
|
Bizipozak
eta bizipenak
Euskaldunok, besteek bezala, baditugu geure pozak eta geure penak. Askotan,
euskara aipatu eta amorrua, haserrea eta ezina etortzen zaizkigu geure
baitara sarritan, Iparraldean galtzen ari delako, edo gazteak euskaraz
mintzatzen ez direlako, edo heldu den urtean Nafarkariak Nafarroak sosik
hartzerik izanen ez duelako. Penak asko, baina pozak ere bai. Esaterako,
euskal matrikulazioaren kopuruak gora joaten direlako. Eta, gure penak
konponbidean jarri bitartean, izan ere, konponbideak badira-eta, poza
ematen diguten horietaz ere arduratu beharra dugu.
Laster beste ume andana bat sartuko da euskal eskoletan eta urtez urte
euskaraz eskolatuz joan direnekin kopuru ederra dugu; hemendik urte
batzuetara, aurten sartzen diren umeok hortik aterako dira eta bizimodua
egin beharko dute. Nola eginen dute? Euskaraz ala ez?
Gure esku dago gure gizarte propioa antolatzea, gaurko haur horiek gero
izan dezaten esparru bat, non beren harremanak eta bizimodua euskaraz
gauzatu ahal izanen dituzten. Baina jadanik hasi behar dugu eginkizun
horretan. Erakunde publikoek A ala B (D ala G?) eginen dute, baina guk
ez dugu zalantzarik izaterik ere.
Gure komunitatea eratu edo osatu behar dugu datozen garaiotan beste
komunitate guztien bizilagun izan gaitezen. Nekez lagunduko ditugu besteak
geure burua altxatzen ez badakigu. Besteek ere beren penak eta pozak
badituztelako. Eta horretarako, beste hizkuntza komunitateen lagun,
haiekiko emaile zein hartzaile izateko ezinbestekoa dugu elkarrekin
aritzea, antolatzea.
Agian beste Karriketan hamaika aldiz esan duguna errepikatu besterik
ez gara egiten ari, baina ez du inporta. Erantzukizun horiek ditugu,
gure komunitatea indartu eta osasunean besteen ondoan jardun. Beude
hor hitzak, animatu eta pasa gaitezen egiazki elkarrekin lan egitera.
Hamabost urteren buruan, aurten eskolatzen diren gazte horiek, esaterako
eskertuko digute. |
Lourdes
Oñederra
|
Lourdes Oñederra Donostian jaio zen 1958an.
Hizkuntzalaria da eta Gazteizko EHUko Filologia Fakultatean egiten du
lan fonologia irakasle. Gainera, hamabost urtez idatzitako testuak biltzen
dituen "Eta emakumeari sugeak esan zion" izeneko nobela arrakastatsu
eta sarituaren egilea ere bada.
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu
egungo egoera?
Bai, biziki kezkatzen nau. Uste dut egoera latza dela eta gainditzea
asko kostatuko zaigula. Oso oinarrizko sineste eta baloreak dira aldatu
beharrekoak eta hori nola egiten den asmatu beharko genuke. Lehenengo,
noski, borondate nahikoa beharko genuke eta gutxieneko batzuetan adostasuna.
Besteen kontrako mespretxu eta biolentzia normaltzat jo dugu luzaroan,
luzeegi. Horrekin bizitzen ikasi dugu, zer-nolako munstroa hazten ari
ginen konturatu gabe. Orain munstro horrek jan egin gaitzake, komunitate
osoa, eta galtzaile alde batekoak zein bestekoak zein tartekoak
izango gara.
Zer egingo zenuke jendearen euskararekiko motibazioa areagotzeko,
hau da, elebakar erdaldunek euskaraz ikas dezaten eta elebidunek euskara
erabil dezaten?
Gizartearen aldetik, euskara ideologia zehatzetatik eta batik
bat biolentzia eta biolentziaren justifikaziotik askatu, banandu, hortik
atera.
Alderdi linguistikotik, agian eskakizunak jaitsi beharko genituzke eta
nolabaiteko duintasuna eman (ez dakit agiri bidez edo nola, pentsatu
beharko litzateke) euskara soilik ulertzeari. Biztanle guztiek gutxienez
ulertzea lortuko bagenu, maila publikoenetan behintzat posible litzateke
euskararen garapena (trabarik gabeko erabilerak hizkuntza bati ematen
diona, alegia). Gainera uste dut bestela ausartzen ez den jende asko
animatuko litzatekeela euskara ulertzeko ikastaroak egitera... Onartu
behar dugu euskara menperatzea benetan gauza zaila dela eta zenbaitentzat
ezinezkoa ere gerta daitekeela adin batetik aurrera. Hizkuntza bat ulertzen
ikastea errazagoa. Belaunaldi batzuetan horrelako esperimentu bat egin
beharko genuke.
Orokorrean ez omen da erraza literaturatik bizitzea, baina badirudi
Euskal Herrian zailagoa dela. Zergatik?
Ez dakit, egia esan, zenbat zailagoa den hori Euskal Herrian.
