
|
Euskara,
udako eta eguneroko gozamena
Urte osoan zehar hizkuntza ikasten buru-belarri aritzen diren zenbait
pertsonari ez omen zaie iruditzen euskara gozamenerako aukera ere izan
daitekeela eta uda ailegatzen denean nahiago izaten dute euskara kontuak
alboratzea. "Baina nola demontre jarraituko dut nik euskaraz noiz
eta udan! Holakorik ere!".
Neguan landalan, udaran firin-faran, bai, baina zergatik ez euskaraz?
Zorionez, aipatutako jarrera ez dago erabat zabalduta, baina kontua
da euskara sufrimenduarekin edo eskolako bizipenekin lotu ohi duenari
askotan ez zaiola burutik pasa ere egiten plazeraren eta dibertimenduaren
munduak euskaraz ere existitzen direnik. Bai ba, badaude, eta gure sentimenduak
bezain zabalak dira gainera. Eta horren eremu handiak arakatu gabe utziko
ditugu? Hain esploratzaile koldarrak al gara? Ba al dakigu benetan zer
galtzen ari garen?
Motibazio kontuak daude tartean, noski, baina edozein kasutan ere lurralde
miresgarriotako ateak ireki ditzakeen giltza, euskara, hor nonbait denbora
luzez gordetzeak ezin digu onurarik ekarri: denboraren poderioz herdoilduko
zaigu eta galtzeko arriskuarekin gainera... Eta orduantxe bai hasten
direla komeriak!
"Euskal Herrian euskaraz nahi dugu hitz eta jolas..." kantua
denok ezagutzen dugu, baina askotan, euskaraz eta euskarari buruz ari
garenean, seriotasun puntuak gainditzen gaitu. Kostatzen zaigu "jolas"
hitzak duen esanhi joriari eustea: jolasa, solasa, txantxa, dibertimendua...
Ba, hau guztia aldatzen joateko garai ezin hobea da ailegatu
zaiguna. Hilabeteotan gure izerdia bero sargoriak eragin beharko du,
eta ez hizkuntzak, azken horrek jolaserako bideak irekiko baitizkigu.
Izan ere, aisialdiko aukerak anitzak dira gurean: txangoak, bidaiak,
herrietako festak, kanpinak –txalotzekoa da zenbait kanpinetan
begirale euskaldunak baliatuz familien aisialdia euskaraz garatzea helburu
duen ekimena, Zenbat Gara elkarteak sortua–, kontzertuak, ikastaroak,
barnetegiak, literatura... Baina bidea ez da amaitu. Lagunarteko giroan
edo bakarrik, etxean zein kanpoan, aisia bizitzeko aukera berriak sortzen
jarraitu behar dugu, gazte eta helduen bizitzak aberastuko dituzten
aukerak hain zuzen.
Ez dezagun ahaztu bizitzaz ari garela, eta ez urtaroez bakarrik. Hizkuntza
sormen eremua ere bada eta eguneroko ilunaldi eta pozaldi guztiak euskaraz
bizi eta adieraz daitezke. Uda bukatutakoan, normaltasuna eta aisialdiko
tarte laburragoak izango dira eta euskaraz bizitzeko erronkak hor jarraituko
du.
Badakizu, aurten ez galdu aukera: uda, euskara eta bizitza
gozatu!
|
Xabier
Mendiguren
 |
Xabier Mendiguren Elizegi (Beasain, 1964), filologo,
idazle eta editorea, euskal literaturan egindako lan oparoarengatik
da ezaguna. Haur literatura eta antzerkiko lanez gain, gazteentzako
kontakizunak idatzi izan ditu. Helduentzako narratibari dagokionez,
besteak beste "Berriro igo nauzu" eta "Nerabearen biluzia"
liburuen egilea da eta berriki argitaratutako "Errekarteko koadernoa"
da bere azken lana. Bertan, oroitzapen eta gogoeta interesgarriak modu
mamitsuan bildu ditu.
Euskal komunitatearen -euskaldungoaren- egoerak
kezkatzen al zaitu?
Bai esatea da errazena, noski, eta baietz da nire erantzuna,
baina aitortzen dut topikoegi izan daitekeela hori, besterik gabe, eta
zerbait gehitu dudala uste dut: arazo pertsonalak dira gu denok gehien
kezkatzen gaituztenak, gure edo familiakoen osasuna, laneko edo diru
problemak, amodiozko disgusturen bat akaso... Beste hitzetan esanda,
ia inor ez da bereziki kezkatzen arazo kolektiboekin, eta anormala litzateke
gainera.
Hala ere, neure eta neure ingurukoen arazo horretaz gain, problemaren
bat baldin badago benetan kezkatzen nauena, munduko gosearekin eta horrelako
katastrofeekin batera, gure herriarena da. Eta gure herria diodanean
euskaraz bizi den herria esan nahi dut bereziki. Arrazoi egoistak izan
litezke, baina azken batean nire aitona-amonen hizkuntza da, beraz oso
neurea eta oso barrukoa sentitzen dudana.
Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Nire ustez itzal-argiak daude. Egia da ezagutza handitu dela,
handitu da kontzientzia ere, baina era berean okerragoa da hizkuntz
kalitatea, eskasa da dakitenen arteko erabilera, eta bestalde, ikusten
da gero eta amorratuagoa dela hizkuntzaren etsaien jarrera.
Zer egingo zenuke jendearen euskararekiko motibazioa areagotzeko,
hau da, elebakar erdaldunek euskaraz ikas dezaten eta elebidunek euskara
erabil dezaten?
