
|
In
lingua nabarrorum
Esana dugu hainbatetan, eta denontzat gauza jakina da, hizkuntza guztien
eta bakoitzaren bizitzan komunikabideen garrantzia zer nolakoa den.
Horietan gauzatzen baita egunerokoaren joanaren bidea; hizkuntzaren
beraren bilakaera horietan finkatzen baita sarritan. Baina ez hori bakarrik:
komunitate baten nondik-norakoak ere sarri askotan komunikabideen bitartez
islaturikoak bilakatzen dira. Guretzat ere, gure komunitatearentzat,
izugarrizko garrantzia dute komunikabideek. Izan ere, berreskurapen
prozesuan dugun gure hizkuntzarentzat itzelezko garrantzia dute. Hizkuntzaren
bilakaeran, oraindik orain geure Euskara Batua erabat definitu gabe
dagoelako, baina batez ere une larrietatik ateratzeko guk, komunitate
gisa, behar ditugulako geure barne harremanetan lagunduko diguten tresnak.
Eta hori, besteak beste, dira komunikabideak. Horregatik guztiagatik,
poztu beharrean gaude Nafarroan Nabarra aldizkariaren jaiotzaren berri
izatean. Eta bertatik goraintzi Nabarra aldizkariari, bizitza amaigabea
opatzen diogularik.
Gure ikuspuntutik, baditu Nabarra aldizkariak aipatu beharreko ezaugarriak;
batetik, Nafarroan bertan egina dugula, beste guneetatik aparte. Honek
ikuspuntu berriak lantzen lagundu dezakeelakoan gaude. Ohituta gaude
askotan beste hainbat guneri begira egoten, aitzinatuago ala ez baina
sarritan ea besteengandik zer jasoko zain. Bestetik, beste kultur gune
horientzat, beste herrialdeetan dauden horientzat, aberasgarria ere
izan daitekeela. Eta hori Nafarroatik euskal komunitateari egiten zaion
ekarpentzat jo dezakegu. Beste alde batetik, Nafarroari begira, gure
artean elkarren berri izateko tresna izanen da, gu geu, mendiz haraindiko
nafarrak barne, elkarrengandik hurbilago izateko, hain § zuzen
ere. Hortaz, nafar guztiok izanen dugu bertan present izateko aukera,
eta inongo zonifikaziok ezin borrokatu izanen duen gauza da hori. Agurtzen
dugu, beraz, Nabarra aldizkaria, tajuz egina agertu baitzaigu lehen
zenbakitik, txukun askoa, eta jendearen bultzadaz abiaturikoa. Ez da
"euskarazko" aldizkaria izanen, baizik eta Euskararen aldizkaria,
hots, euskaldunona. Karrika jasotzen duzuenok, hala uste baduzue, txartela
etxean duzue, eta orain zuen esku da betetzea ala ez. |
Mikel
Morris
 |
Euskal (Euskaldunon)
Komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo
egoera?
Gauza askok kezkatzen naute. Esaterako, euskararen aurkako eraso bortitzak
oso kezkagarria, Nafarroan gertatu/gertatzen direnak batik-bat. Teorian,
Europa tolerante eta zibilizatu batean bizi omen gara, baina antza denez,
iraganeko jarrerek jarraitzen dute zenbait jenderen artean. Bestaldetik,
jakina, hemen erabiltzen den indarkeria astakeria galanta da. Alde batetik,
norbait PPkoa edo PSOEkoa izateagatik hiltzeak, moralaren kontrakoa
izateaz gain, euskararen eta euskaldunen kausari izugarrizko kaltea
egiten dio. Erbestean, euskaldunek prentsa txarra dute eta horrelako
ekintzek euskaren etsaiei "arrazoia ematen diete" atzerriko
jende askoren ustez. Ez da ahaztu behar Estoniak bere independentzia
kantuz lortu zuela. Jakina, beste aldekoek sua gori-gori piztuta edukitzen
dute euskal Presoak sakabanaturik dituztelako, Euskal Herritik urruti,
eta hori ere salatu behar da. Itxura guztien arabera, egoera zoro honek
beste 10, 20 urte iraungo du beste belaunaldiak agintera iritsi arte.