Ez dakit, ez dakidalako, ez da zalantzan jartzen dudala! Datuak falta
zaizkit. Euskaraz idazten dugunon kasuan, pentsatzen dut hizkuntza txikiarena
dela funtsezko gauza hemen: asko saltzen duenak ere proportzio baten
barruan saltzen du eta ez du horrek bizitzeko ematen...
Bestalde egia da Euskal Herrian, EAEn, dirulaguntza dezente dagoela
euskaraz idazten dugunontzat. Hori ez da, ziurrenik, beti zuzen banatuko...
Nik, dena den, proposatuko nuke sari gutxiago eta beka gehiago ematea.
Benetan sari gehiegi dagoela iruditzen zait eta sari horiek bestelako
dirulaguntzen egitekoa betetzen dutela, oso maiz idazle berak baitira
behin eta berriz sariak irabazten dituztenak (ez idazle berriak).
Emakumezko gutxi daude euskal idazleen multzoan. Euskal gizartearen
ezaugarriek argitzen ahal dute hori?
Ziurrenik bai... Baina ongi analizatu beharko genuke: zein
ezaugarriz ari gara? Emakume idazle gutxi egotearekin lotu litezkeen
ezaugarrien zerrenda bera egitea ariketa interesgarria litzateke, ezta?
Gero aztertu beharko genuke ezaugarri horiek nola lotzen diren gutxi
izate horrekin eta kausa izaterainoko garrantzia duten... Tentu handiz
egin beharreko loturak dira horiek, gainera badakigu fenomenoa ez dela
hemengoa bakarrik, nahiz eta, Espainia osoko datuekin konparatuta, esaterako,
galtzaile ateratzen garen: alegia, euskaraz idazten dugunon artean are
txikiagoa da emakumeon batez bestekoa (duela gutxi entzun diot hori
Mari Jose Olaziregi literatur kritikariari).
Gai horietaz sakon eta kontuz aritu behar da eta bada nik baino gehiago
dakienik. Maila demagogikoenean eta umore ia beltza erabiliaz esango
nizuke ez dela harritzekoa emakume gutxik idaztea Irun eta Hondarribikoak
bezalako fundamentalistak -dirudienez- gehiengo diren herri honetan. |

|
Euskara
satelitea edo planeta? Tarteketa kontzeptua
Aracilek aspaldi definitu zuen tarteketa kontzeptua
oso interesgarria da hizkuntza eta kultura minorizatuei gertatzen zaiena
ongi ulertzeko. Tarteketa X hizkuntzako hizkuntz komunitatearen eta
gainerako gizateriaren arteko harreman (ia) guztiak Y hizkuntzatik pasatzea
da. Diagrama horren bidez azaldu zuen.
X hizkuntzaren esparrua Yrenak inguratuta dago; hots: V, W, Y eta Z
hizkuntzen esparruek elkarrekiko harreman zuzena duten bitartean, Xrenak
Yrenak bakarrik du harreman zuzena. Beste era batez esanda, Xren esparrua
Yrenaren eranskina da.
Gure kasuan euskara X litzateke. Gure "hizkuntza filtroa"
(Y) ez da bera hegoaldean eta iparraldean.
Batean filtroa gaztelera da eta bestean frantsesa. Egoera honek bateko
eta besteko hiztunak kulturalki urruntzen ditu, muga politikoak baino
gehiago. Tarteketak gure inguruan oso ezagunak diren ondorioak sortzen
ditu:
- Mailegu lexikalak, oro har, Xtik beste hizkuntzetara (eta alderantziz)
Yren bitartez pasatzen dira; Sarasolak Euskara batuaren ajeak liburuan,
besteak beste, salatutako tarteketaren ondorioa.
- Itzulpenak Yren bitartekoak izaten dira. Zenbat itzulpen egin dira
katalanetik euskarara edo euskaratik katalanera gaztelerazko bertsoa
makulu gisa erabili gabe?
- "Kanpotarrek" X hizkuntza ezagutzeko ezintasunaren ustea.
Zer-nolako aurpegia geratzen zaigu kanpotarren bat euskaraz hasten zaigunean?
- Xdun hiztunak Ydun gisa agertzen dira kanpotarren aurrean. Sanferminetan
zenbat kanpotarri egin diezue euskaraz?
- Demografikoki desagertu baino lehen X hizkuntza "ezkutatu"
egiten da. Zenbat egunez egon daiteke madrildar bat Iruñean edo
Ultzaman, esaterako, euskaraz entzun gabe?
Laburbilduz, Yk beste hizkuntzetarako sarbidearen funtzioa monopolizatzen
du (interlingua dei genezake) eta, gainera, X komunitatearen eta gainerako
komunitateen arteko harremanak nolabait kontrolatzen ditu, distortsioa
eragiten ahal duelarik (filtraketa kulturala). Tarteketak errealitatearen
zentzuari berari eragiten dio.
XXI. mendearen hasierako unibertsoan euskararen komunitatea gazteleraren
eta frantsesaren satelitea da. Noiz planeta bihurtuko?
Bibliografia: "Lluís Aracilen idazlan hautatuak",
UEU-EHU-EKB, 1998.
|