Formula magiko bat izango banu aspaldi oparituko nien elkarte euskaltzale
guztiei. Hori bai, munduko dohain guztiak beharko ditugu: amodioa, lana,
zuhurtzia, ausardia... eta horiek denak konbinatzen jakin.
Zure azken liburuan "Errekarteko koadernoa"n, literaturaren
helburuetako bat irakurla ukitzea eta hunkitzea dela diozu; honekin
batera, zure ustez, pertsonak eta gizarteak eraldatzeko ere balio lezake?
Erralista izanda, nik uste oso ahula eta mugatua dela literaturaren
ahala. Batzuetan eraginen bat dugula iruditu arren, irakurlea zerbait
sentitzera eraman dugula, aurrez horretarako jarrera zeukalako izan
ohi da. Hala ere, ez dago jakiterik...
Euskal Herrian zaila omen da literaturatik bizitzea. Zeintzuk
izan daitezke arrazoiak? Irakurle kopurua? Sormena edo kalitatearen
eskasa?
Nik uste oso kalitate oneko liburuak sortzen ari direla euskaraz. Bene-benetan
esaten dizut. Hala eta guztiz, idazlearen profesionalizazioak ez du
horrekin loturarik: gurea herri txikiegia da, ez oso irakurzalea, komunikabide
gutxikoa, eta baldintza horietan idazleak ezin du bere sorkuntza-lanetik
bizi, non eta ez zaion laguntza publiko handi bat ematen, baina ez dakit
bide hori oso komenigarria ote den ere.
Zure ustez, teknologiak eta merkatuaren lege berriek liburugintzaren
etorkizuna kolokan jarri al dute?
Gaur arte behintza ez da halakorik gertatu. Bihar zer gertatuko den,
ikusiko...
|
|
Diglosia
Elebitasuna kontzeptuarekin gertatu den bezala, DIGLOSIA
ere mito bihurtu da. Elebitasunaren diskurtso ofizialaren aurrean diglosia
aipatzeak indar aldarrikatzailea izan zuen garai batean. Benborarekin
edozein egoeratan erabili izan da eta bere indarra galdu du. Gaur egun
DIGLOSIA hitza erabiliz gero, ongi zehaztu bahar dugu zer esan nahi
dugun eta zein testuingurutan erabiltzen dugun.
FERGUSONek diglosia terminoa erabili zuen lehenbiziko aldiz 1959an hizkuntza
bakar baten erregistroen arteko egoera azaltzeko: batetik "goiko
aldaera" (formala, prestigioduna, eskolaren bidez ikasten dena)
eta bestetik, "beheko aldaera" (ez formala, prestigio gutxikoa
eta familian ikasten dena). Berak jarritako adibideak arabiera, grekera,
Suizako alemanera eta Haitiko kriolera izan ziren. Arabieraren kasuan
adibidez, goiko aldaera erabiltzen zen eskolan eta erlijioan -arabiera
klasikoa- eta beheko aldaera etxean eta harreman ez formaletan -arabiera
kolokiala- (gaur egun arabiera estandarra gehitu beharko genuke, egorea
triglosikoa, beraz). Aldaerek ezpezializazio funtzionala daukate, hots:
bata testuinguru batzuetan erabiltzen da eta bestea beste batzuetan.
Hori izan zen izugarri arrakastatsua suertatu zen ideia.
Hortik aurrera diglosia kontzeptua hizkuntza ezberdinen arteko harremanetara
zabaldu zen Fergusonen kontzeptu dialektalista gaindituz (Fishmanenk,
adibidez, aurreko Karrikan azaldu genuen elebitasun soziala diglosia
kontzeptuaz ordezkatu zuen). Kontzeptuaren bigarren etapa honetako lanak
oso kritikatuak izan dira beranduago prestigioari garrantzi handiegia
emateagatik (Txepetx, Mollà, Palanca...). Kritika horien arabera,
prestigioa desorekaren arrazoitzat jotzen bada oso zaila da egoera aldatzeko
eragitea. Aldiz, hizkuntza nagusiaren prestigioa funtzioen banaketaren
ondorioz ulertzen badugu, prestigiorik gabeko hizkuntzen egoera alda
dezakegu, funtzioen banaketan eraginez.
Gaur egun bi dira DIGLOSIA kontzeptua definitzeko dauden joera nagusiak:
1. Fergusonen konzeptura itzultzea. Solé i Camardonsek horixe
proposatzen du. Beste egoera (hizkuntza batek funtzio guztiak eta bigarrenak
bakan batzuk) hizkuntz ordezkapena da, bere ustez. Fergusonen diglosia
hierarkikoa izan arren orekatua eta egonkorra izan daiteke. Hizkuntz
ordezkapena, aldiz, ezegonkorra eta desorekatua da.
2. Diglosia kontzeptuaren berdefinizio osoa egitea. Bigarren aukera
hau da Txepetxek hautatu duena, hiru diglosia mota ezberdinduz:
a. Sasi-diglosia. Hizkuntza baten erregistroen artekoa. Fergusonena
da. Diglosia hiztun mailakoa da.
b. Diglosia funtzionala edo partziala. Europako zenbait hizkuntzarekin
gertatzen dena. Diglosia komunitatearen mailakoa da.
c. Erabateko diglosia. Glotofagikoa. Euskararen kasua da. Euskarak inon
ez ditu funtzio guztiak betetzen. Diglosia hizkuntza mailakoa da: hiruretatik
larriena.
Diglosiari buruzko bibliografia:
Ferguson Charles, A. "Diglosia" Bat 27, 35-50 orr., 1998.
Sanchez Carrión, J.M. "Un futuro para nuestro pasado. Claves
de la recuperación del Euskara y teoría social de las
Lenguas". Donostia, 1987.
|