahi dut konpromiso eta koherentzia handiagoak
izan ditzan, eta denok pasa gaitezela EUSKARA BAItik EUSKARAZ BAIra.
Xanti Begiristain Madoz. Irakaslaea. Larreko Saria 2008
|
Iñigo
Aranbarri
|
1994an karrikaratutako
“Emon biar yako” lanaren ondotik, “Zulo bat uretan”
Iñigo Aranbarri idazlearen bigarren eleberria da. Filologian
lizentziatua eta irakasle lanetan ari den idazle azkoitiarrak, ordea,
beste hainbat jenero jorratu ditu (poesia bereziki, saiakera, kronika,
biografia) eta guztietan gustura sentitzen dela aipatu digu. Bere azkeneko
lan hau Iruñerrian, Itoizko urtegian eta Argentinan girotuta
dago eta Donostiako liburu ferian Zilarrezko Euskadi saria jaso zuen,
baita irakurleen harrera beroa ere. Hilabete honetan Iruñerrian
eginen da aurkezpen ofiziala.
“Zulo bat uretan” zure bigarren eleberriaren aurkezpena
iraila partean eginen da Iruñeko zenbait dendetan. Zer prestatu
duzue aurkezpen honetarako?
Prentsarekikoak uda aurretik beteta, libreago ibiliko gara gauza bereziren
bat egiteko. Badakit Iruñeko lagunak zerbait bitxia prestatzen
ari direla, baina egia esan behar badizut, neuk ere ez dakit dena. Liburuan
agertzen den geografia bizitzearekin duela zerikusia, hori baino ez
dakit.
Karrikiriko dendan izanen omen naiz, baina ez dakit zehazki
noiz izanen den hori. Data zehazten denean horren berri emanen duzuela
espero dut, ezta?
Nobela Itoitzen girotuta dago. Zer dela eta?
Itoizko urtegian soilik ez, baita Iruñerrian ere. Eta Argentinan.
Arrazoia sinbolikoa da, batez ere Artzibarren eta Longidaren kasuan
(iragana estaliko duen obra bat), eta urtegia betetzen hasteak intrigari
laguntzen diolako. Iruñerrikoa, berriz, gerraosteko larderiazko
harremanek itsutu didatelako begia istorioa kontatzen ari nintzela.
Eta non hobe hemen baino?
Zilarrezko Euskadi saria jaso zenuen Donostiako liburu ferian
eta ematen du jendartean ere harrera ona izaten ari dela, ezta?
Bueno, sariek baino irakurleen komentario zuhurrek gehiago pozten naute…
Literaturak duen ederrena ez da konpartitze hori?
Zure bigarren eleberria da, baina beste hainbat lan egin dituzu
beste jenero batzuk landuz. Zein duzu nahiago?
Gustura sentitzea dela uste dut kontua, esateko daukazun horri neurriko
arropa egitea. Batzuetan poesia izango da, beste batzuetan saio bat,
edo ipuin bat, nik dakit ba. Nahi bai, baina denetan ongi moldatzea
da zaila.
Egun, teknologia berriak direla eta, gutxi irakurtzen dela esaten
dute eta euskaraz are guttiago. Zer deritzozu?
Begira, Venezuelatik etorri berri naiz, eta ez dut ia inor irakurtzen
ikusi, ez kalean, ez metroan edo autobusetan. Hango idazleek ere zerbait
esango dute ba! Gure egoera, badakit, ez da onena, baina begira zer
telebista daukagun, nola hezitzen den jendea. Esan nahi dut ez dela
teknologien berrien errua, sakonagoa dela gure gaitza. Hori uste dut
behintzat.
Nola ikusten duzu euskal literatura?
Irakurle bezala, oso garai onean gaudela iruditzen zait. Ia oraintsu
arte ez bezala, ez bat eta ez bi, gehiago dira urtean argitaratzen diren
liburu interesgarriak. Ongi idazten duen jende asko dago.
Ba al duzu eskuartean beste lanen bat?