Ordurako, Konturatuko dira Europa konponbidea dela.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko,
hau da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek Euskara
erabil dezaten?
Orain, euskararen hardware-a (gramatika, arauak, e.a.) eginda dago baina
falta zaiguna software-a garatzea eta hor dago koxka. Gauza interesgarri
gehiago egin behar dira. Eta txorakeria gehiago. Gazteek, oro har, eta
zoritxarrez, ez dute "Jakin" edo "Argia" bezalakorik
irakurri nahi. Marca, Hola, Super Pop, eta Bravo bezalakoak irakurri
nahi izaten dituzte eta ez dago euskaraz. Hutsune hori erdaraz betetzen
dute. Bai, txorakeria gehiago behar dugu euskaraz. Beste arazoa, eta
baliteke hori arazorik handiena izatea, euskaldun askok eta askok ez
dute esfortzu handirik egiten erdaldunak euskal munduan sartzeko. Askotan,
zenbait erdaldunek euskara ikasi nahi dute baina euskaldunek ez dute
behar adinako pazientziarik beraiekin euskaraz jarduteko. Arazoren bat
baldin badago, poz-pozik jotzen dute euskaldunek gaztelaniara, eta askotan
eskatu barik. Ondorioz, zertarako ikasi euskara? Kontua ez da gaztelaniari
greba egitea, euskarari gehiago ekitea baizik. Buru-kontua da.
Toki askotan izana zara. Munduko hainbat bazter ezagutu eta
gero, zerk bultzatu zaitu hiztegigile lan mardul horretan hastera eta
hartan jairraitzera?
Betidanik izan naiz hiztegizalea. Txikitan, hiztegiak irakurtzen nituen
bestek eleberriak irakurtzen duten moduan. 18 urte nituela, 5.000 hitzeko
zerrendak prestatu nituen, ingelesa eta beste 15 hizkuntzaren artekoa.
Hasieran, nire asmoa euskara ikastea izan zen. Zer edo zer galdetzean,
beti gaztelaniazko hitza ematen zidaten, baina askotan ez nuen hitz
hori ere ulertzen. Gero, lanari ekin ondoren, interes gehiago hartu
nion proiektuari, harik eta obsesioa bihurtu arte. Nire asmoa hiztegi
elebidun handi-handi bat egitea da, Collins edo Oxford hiztegiak baino
handiagoa izango dena. Zertarako? Euskararen corpusa (terminologia,
hitz berriak) finkatzeko, euskara beste hizkuntza modernoak bezain baliagarria
izan dadin. Eta zerk bultzatzen nau hori egitera? Eromenak eta euskaltzaletasun
hutsak.
Beste herrialdetan ibili ondoren, eta hizkuntza askorekin harremana
ukan eta gero, Euskal Herrian bizi zara egun. Euskaldunoi, zer aholku
emango zeniguke mundu eleaniztun honetan bizitzeko hizkuntzei dagokienez?
Guztien gain, euskaldunek euskarari eutsi behar diote, estoniarrek estonierari
eusten dioten moduan, islandiarrek islandierari eusten dioten moduan,
e.a. Jakina, mundu honetan, beste hizkuntzak ere jakin behar dira. Ingelesa,
nahi eta nahi ez, munduko lingua franca bakarra bihurtu da. Horregatik
komeni da ingelesez jakitea kanpoko jendearekin hitz egiteko, eta beti
aprobetxagarria da beste hizkuntzak jakitea, edozein dela ere. Horixe
egiten dute herri txikietakoek, Europan bchintzat. Dena den, Hegoaldean
bizi direnek hiru hizkuntza jakitera "kondenaturik" daude.
