07 KARRIKA : 046|2001eko apirila    <045 | 047>

|IRITZI ARTIKULUA |ZENBAT BURU... |SOZIOLINGUISTIKA |HEMEROTEKA

 

|IRITZI ARTIKULA

Globalizazio eredu honen aurrean, herriak mugimenduan

Azken urte hauetan ohikoa da "globalizazio" hitza edozein komunikabidetan aurkitzea. Askotan, kontzeptu hau ekonomiarekin lotu izan da. Multinazionalak merkatu berriak bilatzen ari dira munduan; kapitalaren logikak bere arauak eta lehentasunak seinalatzen ditu eta norbanakoak eta herriak munduko eragile ekonomikoen interesen menpe gelditzen dira. Ondorioak ezagunak ditugu: pobrezia eta desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira eta gizakien oinarrizko eskubideak ez dira aintzat hartzen. Horregatik, "globalizazio" hitza engainagarria izan daiteke, benetan gertatzen ari dena polarizazio bat delako. Interes horien menpe dauden hedabideak egoera hori mozorrotzeko sortu den pentsamendu bakarra zabaltzeaz arduratzen dira, ohiko topikoak erabiliz: askatasun ekonomikoa, aurrerapenaren mitoa, mundializazioarekin denok irabaziko dugula... Baina garrantzitsuena zera da: alternatibarik ez dagoela sinestarazi nahi digute. Aldi berean, eta aurrekoarekin estuki lotuta, aniztasuna ukatzen duen kultur "globalizazio" bat hedatzen ari da: aginte ekonomikoan daudenen produktu eta zerbitzuak munduko merkatuetan inposatzearekin batera, bizimodu eta ohitura berdintsuak zabaltzen dituen kultur homogeneizazio bat ezarri nahi dute. Prozesu honek, beraz, ez ditu soilik herrien arteko desberdintasun ekonomikoak handitzen, hedapen murritzeko kultura eta hizkuntza guztiak ere erasotzen ditu. Gauzatu nahi duten estandarizazio horren erruz, eta hizkuntza jakin batzuen inposaketarekin, arrisku bizian zeuden hizkuntza askoren etorkizuna ilunagoa da oraindik. Honen guztiaren aurrean, zer egin daiteke? -Alde batetik, euskara eta oro har hizkuntz gutxiagotuak erabiliz eta sustatuz munduko kultur aberastasuna babesten ari gara, eta ideia hau zabaldu behar dugu. -Globalizazioaren zentzu positiboa berreskuratu beharrean gaude. Izan ere, merkatu eta ohituren uniformetasunaren aurrean, herrien nortasunaren aldeko apustua egin eta kulturen arteko ezagutza eta elkartasuna globalizatzen saiatu behar dugu. -Prestakuntza eta jakinmina ezinbestekoak dira munduan gertatzen ari diren aldaketak ongi ulertzeko. Eta garai honetako ekonomiak sortutako teknologia berriez ere balia gaitezke, informazioa lortu eta elkarren arteko komunikazioa bideratzeko. -Hizkuntzak ez dira ekonomiaren mundutik at bizi. Hizkuntz komunitateak indartzeko, bertako kultur ekoizpenak bultzatu behar ditugu, eta tokian tokiko ekonomia eta merkataritza sustatuko dituzten ekimen eta erabakigune partehartzaileak osatzen lagundu dezakegu. Modu honetan, gizarte eredu bakarra eta bidegabea eraiki beharrean, eredu desberdinen aniztasuna bermatzen lagunduko dugu, herri bakoitzeko kultura eta beharrei protagonismoa eta garatzeko aukera emanez. "Pentsatu globalki eta ekin lokalki": hizkuntz ekologistei ere badagokie esaera hau praktikan jartzea. Oraindik garaiz gabiltza: hel diezaiogun lanari lehenbailehen.

 

|ZENBAT BURU

Ned Thomas

Galesko Unibertsitateko irakaslea da. Aldi berean, hizkuntza minorizatuetan garatzen den komunikazioaren arloan ekimenak martxan jartzeko sortu zen Mercator Media programa zuzentzeaz arduratzen da.

