
|
Orekan,
Herrien eta hizkuntzen ekologiaz
Garai bateko ekologiaren ideiek inguru fisikoari erreparatzen zioten
gehienbat: natura gizakien erasoengandik babestu beharra zegoen, ingurunea
eta gizateria bereizgarriak izango balira bezala. Errealitatean oinarritzen
ziren intuiziook azken hamarkadotan gauza eta izaki guztien arteko harremana
kontuan hartzen duen pentsamendu berri bat osatzen lagundu dute: kontserbazionismo
hutsa alboratu eta garapen bideragarriaz hitz egiten dugu orain.
Ez da nahikoa. Ekologia bere osotasunean ulertu behar dugu: pertsonen
arteko harremanak eta naturarekiko eragina ezin dira bereizi; justiziarik
gabeko gizarte batek gero eta kalte handiagoak eragiten ditu ingurune
osoan, eta bidegabekeriak desagertzen ez diren artean desoreka eta ezinegona
nagusi izanen dira munduan.
Desoreka hau kultur arloan ere islatzen da. Hortaz, herri eta hizkuntzen
ekologiaren alde egitea balore etikoak dituen kontzientzia berri bat
eraikitzea da. Harreman zapaltzaileek -bazterkeria, norberekeria, besteekiko
ezaxola...- denon ondasun eta eskubideak hutseratzen dituzte, herrien
nortasuna eta kultur adierazpenak tartean. Beraz, hizkuntz aniztasuna
bermatzea giza ondarearen oreka ekologikoa mantentzeko erabaki saihestezina
da: aniztasun honen mesedetan, euskaldunok herri bezala irauteko premia
dugu: hau lortzeko gai gara, baina horretarako egunero lan egin behar
dugu.
Gizakiak berdintasunean sinesten duela esaten duen arren, harropuzkeriaz
jokatzen du. Diskurtso eta ekintzen arteko kontraesana kezkatzekoa da,
baina zurikeriatan ari denaren ezaugarri honek beste intuizio bat ere
adierazten du: lehen bezala, bidezidor malkartsu eta okerretatik gabiltza,
baina, sasi artean, denon ongizatea lortzeraino eramango gintuzketen
bideak zein izan daitezkeen sumatzen hasiak gara.
Xamar-ek idatzi berri duen "Orekan. Herri eta Hizkuntzen Ekologiaz"
liburuak behar dugun ikuspegi osoa lortzen lagundu diezaguke. Unibertsoa,
Lurra, gizakia, mintzaira, hizkuntzak, hizkuntz komunitateak eta herriak;
izarren hautsa zena, bizigai. Izaki guztion arteko lotura estuaz ohartuko
bagina eta elkarren beharra dugula ulertuko bagenu, bizitzak azaleratzen
dituen itxura, nortasun eta hizkuntz ezberdinen aurrean begirunez eta
berdintasunaren grinaz jokatzen saiatuko ginateke.
Berdintasunaren printzipioa eta interdependentzia aniztasunean... Bizitzaren
mintzoa ulertzeko biziaren hizkuntzaz ari gara. Hitz ederrak, alajaina!
Eta hitzak ere bizitzatik sortuak dira. Goazen bada bizitzera eta hitzak
bizitzera: bakarka zein taldeka, lagunartean, auzokoekin eta ezezagunen
aurrean, saia gaitezen inoiz baino beharrezkoagoa zaigun utopia bideragarri
hau gauzatzen: izaki, herri eta hizkuntz komunitate desberdinen elkarbizitza
aberasgarri, zuzen eta orekatua, hemen eta orain.
Bukatzeko, aipatu liburua irakurtzera gonbidatzen zaituztegu, bertan
gure herriaren iraupenaren beharraz kontzientzia pizteko inoiz agortzen
ez den erregaia aurkituko duzuelako. |
Xamar |
Juan Carlos Etxegoien Juanarena, "Xamar", Garraldako
Xamarrena etxekoak, "Orhipean. Gure herria ezagutzen" eta
"1898, Garralda" liburuak idatziak zituen orain gutxi arte.
Elkarrizketa honetan plazaratu berri duen hirugarren liburuaz-"Orekan.
Herri eta Hizkuntzen ekologiaz"- eta beste zenbait kontuz hitz
egiteko aukera izan dugu berarekin.
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu?
Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Nola ez, nere egoera pertsonala eta familiarra baita. Guk, euskaldunak
izanik, ezin garatu dugu gainerako pertsonek bezala. Iruñean
(edo Bilbon, Donostian, Baionan…) erdaldun batek ez du oztoporik
erdaraz bizitzeko; gu diglosikoak izatera beharturik gaude, praktikan
eta teorian ere (legeek bermatzen baitute erdaren nagusitasuna). Erdaran
guzia erreztasun eta malda behera den bitartean, Euskaran zailtasun,
oztopo eta "lujo asiático" –nafar (?) gobernuak
errana–.
Egungo egoera ez da berria, erasoak indarberriturik badatozkigu ere.
1901ean, adibidez, Nafarroako gobernadoreak eskoletan Euskara erabiltzea
debekatu zuen; inperialismoa eta faxismoa aspaldidanik ezagutzen ditugu,
demokraziaz mozorroturik heldu badira ere. Kezkagarriena gure erantzuna
da ahula, konplexuz beterik…
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko,
hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara
erabil dezaten?
Egina dut dagoeneko: OREKAN Herri eta Hizkuntzen ekologiaz. Gauza anitz
izateaz landa, hori ere bada: motibazioan sakontzeko saioa. Diskurtsoan
dago gakoa, "el del vasco" izateaz asperturik nago. Ulertu
behar dugu ez gaudela -–bereziki– Euskararen alde, gu Biziaren
alde gaudela baizik, munduko kultur aniztasunaren alde, ohartuz (eta
ohartaraziz) mintzoa gure beharra dela gu izaten jarraitzeko eta, bidenabar,
yanomami, boskimano, dakota, ainu… munduko herri guzien aldeko
ekimena dela, Gizadi osoaren garapenaren aldekoa delakoz.