Mundu perfektu batean, gaztelaniadunak gauza izango lirateke euskaldun
jendearekin euskaraz hitz egiteko, eta jakina, euskaldunak gaztelaniadunekin
gaztelaniaz, eta talde biek ingelesez jakingo lukete mundu osoarekin
hitz egiteko. Horretarako, hala ere, begirunea behar da, eta zenbait
jendek ez daki errespetatzen.Hala ere, jakiteak ez jakiteari beti garaituko
dio, beti.
|
|
Norbanakoaren
elebitasuna eta elebitasun soziala
Jakina da pertsonek hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko
gaitasuna daukagula; hots: elebidunak, eleaniztunak, izan gaitezkeela.
"Elebitasun" kontzeptua, dena den izugarri zabaldu da eta
elebitasun pertsonala baino askoz gauza gehiago adierazteko erabiltzen
da. Txepetxek esan zuen bezala:"A fuerza de significarlo todo el
bilinguismo pasa a no significar nada". Zabalpen horretan funtsezko
nahasketa sortu da: elebitasun sozialaren eta pertsonalaren artekoa;
berez oso gauza ezberdinak izan arren:
NORBANAKOAREN ELEBITASUNA: pertsonak hizkuntza bat baino gehiago jakitea.
ELEBITASUN SOZIALA: lurralde unitate batean hizkuntza bat baino gehiago
erabiltzen duten hiztun taldeak egotea. Bi hizkuntzen arteko txandaketa
erabilera arau zehatzek antolatzen dute eta gehienetan txandaketa desorekatuta
egoten da, hots, ez da berdina bi hizkuntzentzat. Egoera horretan gatazka
sortu ohi da. Elebitasun sozialaren barnean egoten den desoreka ulertzeko
nahikoa da "Alde bakarreko elebitasunaren" kontzeptua gogoratzea
(eskema Lluis Aracilena da): Hasieran (1) bi multzoak guztiz independenteeak
dira. Bakoitzak bere tokia dauka. Gero (2) bi multzoen arteko ebaketa
gertatzen da. Baina hurrengo egoera ikusi eta berehala (3) ebaketa ez
i dela orekatua antzematen dugu. Hiztunak bereganatzen I dituena B taldea
da, ez bestea. Hots: Adunak elebiduntzen dira, ez Bdunak. Prozesuaren
une batean (4) Adun guztiak elebidunak dira (C hiztunak). Ez dago A
elebakarrik eta Cak Bdunen azpimultzoa dira. Elebidunak gero eta gutxiago
izango dira (5) (batzuek A hizkuntzari utziko diote) eta A hizkuntzaren
komunitatea desegituratuta (sozialki eta geografikoki) agertuko zaigu.
Aracilek kritika zorrotza egin zion berak deitutako "elebitasun
sozialaren mitoari". Bere ustez, elebitasun soziala ORDEZKAPEN
PROZESUAren etapa bat da, hizkuntza baten berreskurapenaren edo galeraren
urratsa. Arrazoi gabekoa da egoera desorekatu batek betiko estatiko
iraunen duela espero izatea: "elebitasunaren pilotak ezin du iraun
desberdintasun sozialaren aldapan". Bere ustez, elebitasun soziala
ezin da egonkorra izan. A hiztunek bi aukera dituzte: B hizkuntza ikastea
eta horrekin batera gizarteko funtzio guztietan parte hartzeko aukera
eskuratu ala elebakarrak mantendu eta gizarteko zenbait esparrutan sarbidea
galdu. Gerta daiteke B hizkuntza duen taldeko inork A hizkuntza ikastea,
baina hori beti erabaki pertsonala izango da, ez gizarteak behartutako
zerbait. Hori da bi multzoen arteko ezberdintasuna. Adunek B hizkuntza
ikasi behar dute, Bdunek soilik nahi badute ikasten dute.
|