
|
Sareak
harrapatuko zaitu!
Adi egon, irakurle. Sare itsaskor eta xarmangarri bat dabil Iruñerri
osoan zehar. Baina ez diogu zertan beldurrik izan, berehala abiaraziko
den askatasunaren sarekada honek gozatzeko aukera paregabea emango digu
eta. Truke Sarea du izena, eta guztioi irekita dagoen sare honen bidez
bertako euskaldunon arteko harremanak ugaritzeaz gain, betidanik norberaren
gustukoak izan diren ezagutzak ikasi eta irakatsi ahal izango ditugu,
ohiko “ikastaro” arruntik egin gabe. Karrika honetan bertan
informazio zehatzagoa eskaintzen da, baina hona hemen zertzelada batzuk:
Datozen asteotan izen horretxekin abian jarriko den ekimenean euskaldunok
ezagutzak eta trebeziak elkar trukatzeko aukera izanen dugu. Denok ikasle
eta irakasle izan gaitezke: jarduera jakin bat ikasi nahi baduzu, gainontzeko
sarekideei eskaera egiten ahal diezu; aldi berean, zerbait irakasteko
eskaintza ere egingo diezu, elkarrekikotasuna baita jarduera honen funtsa.
Kontuan hartu edozein motatako ezagutzez ari garela, eta denok irakasten
ahal dugula zerbait: ale honetan bertan aipatzen diren adibideak ikusi
besterik ez dago ohartzeko denok garela gauza zerbait irakasteko. Gure
abileziak eta ezagutzak gutxiesteko joera apurtu beharrean gaude behingoz,
eta hori egiteko tenorea heldu da. Edozein momentutan atera zaitezke
saretik, nahi izanez gero, baina han zauden bitartean, bestelako pizgarriez
gain, hizkuntza erabiltzeko eta aberasteko baliagarria izango zaizula
konturatuko zara.
Egiaztatu ahal izango duzunez, ekimen honen bidez pertsonen arteko harremanak
ohikoa ez den era batez planteatzen ari gara: elkarbidea ezagutzak izanen
dira, baina dirurik eman behar izan gabe garatzen diren harremanak dira
hauek, besteekiko begirunea eta elkarren arteko konfiantzari lehentasuna
emanez. Berdintasuna, malgutasuna eta aldi berean aniztasuna uztartuko
dituen sare honetara bildu nahi zaituztegu, guztiok euskaldunon komunitateko
partaide garelako, eta uste dugulako ezagutza konkretuak baino haratago
ere elkar ezagutzea merezi duela.
Jarduera berri honen asmoetako bat euskaldunon partehartze zabala bultzatzea
da, eta beste bat elkarrekiko prestakuntza hobetzen eta hedatzen joatea.
Agerikoa da beraz sarea gero eta erakargarriagoa izan ahal dadin, zure
eta zu bezalakoen partehartzea ere ezinbestekoa dela. Horregatik, emaiezu
ekimen honen berri lagunei eta ezagutzen dituzun euskaldun guztiei,
denon artean sare ezin dinamikoago bat josi ahal izan dezagun.
Ez galdu aukera hau. Jakin badakigu askotan gure bizitzak jarduerez
beteta egoten direla, baina aholku bat ematera ausartuko gara: oraingoan
busti zaitez, proposamen honek ilusiotan blai utziko baitzaitu; desberdina
da eta estimatua izatea merezi duela uste dugu. Sareak sariak ere baititu:
partehartzaileok gure betiko jakinminak asetzeko parada izanen dugu,
eta gainera beste inon ez bezalako esperientziak eta harremanak bideratu
ahal izango ditugu.
Badakizu: eguneroko ohikeriak harrapa ez zaitzan, sarekide bilakatu
zaitez! |
Patxi
Salaberri |
Patxi Salaberri Zaratiegi
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea duzue. Doktore hau Euskal
Filologiaren arloan aritzen da Filologia eta Hizkuntzaren Didaktikaren
sailaren barnean. Honez gain, toponimian eta dialektologian aditua da
eta artikulu ugari idatzi ditu gai honen inguruan zenbait aldizkari
eta liburutan.
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu?
Nola baloratzen duzu egungo egoera?
P.S. Euskal erkidegoaren egoerak kezkatzen nau bai; hori garbi. Egungo
egoera Iruñetik, Nafarroatik ikusita aski gogorra dela iruditzen
zait, aspaldi honetan ezagutu ez dugun neurrian gainera. Honekin ez
dut erran nahi, ordea, gaurdainoko egoera bikaina izan dela, baina orain
bezalako eraso zuzenik gutxi ikusi ditugu azken urteotan, Nafarroako
Gobernuko Hizkuntza Politika euskararen aldekoa zen jendearen eskuetan
baitzegoen, nahiz gero esku horiek loturik egoten ziren gauzak egiteko,
maiz. Unibertsitateari dagokionez, zehazkiago erran, NUP-ri dagokionez,
aldaketa gutxi izan dira azken urteotan, alegia, egoera ez da sobera
txartu -hein batez bai, ordea- lehendik ere nahiko txarra zelako.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko,
hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara
erabil dezaten?
P.S. Euskararekiko motibazioa aregotzeko erakundeen bultzada ezinbestekoa
dela uste dut, partikulazki "motibazio instrumentala" deitzen
dena bulkatzeko. Hau da, jendeak euskara baloratzen dela ikusi behar
du, euskara ikasteko edo bere haurrak euskal ereduetara bidaltzeko.
