
|
Karrikiriren
proposamena
Karrikiri eratu genuenetik, duela bospasei urte, asmo nagusi bat darabilgu
gure artean: hainbestetan aipatu dugun Euskal Komunitatea eratzeari
gure laguntza ematea. Orain arte karrikara atera ditugun Karrikak irakurri
badituzu, badakizu zertaz ari garen. Batean eta bestean, beti landu
ditugu, zuzenago ala zeharkiago, horren guztiaren inguruko gaiak. Eta,
duda handirik gabe, horretan segitzeko asmoa dugu.
Hasierako ilusio berberak bizten gaitu orain ere. Eta hasitako lanak
ez du amaierarik. Ados egonen zarete noski, gure hitzak aintzat hartzen
badituzue. Ekintzak eta zerbitzuak, denak ere ildo berekoak dira, gure
aburuz behintzat.
Baina ez gara konformatzen ildo horiek lantzearekin. Uste dugu badela
esparru zabal bat, non gurea bezalako elkarte batek bere ekarpena egin
dezakeen. Eta pentsatzen dugu zuk ere izan dezakezula horretan tokia.
Horregatik egiten dizugu berriro gure proposamena, Karrikiriko elkartekide
egin zaitezen. Eta kide diogunean, lagun, bazkide, laguntzaile edo partaide
esan nahi dugu. Hots, bai baitira elkartean aritzeko era desberdin franko.
Diru ematea bat, baina gero badago inplikazio maila bat erdiestea. Txikienetik
handienera.
Ezagutzen gaituzu; badakizu zure ekarpena ongi hartua izanen dela. Besterik
ez bada, kuota ordainduz azpiegitura guztien mantentzean lagun dezakezu.
Urrats gehiago emateko prest bazaude, ideiak, asmoak, eta eskuak ekarri;
eskulanak ere beharrezkoak dira eta.
Karrikiri, ginenetik abiatu zen, eta garenetik abiatzen da egunero.
Daukagunetik, asko ez izan arren, abiatu beharra daukagu. Daukagunetik,
garenetik, ez daukagunaz eta ez garenaz gogoetan galtzeak ez baitigu
deus (onik) ekarriko. Baina daukaguna eta garena bildu bai. Zenbat eta
gehiago etorri, gehiago gara, eta gehiago daukagu. Lagundu, hortaz,
daukaguna ongi erabiltzen, eta osoago izanen gara guztiok. Laster arte,
zure bisitaren zain geratzen gara. |
Koldo
Asiron |
Koldo Asiron Saez
Nafarroako Unibertsitate Publikoan dagoen Unitate Teknikoko zuzendaria
da eta urte dexente daramazki unibertsitatean euskararen egoera normalizatu
dadin lanean. Orain urte gutxi unibertsitatean funtzionatzen zuen Hizkuntza
Normalizaziorako Batzordeko kide ere izan zen.
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen
duzu egungo egoera?
K.A. Jakina, kezkatzeko modukoa bai baita euskal hiztuna euskaraz bizi
ezin izatea, bere bizitzako arlo guzti-guztietan euskaraz mintzatu ezin
izatea eta gehienetan, nahi gabe, erdarara lerratu behar izatea. Are
gehiago administrazioak iraunarazten duen egoera diskriminatzailea izaki,
egoera hori konpontzeko baliabideak jarri beharrean, areagotzeko ahaleginean
ari baita etengabe.
Hala ere, itxaropentsu izateko ziorik bada, aldi berean, zeren traba
guztiak gorabehera, hemen gaude eta aurrera goaz, gero eta gehiago gara
eta gero eta esparru gehiagotara ari da hedatzen gure hizkuntza.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko,
hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara
erabil dezaten?
K.A. Euskara ikasteko nahiz euskara erabiltzeko euskara ikasi beharra
eta euskara erabili beharra sentitu behar du hiztunak, besterik ez dago.
Behar hori nola sortu? Horretarako ez dago hagatxo magikorik eta gainera
dagoeneko dena asmatua dago, nire ustez. Kasu batzuetan ideologikoa
izango da motibazioa, beste batzuetan instrumentala, baina zein-nahi
ere den, gutako bakoitzak bere esparrutik saiatu behar du presio hori,
behar hori, sortzen, sentiarazten eta areagotzen.
