
|
Osabideak
bilatzen makulurik gabe ibili nahi duten herrenentzat
Bere burua euskalduntzeko erabakia hartu duen orok poz handiak hartzen
ditu bidean aurrerapausoak egiten dituenean, baina bestalde badaki zer
nolako zailtasunak dauden bidean. Ikasketa prozesua ez da bukatzen ikastetxe
eta euskaltegietatik ateratzen garenean; eta euskaraz bizitzeko konpromisoari
atxikitzen badiogu, berehala konturatzen gara eremu askotan normaltasunez
ibiltzeko arazoak aurkitzen ditugula.
Izan ere, trabarik gabeko ibilera oztopatzen diguten faktoreak ez dira
gutxi: gure hizkuntz gabeziak -hauen artean erregistro ez formalak menperatu
ezizana-, konplexuak, motibazio ahula, legeria, hizkuntzaren funtzio
guztiak garatzeko aukera eskasia...
Eragozpen hauek guztiek batzuetan etsipena sortzen dute hiztunengan.
Ikasten dabilenak azkar ikusi nahi ditu emaitzak eta ikasiz jasotzen
duena kalean erabiltzerik ez badu, alferrikakoak izan daitezke hasierako
motibazio altu batetik sortu ziren ahalegin horiek
Kontziente izan ala ez, arazo eta gabezia hauek saihesteko gure eguneroko
bizitzan zenbait baliabide jarri ohi ditugu martxan: ahozko komunikazioari
dagokionez, dakigun apurrarekin konformatzen gara maiz -komunikazioaren
kalterako-, edo gure esaldiak erdararen esamolde eta egituren laguntzaz
osatzen ditugu etengabe, ustezko naturaltasun bat lortzearren. Eta,
oro har, gizartean aukera gehien eskaintzen omen digun hizkuntzara jotzen
dugu askotan, hizkuntz baten aldeko desoreka honetaz gehiegi kezkatu
gabe.
Ez gara ohartzen euskaldun bezala bizitzeko aukerak eta tresnak egon
badaudela. Agian gertatzen zaiguna da ez dakigula horiek identifikatzen
eta, edozein kasutan ere, identifikatuz gero, baliabide hauen garapena
gure esku ez dagoela pentsatu ohi dugu. Baina usteak erdia ustel: esate
baterako, edonork igo dezake bere hizkuntz nahikotasun maila, eta denok
lagundu dezakegu euskarazko harreman sareak osatzen, gizartean erabilera
aukera gehiago egon daitezen. Eta guztioi dagokigu gure ingurukoen motibazioan
eragitea.
Horregatik guztiagatik, orain dela egun batzuk hasi zen soziolinguistika
ikastaro berrian bidean aurkitzen ditugun oztopook deusezteko tresnak
eta baliabideak bilatzeari ekin diogu, ziur baikaude hauek gainditu
ezean egonkorrak ez diren makulu deserosoen menpe bizitzen jarraituko
dugula, eta honek ez digula autonomoki ibiltzen utziko. Motibazioa,
ezagutza eta erabileraren arteko zirkulazio arina ahalbidetzen ez duten
tapoiak deuseztea dugu erronka, eta denok har dezakegu parte lan honetan.
Ekin diezaiogun lanari. |
Caroline
Philips
 |
Kalifornian jaio
zen musikari hau Baionara etorri zen 1992an. Kantari izateaz gain -gaur
egun Bidaia taldean-, Phillips Internet Consulting multimedia zerbitzuetarako
enpresa sortu zuen orain dela bost urte; enpresa honen bidez aholkularitza
eta formakuntza eskaintzen ditu. Elkarrizketa honetan, bestelako gaiak
ere jorratzeko aukera izan dugu berarekin.
Euskal komunitatearen egoerak kezkatzen al zaitu?
Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Euskal komunitatea mundu osoan dauden euskaldunek osatzen dutela esan
daiteke, eta alde horretatik txikitzen ari dela ikusten dut. Jende askorik
ez dago. Euskal Herritik kanpo jende asko dago Euskal Herriari buruzko
gaien inguruan interesa agertzen dutenak, baina hauek normalean ez dakite
euskaraz edo ez dute ongi menperatzen. Eta Euskal Herri mailan, orokorki,
zaila da ikustea nola dagoen euskal komunitatea, zeren komunitate batean
azpikomunitate batzuk ere badaude; erantzutea ez da erraza, oso gai
orokorra delako.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau
da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaen eta elebidunek Euskara
erabil dezaten?
Motibazioaren aldetik, nik uste dutjendeak ikusi behar duela euskara
oso hizkuntza interesgarria dela; zazpi euskalki ditu, azpieuskalki
asko. Ni ohartu naiz hor baduzula lan bat bizitza guztiarentzat. Eta
interesgarria izateaz gain, euskal komunitatean parte hartzeko euskaraz
jakin behar duzula ikusi behar
da. Ameriketara joaten bazara ingelesa jakitea ezinbestekoa da, hango
hizkuntza ingelesa baita; ba, nik uste dut Euskal Herrian berdin gertatzen
dela: bertako hizkuntza euskara da.
Zer dela eta zu bezalako ipar amerikar bat euskaldundu?
Niri motibazioa etorri zait senarra Parisen ezagutu nuelako eta Euskal
Herrira bizitzera etorri ginelako. Orduan, Euskal Herrian nintzen eta
niretzat oso normala zen euskaraz ikastea, Euskal Herriko hizkuntza
delako. Bestalde, nire senarraren lagun guztiak euskaldunak ziren, orduan
bi aukera besterik ez ziren gelditzen haiekin komunikatzeko: edo ingelesez
edo euskaraz. Horregatik, normaltasunez ikusi mien euskara ikastearena.