Buruan darabildana idazteko gauza izango banintz…
|

|
Ekuador
Andeetako errepublika honetan hamahiru milioi pertsona
pasatxo bizi dira, horietatik %40 amerindiarrak , %40 mestizoak, %15
zuriak eta %5 beltzak dira. Ikusten duzunez, indioen presentzia oso
handia da eta azken urteotan oso nabaria izan da haien eragina, bai
eguneroko bizi moduan, bai politikan.
Ekuadorren hamalau indio nazio desberdin daude. Kitxua etnia nagusia
da (4 milioi, gutxi gora behera) eta eskualde guztietan bizi dira; Shuar
(70.000 kide), kideen aldetik, bigarren talde handiena da baina hauekin
batera beste talde gehiago daude, horietako batzuk oso txikiak, besteak
beste, Lofán (500), Siona (200), Secoya; (400), Huaorani (2000),
Zápara (150), Shiwiar (600) eta Atxuar (3000). Tribu hauek guztiak
oihanean bizi dira. Kosta aldean bizi direnak hauexek dira: Tsatxíla
(2000), Awa (1000), Txatxi (4000) eta Epera (250).
Indio nazio guztiek Ekuadorreko gainerako biztanleek baina bizi baldintza
kaskarragoak dituzte eta horietako askok pobrezia larria jasaten dute.
Salbuespena Otavalo herria da, hauek garatu duten merkataritzari esker
bizi maila duina lortuta baitaukate.
Hemen dituzue amerindiarrak diren hizkuntzei buruzko hainbat informazio.
KITXUA: Inka herriaren hizkuntza da, Ekuadorren milioi
eta erdi hiztun daude, baina Andeetan zehar zazpi milioi inguru daude.
SUHARRERA: Jibaroen elea da eta ba ditu 70.000 hiztun.
Egun jibaro hitza gaizki ikusita dago, beraz ez ba dugu erabiltzen hobe.
CAYAPA: Amerindiar eleen artean oso hizkuntza zaharra
da, bere antzinatasuna 3.300 urtekoa da. Esmeralda eskualdean hitz egiten
da eta 5.000 hiztun ditu.
TSÁFIKI: (Tsátxela, Colorado). Pitxitxan
eta Los Riosen hitz egiten da, 5.000 hiztun dira. Colorado izena ez
da indigenen gustukoa, beraz bere erabilera saihestu behar da. Ele hau
Barbacoana familiakoa da.
SÁPARO-KONANBO: Autónimoa Káyawi.
Ekuadorreko Pastazan eta Peruko Loreton eskualdetan hitz egiten da,
oso hiztun gutxi du (200). Zaparoana familiakoa da eta oso ele zaharra
da; 4.100 urteko antzinatasuna dauka.
MEDIA LENGUA: Quitora emigratutako indigenen hizkuntza
da, jatorriz Kitxua da baina erroak aldatu zituzten espainolarenak ezarriz.
Horrela sortu omen zen. Quitoren inguruan hitz egiten da, 1.000 hiztun
daude baina beste eskualdeetan ere badaude hiztun gutxi batzuk.
SABELA: (Auka), autónimoa Wao. Ekuadorren ekialdean
bizi dira bere 1.000 hiztun.
PIOHÉ: (Sekoya), Ekuadorren, Perun eta Kolonbian
hitz egiten da, osotara 2.000 hiztun dira.
KOFAN: Kolonbiako Putamayon eta Ekuadorreko Napon eskualdeetan
bizi dira bere 1.000 hiztun. Jibaroano familiakoa da.
Duela gutxi Ekuadorreko batzar konstituzionalean, 130 ordezkaritatik
90ek baietza eman zioten Kitxua eta Suharreraren ofizialtasunari, hemezortzi
orduko eztabaida egin ondoren. Irailaren 28an egingo den erreferendumean
herritarrek onartu behar dute lege ebazpen hau. Conaie Ekuadorreko Nazionalitate
Indigenen Konfederazioaren ustez proposamena motz geratzen da baina
aurrerapausotzat hartu nahi dute. “Identitate nazionala sendotzeko
baliagarria izango da, gure sustraiak indartzeko aniztasunean sakontzeko”
adierazi dute parlamentuan dauden indigenen 20 ordezkariek.
Espero dezagun hasitako bidea indartuko dela eta Ekuadorreko indigenen
bizi modua, kultura eta eleen baldintzak hobetuko direla |