Euskararen eta galesaren hizkuntz komunitateek hiztun kopuru beretsuak dituzte (500.000 hiztun baino gehixeago) eta ehunekoak ere antzekoak dira (% 15 inguru). Zure iritziz, datu estatistikoetan dagoen antzekotasun hau bi hizkuntzen egoera funtzionaletan ere islatzen al da?
Galdera zabala eta korapilatsua da, Euskal Herriko egoeran indarrean dagoen banaketa administratiboak -hiru administrazio eta bi estatu- eragiten duelako. Historiak egungo jarreretan duen eragina kontuan hartuta, nik uste euskarak gehiago sufritu duela Estatu espainiarrean galeserak Erresuma Batuan baino eta horrek agian euskararen alde lan egiteko borondate sendoagoa sortu du.
Galestar izatearen kontzeptuak, ingelesez biziz, Euskal Herrian modu berean gertatzen ez den fenomeno bata adierazten du eta horrek beste zailtasun bat sortzen du. Baina egia da antzeko gauzak badaudela. Esate baterako, Galesen, Euskal Herrian bezala, nekazaritza munduak eta ohiturek garrantzi handia izan dute; eta, zuen herrian bezala, industrializazio prozesua goiz samar garatu da. Industria zaharra egon ohi da lehendik ere, eta gur egun garai postindustrialean bizi garela esan daiteke, industria berriak sortzen ari direlarik. Baina batez ere ni ohartu naiz bi herriotan hizkuntza bilakatu dela nortasunaren ezaugarri nagusia. Galesko herria bereizten duten ezaugarri kulturalak, hizkuntzaz gain, Euskal Herrian baino ahulagoak dira, behar bada.

Hizkuntza minorizatu baten alde egin behar den lana zailagoa al da gizarte horretan nagusi den hizkuntza ingelesa denean?
Ziur aski gu lehen lerroan gaude. Ingelesaren aurrean bizirik jarraitzeko gai baldin bagara, orduan inork ez du etsi behar! Eragozpenak oso argiak dira. Mundu anglosaxoiak itotzen gaitu eta ingelesaren nagusikeria gauza guztietan ikusten da. Euskaldun batek gaztelania gainditzen ahal du -edo frisiar batek nederlandera- ingelesezko programa informatikoak erabiliz, esaterako; baina Galesko bat, gauza bera egiten badu, berehala konturatzen da ingelesak bere bizitzako beste arlo bat bereganatu duela. Nik ikusten ahal izan dut Europan dauden hizkuntza gutxiengoei ingelesa oso onargarria iruditzen zaiela. Eta zergatik ez? Epe motzean ingelesak ez die erasotzen. Baina epe luzean... batek daki? Hala eta guztiz ere, nik egoera eleanitzak hobesten ditut, honek alemana, frantsesa edo gaztelania bezalako hizkuntzak erabiltzea esan nahi duela jakinda ere, testuinguru eleanitz bat elebakarra baino onuragarriagoa izan daitekeelako gure hizkuntzentzat. Baina agian ingelesaren aurrean egoteak abantaila batzuk ekar ditzake. Adibidez, galesezko telebista kanala martxan jarri zenean, ezin genituen Estatu Batuetako filmak bikoiztu, jendeak ingelesezko kanaletan ikusiko zituelakoan geundelako. Horrela, geure industria xumea eraiki behar izan dugu. Modu honetan, galesezko telebistan ikusten dena galestarragoa da, Europako beste hizkuntz askotan -bai handietan bai gutxiagotuetan- emititzen duten telebistetan baino "nazionalagoa" azken finean. Bestalde, esan beharra dago ingelesarekiko elebitasunak gaur egun zera esan nahi duela: berrikuntza tekniko gehienak oso azkar ailegatzen dira gure kulturara eta batzuetan egokitzen ahal ditugu, baina besteetan ez gara gai izaten, behar diren baliabideak (pertsonalak eta materialak) falta ditugulako.

Zure ustez, hemendik ehun urtera nolakoa izanen da hizkuntza minorizatuen bilakaera, eta zertan gauzatuko da azkenean?

Hastapenetan dagoen araudi edo "konstituzio" europarrean -Hizkuntza erregional eta minoritarioei buruzko Karta Europarrean eta berriki argitaratutako Eskubideen Oinarrizko Itunean ari naiz pentsatzen- hizkuntz gutxiagotuen ideia pixkanakako onarpen bat lortzen ari dela suma daiteke. Lehen Europan Estatu-nazioak baziren, baina etorkizunean ez da estatu elebakarrik izango. Hala ere, eguneroko bizitzan eragile asko daude eta hizkuntzak errealitate osoarekin du zerikusia eta errealitatea azkar eta etengabe aldatzen ari da hainbat arlotan: ekologia, ekonomia, politika, teknologia etab. Iragartzea ez da zientzia bat, norberaren fedea edo itxaropena aldarrikatzeko bide bat baizik. Hizkuntz plangintzak eta soziolinguistikak meritu handia dute, baina ez dut uste aterabide osorik dagoenik. Sormena behar dugu gure hizkuntzen barruan, hizkuntz horietan bizitzea, borroka ere bizitzea, maite duguna gordetzea, erakartzen gaituena hartzea, hori guztia ere garrantzitsua da.
 

