
|
Bazterketa
guztien aurretik eta itxura guztien gainetik
Europa osoan ospatzen ari den Hizkuntzen Urte honetan argitaratutako
foru dekretua eta beste xedapen legalak egin dituztenen asmoa euskara
esparru pribatura mugatzea da, hau da, esparru publikotik desagerraraztea,
hizkuntza minorizatuen berreskurapen prozesuetan esparru publikoko erabilera
ziurtatzea funtsezkoa dela badakitelako. Hizkuntzak eremu pribatuan
iraun dezake euskara horren lekukoa da baina ez betirako. Dena den,
ez dezagun ahaztu egoera hau ez dela berria: aurreko garaiak ere ez
ziren batere samurrak izan. Aspaldikoak ditugu, adibidez, batuari egindako
kritika barregarriak, badakitelako esparru publikoa eskuratzeko hizkuntza
guztiek behar dutela bere batua, bere estandarra. Euskal komunitateari
dagokionez, zer egiten dugun ongi eta zer egiten dugun gaizki beti galdetu
behar diogu geure buruari, ez honelako erasoen aurrean bakarrik. Eta
kasu honetan, besteetan bezala,eraso/erantzun dinamika horretan geratzea
oso kaltegarria izango litzateke, are gehiago gure lanaren ebaluazioa
bakarrik honelakoetan egiten badugu. Gure jardunak iraunkortasuna behar
du: erasoak aspalditik datoz, eta xedapen horiek euskaldunen aurkako
estrategia luze eta handiago baten zati bat baino ez dira (Unibertsitate
Publikoa, subentzioak, aldaketak D ereduan, "iritzi" artikuluen
zaparrada...).Euskalgintzan gabiltzanok gauzak gero eta hobeki egiten
saiatzen ari gara, eta lorpenak ere badaude, dudarik gabe(bestela ez
ziren ezta dekretu berriak idazten ere kezkatuko)baina ditugun gabeziak
eta arazoak ez dira txikiak.Bestalde, euskararen kontsigna hartuta erdaraz
lasai asko bizi direnen "euskaltzaletasun" hutsalak ezin dio
aurre egin halako egoerari. Gainera, nahi gabe ere, argudioak ematen
dizkie arau baztertzaileak ezartzen dituztenei. Tamalez,kontraesan horretan
murgilduta dabiltzanak ez dira gutxi gure inguruan: pertsona askoren
kasuan, euskara ez da euren baitakoa, zaindu beharreko erreferentzia
maitagarria baizik, eta maite omen duten objektuari eraso egiten diotela
ikusten dutenean, kexu agertzen dira denboraldi batez.Baina azaleko
kezka honek ez du eraginik izaten lagun hauen egunerokotasunean, eta,
sakon aztertzera, ez dira ohartzen geu garela erasotuak: benetan kolokan
jartzen dutena hiztunon eta hiritar guztion izaera eta nahi dugun moduan
(euskaldun) bizitzeko eskubidea eta borondatea dela. Hala ere, ez da
harritzekoa azken erasoaldi honek askorengan sorrarazi duen sumindura.
Haserre hori lan iraunkor eta eraldatzaile bilakatzen saiatu behar genuke,ordea.
Azken finean, legeriaren gizarte eta hizkuntz ondorioei aurre egiteko
har dezakegun jokabide hoberena, indarrak batu, itxurak egiteari utzi
eta gure bizimodua aldarrikatu nahi ditugun jarrerekin uztartzea baita:
euskaldungoaren biziraupena segurtatzeko engaiamendu sozial zabalaren
beharrean gaude oraindik ere, eta garen eta izan nahi dugunaren aldeko
aukera kontzientearen bidea da horretara eramango gaituena. Aurrera
begira, eremu publikoa eta pribatua, biak, landu behar ditugu. Zailtasunak
zailtasun, euskaldunok euskara plazara, bizitza modernoaren esparru
guztietara eraman behar dugu. Ahaztu gabe plazara zerbait eraman ahal
izateko euskara hiztun bakoitzarengan nahikotasunez garatu behar dela,
hau da, norberak euskara eta euskal kultura landu behar dituela. Eta
elkarlana eta taldeen arteko koordinazioa ere ezinbestekoa da, gure
bitarteko guztiei etekin handiena atera diezaiegun. Hil honetan hasiko
den Korrikaren lekukoa geure baitan datza: bizitza osorako konpromisoa
dugu eta gure esku dago berari eustea. |
Koldo
Izagirre
 |
Euskal komunitatearen
egoerak kezkatzen al zaitu? Nola baloratzen duzu egungo egoera?