Nola suertatu zen zure azken liburu hau egiteko aukera?
Ideia aspaldikoa zen, baina gisa honetako liburu batek denbora osoa
eskatzen du (ikasteko, idazteko, ilustratzeko…). Bilbon Zenbat
Gara elkarteko adiskideek berehala ulertu zuten material honen garrantzia
eta bere egin zuten egitasmoa. Haiei esker gauzatu ahal izan da.
Nafarroako euskalgintzan aritzen diren herri mugimenduei zer
nolako hutsuneak ikusten dizkiezu?
Munduko borondate hoberena ez da aski, tamalez, egoera orokorrari aitzin
egiteko eta noraezean gabiltza (kasu, hemen eta Nafarroa atlantikoan
ere). Luze litzateke galderari ongi erantzutea eta, hain zuzen ere,
hauxe da hutsunetariko bat: uste izatea guzia ihardesten (eta konpontzen)
dela esaldi batekin; beti "formula magikoaren" bila gabiltza,
pilula sendagarri amets: herri mugimenduetan, haur eta helduen irakaskuntzan…
Hori bai, hizkuntzaren (edo zernahiren) aldeko manifak arras ongi ateratzen
zaizkigu, zer jendeketak!.
Zure ustez, Nafarroako euskaldunok garrantzia ematen al diogu
benetan euskararen eta euskal kulturaren garapenari?
Galdera bera egoeraren adierazgarria da. Galderak hauxe behar luke izan:
guk garrantzia ematen al diogu gure garapenari? Baina, normalak izanik
(edo normalak izan nahirik), galderak ez du zentzurik. Nork ez dio bere
garapenari garrantzia ematen? Euskara errebindikazio zerrendan gai bat
gehiago den bitartean, gureak egin du: eskubide historikoak, euskal
selekzioa, emaztearen eskubideak… eta Euskara. Ez, ez da hola
izan behar; horrela Euskara eta euskal kultura pluraleko 3. pertsona
dira: haiek; baina hizkuntza ez da gu gabe eta gu ez gara gu Euskararik
gabe, erran nahi baita, aipatutakoak pluraleko lehen pertsona dira:
gu. Gu gara Euskara.
Honetaz ohartuko bagina, ez ginateke hau bezalako galderak egiten eta
erantzuten ibiliko, ez baitute zentzurik, munduko pertsona guziok normalak
izateko beharra dugulakoz, jakina.
|
| |
Zer ordutan
aterako da Rangunerako hegazkina? Hizkuntza funtzioak
* Aireportu batean informazioa eskatzea (7)
* Literatur liburua norberarena ez den hizkuntzaz irakurtzea (6)
* Unibertsitatean ikastea edo nazio mailako telebista ikustea (5)
* Ogia erostea edo dentistarenera joatea (4)
* Laborategiko txostena irakurtzea (3)
* Seme-alabekin jolastea edo lagunarteko parranda egitea (2)
* Hurrengo egunean lantokian egin behar ditugunak buruz errepasatzea
(1)
Aipatutako adibideak, batzuk besteak baino ohikoagoak, hiztunok egiten
ditugun jarduerak dira. Guzti-guztietan hizkuntza behar dugu. Dena den,
hiztunen ikuspuntutik hizkuntzen ikuspuntura pasatuz, hizkuntza guztiek
ez dute jarduera mota horietan guztietan garatzeko aukerarik, ez dute,
beraz, funtzio guztiak garatzeko aukerarik.
Hizkuntza funtzioen azalpen asko aurki ditzakegu, baina arrakastatsuenetarikoa
Txepetxek egindakoa daukagu (Goiko adibideen ondoan dauden zenbakiak
beheko eskema honetako zenbakiekin bat datoz):
(7) FUNTZIO INTERNAZIONALA
(6) ZIBILIZAZIO FUNTZIOA
(5) FUNTZIO NAZIONALA
(4) FUNTZIO LOKALA
(3) LAN FUNTZIOA
(2) FAMILIA F.
(1)IDENTITATE F.
Txepetxen azalpena jarraituz, teorikoki, hizkuntza orok eskalaren zazpi
funtzioak bete ditzake. Praktikan, aldiz, funtzio internazionala hizkuntza
gutxik daukate. Zibilizazio funtzioa ere ez da oso arrunta, maizago
agertu arren. Are gehiago, beherago dauden funtzioak ez betetzea gertatzen
da, funtzio nazionala hizkuntzaren biziraupena ziurtatzeko ezinbestekoa
den arren. Horrelako kasuetan, gizartean beharrezkoa den funtzio multzoa
garatzeko (1etik 5era) hizkuntza bat egon beharrean bi hizkuntza agertu
ohi dira; alegia, bi hizkuntza eskailera bakar batetarako: diglosia
egoera, hain zuzen.
Funtzio internazionala eta zibilizazio funtzioa bakarrik ikaspen kulturalaren
bidez lortzen dira, familia eta identitate funtzioak, aldiz, bakarrik
ikaspen naturalaren bidez.
Hizkuntzaren estatusa eskailera horretan betetzen duen mailarik altuenarekin
pareka daiteke. Estatusa aldakorra da. Portugesak, adibidez, estatus
ezberdina dauka Portugalen (6) edo Espainiar Estatuko etorkinen artean
(2/1). Historian zehar gertatzen den aldakortasuna ere nabaria da.
Euskararen kasuan aldaketa garaia da oraingo hau. Non kokatuko zenukete
euskara funtzioen eskaileran?
|