Zure ustez, Nafarroako euskaldungoa kontziente al da Unibertsitate
Publikoan euskarak bizi duen egoeraz?
K.A. Ez, inola ere ez. Nolabaiteko inpresioa badago, bai, gauzak ez
direla ongi egiten ari, hemengo agintariak euskararen kontra ari direla,
eta abar, baina ez unibertsitatetik kanpokoek, ez eta Unibertsitatearen
barruko askok eta askok ere, ez dakite euskarari bidea ixteko noraino
iristeko gai diren eta zer-nola ari diren. Niri neuri ere batzuetan
kosta egin zait sinistea nire begien aurrean gertatutakoa.
Unibertsitateko agintariek jarrera benetan gogorra, beligerantea dute
euskararen kontra, eta gainera oso ongi antolatua, oso ongi planifikatua
eta pentsatua, oso ongi landua eta babestua, eta barrutik zein kanpotik
baliabide eta bitarteko handiak dituena.
Gizartean eta Unibertsitatearen munduan euskararen aurkako joera
dutenei zer erakutsi eta irakatsi behar diegu?
K.A. Hemen gaudela eta hemen segituko dugula traba guztiak gorabehera,
gure hizkuntza honek bizirik iraungo duela, orain arte bizirik iraun
duen bezala, aurretik galdutako borroka batean ari direla, alferrik,
eta hortaz, hobe luketela indarrak beste zereginetan jarriko balituzte,
ezta? |
| |
Normalkuntza:
buru bezainbat aburu
Hizkuntzei aitortzen zaien estatusaren araberakoa izan ohi da normalizazio
prozesuei aitortzen zaien garrantzia. Normalkuntza soziolinguistika
liburu gehienetan aipatzen den hitza da, baina ez dira beti aspektu
berak kontuan hartzen, ezta helmuga bera jartzen ere. Hemen dituzue
adibide batzuk:
"Normalkuntza hizkuntza gatazkari erantzuten dion prozesua da,
non hizkuntza komunitatea trinkotzen den eta erabilera arauak aldatzen
diren (...) Mendebaldeko testuinguruan hizkuntza normalkuntza dagoela
esaten da hizkuntzak komunitatea batzen duenean eta funtzio sinboliko
eta instrumental guztiak betetzen dituenean”, Mollà-Viana,
1991.
"Normalkuntza gauza askotarako erabiltzen den hitza da, hitz tranpa
bezala funtzionatzen ari da, askotan erabiltzen delako soziolinguistika-munduan
ez ezik politika-arloan edo beste arlo kulturaletan ere. Soziolinguistikari
dagokionean normalkuntza esaten denean azken batean zera esan nahi da,
hizkuntza batek bere hizkuntz komunitatean sortzen diren funtzio eta
behar guztiei erantzuteko gai izan behar duela”, Larrañaga,
1990.
"Hizkuntza normalkuntza prozesu historiko soziokulturala da, beronetan
hizkuntza normatibizatu (ortografia, lexikoa eta gramatika eta abarren
erregulatzea) egiten delarik eta gizarte funtzio guztietara iristea
lortzen du, bai eta ordura arte hizkuntza menperatzailearentzat erreserbatutakoetara
ere. Esparru formal eta ez-formal guztiak hartzen dituenean dago hizkuntza
erabat normalizatua. Normalkuntza ez dago hizkuntzaren hiztun kopuruaren
(kantitatearen) baitan bakarrik, beraren gizarte funtzioen integritate
eta osotasunean (kalitatean) baizik", Solé i Camardons,
1991.
Norberak hizkuntza komunitatearen egoera "normalaz" daukan
ideia zabalagoaren edo murritzagoaren arabera, normalizazioaren definizio
ausartagoa edo apalagoa eginen du. Saiatu zuena egiten, ariketa ona
da eta.
BIBLIOGRAFIA
Larrañaga, I. "Normalizazioa ez da elebitasun soziala"
Bat 1, 1990eko otsaila
Mollà / Palanca / Viana Curs de Sociolingüística
1-2-3, Bromera, 1991.
Solé i Camardons, J. Soziolinguistika gazteentzat, UEUko Soziolinguistika
Saila, 1991. |