Heldu den ekainaren 19an Karrisolasa ekimenaren beste saio bat eginen dugu oporretara joan aitzin, 20.a dagoeneko, eta oraingoan Lorea Agirre kazetariaren iritziak izango ditugu hizpide.
Ekaineko Karrikan aurkituko dituzuen edukien artean, aipatzekoa dugu Iruñeko hainbat eragilek abian jarritako "Aldatuko dugu", Iruñeko hizkuntza paisaia aldatzeko kanpaina berezia. Eta horren berri izateko, hilabete honetako gure hilabetekarian kanpainako bultzatzailea den Kontseiluko kide batekin solasean aritu gara; Maite Inda, Kontseiluko ildo sozialeko buruarekin. Hark azaldu dizkigu kanpainaren nondik norakoak eta euskaldun gisa ekarpena nola egiten ahal dugun ere.
Maiatzeko Karrika gure artean dugu jada eta jorratutako gaien artean, bi azpimarratuko ditugu bereziki: duela jada 20 urte Donostiako Bagera elkarteak martxan jarritako Mintzalagun egitasmoaren arrakasta eta garrantzia eta Mikel Taberna idazle naparraren "Alkasoroko benta" deituriko lehenengo eleberria.
Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topaguneak hilero antolatzen duen Karrisolasa ekimenaren baitan, heldu den asteazkenean, hilak 15, euskal agerkari digitalak izanen ditu solasgai. Izan ere, ZuZeu atariaren 4. urtemuga dela eta, Euskal Herrian erreferentzia bilakatu diren agerkari digitalen inguruan arituko gara; Argia.com (aldizkari digitala), Sustatu (interneteko albistegia) eta Zuzeu bera (orainkari horizontala), besteak beste.
Heldu den hilaren 18an Karrisolasa ekimenaren beste saio bati helduko diogu eta Arrasateko Txatxilipurdi Elkarteak euskarara hurbiltzeko ahalegina egin zuten lagunei omentzeko eginiko "Hesian gainditzen" dokumentala hartuko dugu hizpide.
Apirileko Karrika aldizkari atera berrian ikusi ahal izanen duzuenez, hilabete honetan berriro helduko diegu gure Karrikadantza saioei eta, betiko legez, hitzordua hilaren hirugarren larunbatean izanen da arratsaldeko 18:30ean.
Martxoko Karrika kalean da jada eta jorratutako gaien artean Nafarroako Gobernuak Euskalerria irratiari ukatutako lizentzia, martxoaren 23an ospatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketaren final handia, IKAk martxan jarritako Milaka Argi kanpaina eta Korrika aurkituko dituzue.
Heldu den martxoaren 20ean Karrisolasa ekimenaren 17. saioari ekinen diogu eta Iker Martinez de Lagosek BAT Soziolinguistika aldizkariaren 84. zenbakian argitaratutako "Ziklo berri baterako GPS-a" izeneko artikulua hartuko dugu hizpide.
Hilero gisa, heldu den asteazkenean Karrisolasaren beste saio bat izanen dugu Karrikiri dendan iluntzeko 19:00etan. Oraingoan solasgai hartuko dugun gaia: “Nafarroako derrigorrezko hezkuntza eta euskara” izanen da eta horretarako Aitor Etxarte Berezibar irakasleak idatzitako artikulu bat hartuko dugu hizpide.
Labetik atera berri den Karrika aldizkarian Ainhoa Aranburu bertsolari eta bertsolaritza irakasleari egindako elkarrizketa interesgarria aurkituko duzue, euskaldun berriek bertsolaritzarekiko duten atxikimenduaren inguruan.