Nik, adibidez, ez dakit gaztelaniaz.
Internet zalea omen zara, eta gainera zure ogibidea ere bada.
Euskaldunontzat garrantzitsua ote da Internet? Zergatik?
Internet bezalako tresna bat oso garrantzitsua da hizkuntza komunitate
batentzat. Internet, oro har, suerte handi bat da komunikatzeko, xantza
handi bat da, eta gure bizitza errazten du. Euskal Herrian berdin gertatzen
da; nik pentsatzen dut euskal komunitatearentzat ere tresna garrantzitsuenetariko
bat izan dela azken lauzpabost urte hauetan.
Zer egin behar dugu, jendeak orain arte izan duen abesteko zaletasuna
ez galtzeko?
Abesteko zaletasuna aipatzen duzu baina entzuteko ohitura ere aldatzen
ari da: guk iaz, eta orain urte batzuk, bataz beste 40 kontzertu edo
egiten genituen.
Aurten berriz, 15 inguru egingo ditugu. Ez dakit zer gertatzen den,
baina badirudi jendea ez dela kontzertuetara joaten. Bestalde, egia
da etxeetan, tabernetan, lehen zegoen abesteko zaletasun hori pixka
bat galtzen hasia dela. Gaurko moda bakarka egotearena omen da. Gero,
jendearen arazoak ere kontuan hartzekoak dira: jendeak ez du horrenbeste
dirurik, langabezia handia da Euskal Herrian, eta jende asko etxean
geratzen da. |
|
Ordezkapen
linguistikoa versus hizkuntzen ekologia
HIZKUNTZEN EBOLUZIOA
Hizkuntzek izaki bizidunen moduan funtzionatzen dute: nahi edo ez nahi
eta etengabe aldatzen dira. "Espezieen eboluzioaren legeek baldintzatuko
balituzte bezala, hizkuntzak behar komunikatibo berrietara egokitzen
dira. Naturak aldaketak sortzen ditu eta egokiak gertatzen direnak nagusitzen
dira denboraren poderioz. Hizkuntzen kasuan aldaketa azkarragoa da,
behar komunikatiboek bultzatuta, hiztunek bide berriak sortzen baitituzte.Aldaketak
ugaritzen direnean dialektoak sortzen dira. Aldaketa dialektologikoa
beti graduala eta motela da eta hiztunak ia ez dira ohartzen. Mendeetako
perspektibak, ordea, ez du zalantza izpirik uzten: gaurko hiztun erromanikoek
ez lukete ahozko latin klasikoa ulertuko.
ORDEZKAPEN LINGUISTIKOA
Nolanahi ere, ez dira horiek hizkuntzen munduan gertatzen diren aldaketa
bakarrak. Gizakia gainerako espezien eboluzioa baldintzatzeko "gaitasuna"
erakutsi du. Hizkuntzen kasuan ere,"hizkuntz ekologia" hausteko
gaitasun ukaezina dauka,ORDEZKAPEN LINGUISTIKOA munduan zehar zabaldutako
fenomeno azkarra eta bortitza baita: hizkuntza batzuk hedatzen dira
beste batzuk desagerraraziz. Txepetxek honako urrats hauek finkatu zituen
ORDEZKAPEN LINGUISTIKOA azaltzeko:
- FUNTZIO LINGUISTIKOAK GALDU. Hiztunek ezin dituzte bere hizkuntzaz
eguneroko zeregin guztiak egin, horietako batzuk kanpoko hizkuntzak
bereganatu baititu.
- ALDEBAKARREKO ELEBITASUN SOZIALA. Hizkuntza eguneroko eginkizunak
bideratzeko (lana, eskola, medikua...)"nahikoa" ez denean,
beste hizkuntza ikasten da, izan ere, eginkizunak, egin, egiten dira,
hizkuntza batean edo bestean.Funtzio defizitak eraginda, bertako hiztunak
elebidundu egiten dira, ez besteak. Elebiduntzea norabide bakarrekoa
izaten da.
- GUTXIAGOTASUN KONPLEXUA. Gertatzen zaion prozesua perspektibaz ikusteko
ezintasunean, hiztunak gizarte funtzioak garatzeko duen ezintasun pertsonalaren
errua hizkuntzari egozten dio. Gehienetan belaunaldien arteko hizkuntza
jarraipena ahultzen da.
- HIZKUNTZA KOMUNITATEAREN DESEGITURAKETA. Bertako hiztunak bigarren
hizkuntzaz bizi den komunitateko kanpoalde bihurtzen dira, beraien komunitatea
desegituratuz.
- LEGEAREN ALDETIKO DISKRIMINAZIOA.Legeak egoera gutxiagotua normaltzat
eta "legaltzat" jotzen du.Norabidea aldatzen ez bada ( hots;
normalizazio bideari ez bazaio ekiten), azken urratsa hizkuntza eta
komunitate gutxiagotuaren heriotza da.
- HIZKUNTZEN EKOLOGIAri buruzko diskurtsoa zabaldu behar da, espezie
biologiko guztiak bezalaxe, hizkuntza guztiak ere gizakion ondaretzat
har daitezen. Kasu honetan ere, "multinazionalak" (hots: nazioarteko
funtzioa duten hizkuntzak eta atzean dituzten komunitate linguistikoak
eta interes ekonomikoak) dira oztopo nagusiak, errentagarritasuna gizaki
guztion ondarearen gainetik jartzen baitute
Iturria: Jazten, 1. zkia, AED, "Unfuturo para nuestro pasado"
liburuaren aurkezpena.
|