Bai, baina ez egungo egoerak eraginda: nik esanen nuke euskaldungoa
oso lasai bizi izan dela zenbait sektoretan nolabaiteko instituzionalizazio
bati esker, eta hain lasai ze bere eskubideen ukoa egin baitu. ETB aldatzeko
gai ez den komunitate bat, adibidez, komunitate ahuldua da. UPV-EHU
bat da horren ispilu, esaterako: euskarari langa, irakasleen gatazka
usteltzera utzi, Protecsa kanpusean, eta gero Goiriena, errektore ohia,
Sanzen aginduetara. Estatutismoaren ondorioak dira, noski, baina baita
kulturan indignazio ahalmena galdu duen komunitate baten errua da.
Zer egingo zenuke jendearen Euskararekiko motibazioa areagotzeko, hau
da, elebakar erdaldunek Euskaraz ikas dezaten eta elebidunek euskara
erabil dezaten?
Ikasi? Ikasiz betea dago nire ingurua! Dakien mordoa dago, EGA ere badaukana,
eta euskalduna ez dena. Listo aunitz kolatu zaizkie euskaldunei…
baina itxura gordetzeko behar ziren. Burgesia nazionalik ez daukagu,
alegia, gure burgesia ez da euskaldun edo euskal herritarra, regionalista
da, folklorista. Burgesi garaitu ezean horrela ibiliko gara beti. Beraz,
badaukagu puska baterako.
Nafarroan eta Iparraldean sortzen denaz enteratzen al zarete Autonomia
Erkidegoan?
Zuk uste duzu Bilbao enteratzen dela gipuzkoarronaz? Zuk uste duzu Gasteiz
(bere adiera osoan) enteratzen dela bermeotarrenaz? Ez, eta Donostia
ere ez da enteratzen Pier Pau Berzaizen diskaz edo Lukuren antzerkiaz
edo Olasagarreren poemez. Hori aitorturik, non dago bizitza kultural
minimo bat, euskaraz? Gipuzkozentrismoarena egia izanen da, baina etsaia
ez gara gu, edo ez al zarete oraindik ohartu? Sentitzen dut, baina “gu”
prest gaude zuei laguntzeko Sanzen kontra. Baina “zuek”
lagundu beharko diguzue ETB aldatzen, besteak beste.
Zergatik da horren zaila Euskal Herrian literaturatik bizitzea?
Irakurle kopuruagatik? Produkzio txarra?
Euskalerrian, galdetzen didazu? Baina nor arraio bizi da ordea munduan
literaturatik? Zenbat dira Frantzian literaturatik bizi direnak? Eta
musikatik? “Literaturatik” bizi direnak oso gutxi dira munduan,
eta editoreak hobeto idazleak baino. Beste kontu bat da “idaztetik”
bizitzea. Eta jende mordo bat bizi da Euskal Herrian “idaztetik”.
Baina, noski, horietatik gutxi bizi dira “idazten”. Idazleek,
historikoki, printzeendako idatzi izan dute, edo Elizrendako, soldatapekoak
izan dira. Orain ere antzekoa da, unibertsitateetan emandako hitzaldi
eta ikastaldietatik, aldizkarietarako enkarguetatik… inor gutxi
bizi da bere fikzio lanen salmenteetatik, eta horietatik bakarrik bizi
direnak, oro har, ez dira idazleak, kazetariak eta subliteratura egin
dutenak baizik.
Zinema Euskaraz ikusi ahal izateko, zer egin behar da? Zer iruditzen
zaizu Katalunian saiatzen ari diren kuoten bidea?
Kuota ezartzeko ahalmena daukate han, burgesia katalanista bat daukatelako.
Hemen ezin du hori burgesiak ezarri, ez dauka kemenik, eta beti dago
Madrilera begira. Zer esan du Eusko Ikaskuntzak historiaren erreforma
dela eta? Deus ez. Eta Euskaltzaindiak? Zinema euskaraz ikusi…
betikoan gaude, gure administratiboki konpondu nahian, et gu “ikusle”,
pasibo alegia. Hori baino garrantzitsuagoa da zinema euskaraz “egitea”.