Beste aldetik, gure artean, euskaldunon artean, erdaraz mintzatzeko
joera handiegia dakusat eta hau, jakina, ez da ona ondokoek euskara
ikas dezaten. Zertarako ikasi inork erabiltzen ez duen hizkuntza? Alegia,
erakundeak euskara bultzatu beharrean oztopatzen ari badira ere, lortuko
bagenu orain arte euskara, modu batera edo bestera, ikasi duten gehienek
euskaraz mintzatzea urrats handia eginik izanen genuke gure hizkuntza
aitzina ateratzeko borrokan. Negargarria da, izan ere, ikastoletan eta
unibertsitatean berean euskaraz ikasten ari direnek elkarrekin erdaraz
nola jardukitzen duten ikustea.
Euskararen aurkako joera dutenei zer erakutsi eta irakatsi behar
diegu?
P.S. Euskaldunok euskaraz hitz egiten dugula, erabiltzen dugula –izkribuz
ere bai– eta hori egiteko esku badugula, bestek eman gabe. Euskaldun
guztiok muturreko zenbait joera politikoren aldekoak ez garela erakustea
ere mesedegarri dateke, nire irudiko, aise egiten baita bortizkeriaren
eta euskararen arteko lotura. Jende xeheaz ari naiz hemen, ez politikariez,
eta Nafarroakoaz bereziki. Bestalde, unibertsitatean asko aipatzen den
kontua kalitatearena da, euskara eta kalitatea elkarren aurka baleude
bezala. Aieka honetatik uste dut ahaleginak egin behar ditugula gure
lanek ahalik eta kalitaterik handiena izan dezaten, ez baita erraza!
Zure ustez, argudio eta datu historiko eta linguistikoek euskararen
aldeko kontzientzia areagotzeko balio al dezakete?
P.S. Argudio eta datu historikoek ene iritzian garrantzi handia dute.
Badakit, eskarmentuz -eta hitz bikoitza darabilt hemen- datu historikoak
aurkezte hutsak euskararen aurka dagoen jendea euskara ikastera ez duela
bultzatuko, bestela Jimeno Jurioren liburuak irakurraraziz konponduko
baikenuke gure hizkuntzaren arazoa, Nafarroan bederik. Argudio eta datu
zorrotz-zehatzak gure euskalduntasunaren oinarri dira, batez ere euskara
galdu den Euskal Herriko eremu zabalean, baina ez bakarrik hemen. Hor
dago, erraterako, lingua navarrorum delakoaren interpretazioaren auzia,
alegia navarri haiek nor ote ziren?, lau menditar-baserritar atzeratu
(Zierbidek eta nahi duten bezala) ala nafar gehienak? Jende prestatua
behar da gure historiaren eta hizkuntzaren defentsarako eta hori ez
da goizetik gauera lortzen; lana eta unibertsitatea behar dira horretarako,
eta horregatik ez dute nahi euskara NUP-en sar dadin. Historian zehar
Euskal Herriko alderdi orotako bizilagun guzti-guztiek euskaraz jardukitzen
zutela dioen hipotesiaren aldeko jarrera ez hagitz zientifikoak ere,
nire irudiz, gure kalterako dira.
|
| |
Hizkerak:
ezinbesteko aberastasuna
Erregistro linguistikoa: testuinguru sozialaren
arabera hiztunek aukeratzen duten mintzatzeko era
Hizkuntza estandarra akademiak finkatzen du baina hizkuntzaren gainerako
erregistroak, gainerako hizkerak (lagunartekoa, argotak…) ezin
dira arautu hiztunek, erabileraren poderioz, zabaltzen eta aldatzen
baitituzte. Komunikabideak esamolde eta hitz berrien bozgorailuak izan
ohi dira. Horrela gertatzen da hizkuntza komunitate osasuntsuetan.
Erabilera esparruak desorekatuta daudenean, ordea, hiztunek ez dituzte
menperatzen behar dituzten erregistro guztiak.
Pentsa dezagun zer gertatuko litzatekeen, gazteleraz mintzo garenean,
tabernan unibertsitateko filosofia irakaslearen moduan mintzatuko bagina
edo lan elkarrizketa batean gazteen arteko argotik modernoena erabiliko
bagenu. Solaskidearengan harridura sortuko genuke eta komunikazioa eta
gure helburuak oztopatuta geratuko lirateke, erregistro desegokiak aukeratuz,
gizartean ezarritako eta denok ezagutzen dugun “adostasun linguistikoa”
hautsiko baikenuke.
Euskaraz, aldiz, erregistro bakarreko hiztun asko daude, bere ilobekin
edo bere enpresako nagusiarekin, adibidez, berdin mintzatuko liratekeenak.
Kasu horien aurrean ez harritzea edo komunikazioa oztopatuta geratzen
dela ez ikustea gure komunitate linguistikoaren osasun ezaren adierazgarriak
dira.
Gaia Euskaltzaindiak irailean egindako azken biltzarrera heldu zen,
Koldo Zuazok(1) ekarria. Lehenagotik ere kezka esparru askotara zabaldu
da. Nafarroako Gazte Kontseiluak, adibidez, “Gazte hizkera eta
argotak” izeneko tailerra antolatu du(2). Gaiak pizten duen interesaren
seinalea, dudarik gabe.
(1) Berak proposatzen duena ezagutzeko: Zuazo, K. Euskararen sendabelarrak,
Alberdania, 2000.
(2) Azaroaren 14an, 19:00etan, Iruñeko Gazteriaren etxean. Izena
emateko eta informazio gehiago eskuratzeko: 948234819 telefonoa. |