|SOZIOLINGUISTIKA


Eskubide linguistikoak: noren eskubide? Norbanakoaren eskubideak eta komunitaterenak batera doaz

Hitz egiteko eskubidea. Komunikabideak norberaren hizkuntzan jasotzeko eskubidea. Seme-alaben hezkuntzaren hizkuntza aukeratzeko eskubidea... Eskubide linguistikoak. Baina NOR DA ESKUBIDE HORIEN SUBJEKTUA? Bizi garen ingurunean murgilduta, guk ezagutzen dugunaz gain manduan besterik dagoela pentsatzea zaila egiten zaigu. Dena den, hizkuntzen arteko ukipen egoera bizi diren herriek hizkuntzen erabilera arautzeko bide ezberdinak aukeratu dituztela jakin behar dugu. Aukera ezberdin honek bi multzo nagusitan sailka ditzakegu:

1. KOMUNITATEAREN ESKUBIDE LINGUISTIKOEI LEHENTASUNA Ematen dieten multzoa. Herrialde hauetan muga linguinstikoak ezartzen dira eta mugatutako esparru bakoitzean hizkuntza bat erabiltzen da eremu publikoan (administrazioan eta hezkuntzan, adibidez). Batzuetan; gutxiengoei zenbait erraztasun ematen zaizkie, baina, orokorki, komunitate linguistikoaren eskubideak pertsonen eskubideen gainetik daude, norbanakoak ezin baitu arlo publikoan hizkuntza aukeratu. Belgikan, adibidez, Liejan bizi den frantses hiztuna Anberes hiri flamenkora badoa bizitzera, bere seme-alabak nederlanderaz matrikulatu beharko ditu eta udaletxeko paperak nederlanderaz bete beharko ditu. Anbereseko esparru publikoan nederlandera erabili beharko du, ez frantsesa. Muga linguistikoa pasatzerakoan bere eskubide pertsonalak atzean uzten ditu, nolabait esateko. Berdin alemanieraz egiten den Zurichetik frantsesez egiten den Genebara doan hiztun suizarraren kasuan, esaterako.

2. PERTSONAREN ESKUBIDE LINGUISTIKOEI LEHENTASUNA ematen dietenen multzoa. Kasu honetan ez da barne mugarik ezartzen eta bi hizkuntza (edo gehiago) egonik. pertsona bakoitzak erabakiko du zein erabili administrazioan, hezkuntzan, lan munduan edo dena delakoan. Aukeratzeko eskubidea erreala izan dadin, bi hizkuntzen (edo aintzakotzat hartzen diren guztien) presentzia bizitzaren arlo guztietan ziurtatu behar da. Hizkuntza gutxiagotuen kasuan beste hizkuntzarekiko oreka lortzea zaila dela begibistakoa da
(baliabide ekonomikoek eta kultur produkzioaren hedapenak, adibidez, zeresana badute, noski). Multzo honetako herrietan egoera linguistikoaren egonkortasuna komunitatearen eskubide linguistikoei lehentasuna ematen dieten lurraldeetan baino askoz txikiagoa izaten da. Dena den, pertsonaren eskubideei lehentasuna ematen dieten marko legal hauetan, teorian, hiztunak beti erabaki dezake zer hizkuntza aukeratu. Dena den, ez ahaztu: esparru geografiko batean edo une historiko batean aitortutako eskubideen gainetik, komunitate linguistikoek eta honetako hiztunek bere hizkuntzan nahikotasunez garatzeko eta irauteko ESKUBIDE NATURALA dute. Hori da traba legalak gainditzeko daukagun argudiorik nagusia eta heldulekurik sendoena.

BIBLIOGRAFIA Alvarez Enparantza, J.L. "Hizkuntz lurraldetasuna Belgikan", Bat-2, 90eko azaroa, 49-66 orr. Alvarez Enparantza, J.L. Suomieraren normalkuntzaz, Bat-30, 99ko ekaina, 11-31. orr.

 
 
 
Karrikiri Elkartea. Xabier karrika 4 (Gazteluko plazaren ondoan). 31001. Iruñea. Tel.948 225 845. bulegoa@karrikiri.org