Zinema euskaraz egiten zen lehen, 1980aren aurretik. Gero estatutuak
bideratu zuen zinemagile probintziano unibertsal usteko bat erdaraz,
txapuzaz eta pufoz betea. Eta hor izen-abizen konkretuak daude, kulpante.
|
|
Hizkuntza
komunitatea eta berdintasun printzipioa
Soziolinguistikak HIZKUNTZA KOMUNITATEAREN KONTZEPTUA
proposatzen du HIZKUNTZA KONTZEPTUAREN ORDEZKOTZAT. Lehentasuna ematen
dio jendeari (erabiltzaileei) hizkuntzaren (kodearen) gainetik. Soziolinguistikaren
ikuspuntutik, galera eta berreskurapen prozesuak komunitateek jasaten
dituzte, ez hizkuntzek; hots, "egoera" euskaldunona da, ez
euskararena. Ikuspuntu horrek, hizkuntza komunitatearen garrantzia azpimarratzeaz
gain, ERALDAKETA PROZESUEN PROTAGONISMOA ERABILTZAILEEI ematen die.
Hizkuntza komunitatea HIZKUNTZA BERA ERABILTZEN DUEN GIZA TALDEA da.
Hori da definiziorik errazena eta argiena. Hizkuntza komunitatearen
kontzeptuan, dena den, elkarren arteko harreman linguistikoez gain gauza
gehiago sartzen dira: jarrera linguistikoak (beren buru, gainerako hiztun
eta beste komunitatetako hiztunei buruzkoak), erabilera arauak (komunikazio
egokitasuna zehazten duten arau sozialak) eta integrazio sinbolikoa
(atxikimendu eta leialtasun sentimendu integratzaileak edota taldetik
ihes egiteko sentimenduak).
Hizkuntza komunitatearen kontzeptua EZ DAGO INONGO IRIZPIDE KUANTITATIBOAREN
MENPE. Hizkuntza komunitatea izateak bi hiztun badirela esan nahi du,
besterik gabe. Komunitate linguistiko guztiak berdinak dira, hobeki
esanda, berdintasun printzipioan oinarritu behar dira. Handiek biziraupena
ziurtatzen dieten baliabideak nahikotasunez erabiltzeko eskubidea baldin
badute (hezkuntza sistema, komunikabideak, ekoizpen kulturala...) hiztun
gutxikoek ere bai. Gure gizartean, aldiz, kantitatearen konplexua nagusitzen
da askotan eta eskubideak "handien" esklusibatzat jotzen dira.
MINORIZAZIO PROZESUETAN hizkuntza komunitateak deuseztatzen dira. HIZKUNTZA
KOMUNITATEAREN BERAREN IZATEA UKATZEN DA. Horrela, gizartearen analisia
hizkuntza aldagaitzat hartu gabe egitea gerta daiteke; edo, beste adibide
bat: komunitate linguistikoaren kontzeptua interes partikularrek asmatutako
ente abstraktu funtsik gabekoa dela entzun daiteke. Hori guztia komunitate
desegituratuen kasuan, noski. Nor ausartzen da frantsesez, alemanez
edo gaztelaniaz mintzo diren komunitateen indarra eta izaera ukatzera?.
Txepetxek oso irudi erabilgarria sortu zuen hizkuntza komunitate egituratuaren
ideia azaltzeko: Komunitate egituratu baten irudia Komunitatea egituratuta
dago hiztun osoak (AB eta BA) gunean kokatzen direnean, komunitatearen
GUNE SINBOLIKOA osatuz. Osatu gabeko hiztunak (A eta B) inguruan kokatzen
dira eta, guneak erakar indar nahikoa badauka, osatuko dira, bakoitzari
falta zaion gaitasuna eskuratuz. Periferian hizkuntza oraindik ikasi
ez dutenak daude. Osagaiak horrela kokatuta, komunitatea barnetik kanporantz
hazten da periferiakoak erakarriz. Gune sinbolikoa ahultzen bada, ordea,
hizkuntza komunitatea desegituratuko da , desagertzeko arriskuan egonik.
Hizkuntza komunitatearen kontzeptuari buruz gehiago irakurri nahi baduzu,
atal honetan azaldu ditugun ideia nagusien iturria diren bi liburu interesgarri
hauek kontsultatu ditzakezu:
* Molla T. Eta Viana A. "La comunitat linguistica" Curs
de Sociolinguistica 2, 9-39. orr., Alzira, Bromera, 1989. (Jatorrizkoa
katalanez dago, euskarazko itzulpena: lokin Zaitegi itzulpen laburren
III. Sariketa, AED, Arrasate) * Sanchez Carrion, J.M. Un future para
nuestro pasado. Claves de la recuperación del Euskara y teoria
social de las Lenguas., Donostia, 1987.
|